Teknologia albisteak
1

"Turtles can fly" filma irabazle Donostian

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu - sustatu
2004-09-26 : 13:09

Ikusleek eta epaimahaiak bat egin dute aurten. Bahman Gobadi zuzendari kurduaren Turtles can fly filmak irabazi du Urrezko Maskorra. Zuzendariak, «Filmean parte hartu duten haurrei eskaini zien saria, baita munduko kurdu guztiei eta Iran-i ere. Euskaraz ere egin zituen berba batzuk: "Mila esker eta betira arte" esanaz jaso zuen saria.

Xabier Mendigurenen Elizegik esan zigun, Kurduen tragedia oro har eta bereziki gerra jasan behar duten haurrena kontatu nahi digula zuzendariak film honetan. Ghobadi bera Irango parteko kurdua da, eta film honetan Irakeko kurduen errefuxiatu-gune batera garamatza, AEBek eta bere aliatuek Iraken inbasioari ekin baino lehentxeago, denak zer gertatuko zain daudela.

Ezaguna da filmetan haurrik edo animaliarik ez erabiltzeko aholkua, eta lege horren hankazgoratze handiena Ghobadiren pelikula dugu; izan ere, "Dortokek ere hegan badakite" honetan umeak edo gaztetxoak dira pertsonaia guztiak, bigarren mailako rolak dituzten pare bat zahar kenduta, eta primeran ari dira gainera.

Indar dramatikoa

Gerra eta umeak uztartzea salaketa malkotsu topikoa egiteko bidea izan zitekeen, baina Kiarostamiren ikasle izandako zuzendariak asmatzen du pelikulari egia-usaina ematen. Kak Satelite deitzen dioten mutiko bat da protagonista, saltsero eta liderra, kanpalekura iritsi berri den neskato bat gustatzen zaiona. Neskato honek, baina, historia lazgarri bat du bere atzean, bizitzeko gogo guztia kendu diona.

Istorio triste eta hunkigarri moduan hasten da filma, eta horrelakoek beherantz egin ohi dute sarritan; honek, ordea, gero eta indar handiagoa hartzen du. Aipagarria da, esate baterako, ume txiki bat mina pertsonalez jositako zelai batean sartzen deneko eszena luzea, Tarantino onenaren tentsioa daukana.

Filmak, azkenean, halako garratz-gustu bat uzten digu ahoan, herri kurduaren patuaren parekoa, Hussein haiek sarraskitu zituen kriminala izan baitzen, baina ez baitute itxaropenik orain sartzen diren amerikarrekin hobeto joango zaienik.

Xabier Mendiguren Elizegik asmatu du

Sustatuk zinemaldian izan duen kolaboratzaileak ez du hutsik egin. Asmatu ere egin du irabazlea nor izango zen. Horrela zioen Sustatu zaleek egindako galderari erantzunez:

  • Ba, baietz esango nuke. Dortokek ere hegan badakite, ikusi dugun filmik onenetakoa zen, igual onena ere bai. Ausarta eta gordina, baina bere gogorrean umorea erabiltzen ere badakiena. Eta gero kurduenganako solidaritatea dago; beraz, sarituko balute asko poztuko nintzateke. Gainera, sari handi batekin igual erakutsiko dute zine-areto komertzialetan, bestela nekez. Dena dela, gaur arratsaldean emango dute epaia eta auskalo.

Guk epaitzeko, edo beste barik ikusteko, pare bat hilabete itxaron beharko dugu. Denbora tarte horixe kalkulatzen dute Euskal Heriko zinema-aretoetan ikusi ahal izateko.

Erantzunak

Sustatu
2004-09-26 : 13:15



  • Zuzendari onenaren Zillarrezko Maskorra Yi geng mo sheng nu ren de lai xifilmearen zuzendari Xu Jingleirentzat.

  • Argazki onenaren saria Michael Winterbottomen Nine songs filmearen argazki zuzendariarentzat

  • Aktore onenen Zilarrezko Maskorrak: Brodre filmeko bi protagonistek, Connie Nielsenek eta Ulrich Thomsenek.

  • Gidoirik onena: Guy Hibbert eta Paul Greengrass OMAGH Pete Travis.

  • Aurten faboritotzat jo arren saririk ez zuen eraman Aristarainen Roma filmak.

Erantzun

Sartu