Txillardegiren lanetan lilurari uko egiteko arrazoi sendoak aurki daitezke; baina aldi berean amets baten alde eman du bizia. Zelan bildu muturreko bi joera horiek?
Txillardegiren lanean arreta deitu dion uztartze zail bat nabaritu du berriki Koldo Izagirrek: batetik, antigutarraren sakoneko ikuskera arras da desliluratua, behin eta berriz aldarrikatu baitu ororen ezinbesteko hil beharra, edozein liluraren iragankorra eta hutsala, amets politiko-linguistikoak barne; bestetik, baina, ekintza gizon beti engaiatua duzu, euskara berreskuratzeko proiektuei arnasa eta bizia ematen diena, nolabaiteko itxaropenik gabe behintzat nekez uler litekeena.
Ingurua aztertuz, eta batez ere nire burua, alabaina, uste dut ondoriozta daitekeela soilik lagun oso koherenteek eta oso ideologizatuek, kasurik ohoragarrienetan, edo, ia beti, beren superniaren txotxongilo baino ez direnek, kontuan hartzen dutela zer pentsatzen duten zerbait egin baino lehen.
(Gutxik pentsatzen dugu, bertzalde, eta muki luze ameslari batek apaintzen ohi gaitu.)
Baliteke Txillardegiri adimenak garbi erakustea guztiaren amaikortasuna eta ezdeuskeria, orobat ahalegin politikorik zuzenena, batik bat Unibertso itzelaren denboren eta neurrien aldean, baina aldi berean bihotzak deblauki eta itsu-itsuan eskatzen dio ahalik eta egitasmorik argienak eta eraginkorrenak asmatzea eta mamitzea bidegabekeria dela kausa hil-zorian den herri baten alde.
Gaurko egunez, duela 75 urte jaio zen Donostian Jose Luis Alvarez Enparantza, Txillardegi. Iraila hasieran omenaldia egin zion Elkar argitaletxeak urtetan euskararen aldeko borrokan egindako lanagatik.
Hainbat esparrutan aritu da lanean Txillardegi: gramatika, historia, narrazioa, nobela eta saiakera, besteak beste. Bibliografia osatua jasotzen da www.armiarma.com-en.
Biografia
Ingeniari ikasketak egin zituen Bilbon. 1976an Linguistikan lizentziatu zen Parisen. 1976-1981 epealdian Euskal Fonologia irakasgaia irakatsi zuen EUTGn. Gero, 1981-1982an, urte sabatikoa izan zuen Ameriketako Estatu Batuetan, Californiako U.C.L.A-n fonetika eta fonologia ikasteko. 1982tik aurrera, EHUko irakaslea da; gaur egun Irakasle Emeritua delarik.
Idazlea, hizkuntzalaria, goitizen hauengatik ere ezaguna: Larresoro, Igara,
Usako. Liburu asko argitaratu ditu, gehiengoak gramatika eta euskal hizkuntzarekin loturik. Eleberriak eta entsegu politikoak ere idatzi ditu.
Txomin Agirre saria jaso zuen 1968an, Elsa Scheelen eleberriarekin. Beste alde batetik, Andima saria jaso zuen Caracasen 1969an matematiken irakaskuntzarako sortutako liburuengatik. Euskal Gramatika liburuak Zilarrezko Lauburua jaso zuen Bilbon 1980an.
Euskaltzaindiako kide izateko bi alditan proposatu zuten baina ez zuten onartu arrazoi politikoengatik. Hirugarren aldiz proposatzera zihoazela berak eman zuen ezezkoa.