Dadud Aoulad-Syad marokoarrak, Dupeyron frantziarrak bezperan bezala, Europan sartu nahi duten emigranteen gorabeherak ekarri dizkigu bere filmean, Afrikako kostaldeko ikuspegitik kontatuta baina.
Emakume gazte bat da Miriam, Tarfaya filmeko protagonista. Lehorreko bere bizilekutik Fuerteventura uharte espainiarraren pareko herrixka batera iritsi da, nondik edo handik inguratu duen diru guztiarekin, beste alde horretara pasatzeko asmoz. Gauzak zaildu egingo zaizkio: iruzurren beldurra, kontaktu egokia lortzeko arazoak, bera limurtu nahian dabiltzan gizonezkoak uxatu beharra...
Abarrotsik eta melodramarik gabe erakusten zaigu gizarte-problema larri bat, Afrikako ikuspegitik baina. Europan kexu gara, "beltz" edo "mairu" gehiegi datozela-eta, geure bizimodu erosoa aldatuko den beldurrez; han, berriz, miseriatik alde egin nahia daukate, batetik, baina gazteek alde egin ahala gero eta etorkizun beltzagoaren susmoa, bestetik. Perspektiba aldatzen da, baina lotura hortxe dago; pertsonaia batek gure zibilizazioko gau-argiei begira dioen bezala, "Zenbat eta argiago han, ilunago hemen".
Filmaren asmatzeetako bat arazoa abstrakzioan kontatu ordez kasu jakin bat kontatzea izan da, drama orokorraren zantzuak ere ematen zaizkigun arren, han-hemen: itsasoak dakartzan gorpuak, txaluparen zain daudenen begiradekin egindako casting izugarria... Mataza, baina, Miriamen inguruan biltzen da, zenbait harirekin: bere lehengo etxekoandrearen jazarpena, polizia-buruaren gurari ilunak, Hassan gizajoaren desira...
Erritmo lasai batean dago kontatua filma, basamortu mugagabearen tankeran, irudi merkea onartzen bazait. Niri film irandarren estiloa etorri zait burura, jende normala gauza normalak egiten grabatze hori, nahiz eta komentario hau badaezpadakoa izan: zinema islamdarrean irandarrak besterik ezagutu ez eta haiekintxe lotu; iritsiko ahal da gehixeago ikasiko dugun eguna. Bitartean, maisu irandarren emozio-maila lortzen ez badu ere, ez da aukera txarra "Tarfaya" hau hango berri edukitzen hasteko.
IMDB datubaseko fitxa, oraingoz huts samarra:
Lotura oker dago ezta?
Honako hau uste dut dela egokia.