Teknologia albisteak
1

Komedia ala tragedia?

Erabiltzailearen aurpegia
Xabier Mendiguren Elizegi - Egunen harian
2004-09-17 : 16:09

Komediaren eta tragediaren artean igeri dabil "Melinda and Melinda" Woody Allen-en azken filma, Donostiako 52. Zinemaldiaren irekiera ofiziala markatzen duena. Ez hori bakarrik, komediaren eta tragediaren arteko joko hori bihurtu du Allen-ek istorioaren motor eta giltza.

Woody Allen-en filmei buruz hitz egitean zaila da ezer berririk esatea, berrogeitaka pelikula egin eta gero –eta dozena bat gutxienez edonork ikusi duenez gero– era guztietako iritziak entzun eta irakurri baititugu denok ere. Era berean esan liteke Allen jaunak, arrazoi beragatik, zaila duela ezer berririk egitea. Gauza bat du alde: bere karrera sendotu nahian ari den artista (edozein arlotan dela ere) dardarka hasten da "errepikatzen" ari dela esaten badiote; klasiko bihurtu denari, ordea, onartu egiten zaio errepika, eta kasik horrexen zain gaudela esan liteke, estilo bat definitzen duten ezaugarri horiexek ikustea (entzutea, irakurtzea) espero dugula.

Dena dela, Allen-en fabore esan dezagun, bere betiko ukituari, kezkei eta tik-ei ihes egin gabe, zerbait berri eskaintzen, arriskatzen saiatzen dela sarritan, eta ondo ateratzen zaiola behin baino gehiagotan. Film honetan hala gertatzen dela esango nuke.

"Melinda and Melinda"ren bereizgarri nagusia

Aurreratu dugun moduan, tragediaren eta komediaren arteko jolasa da. Idazle batzuk tabernan bilduta daudela hasten da filma, solasaldi atseginean bizitzaren funtsa komedia ala tragedia den berriketan; egoera jakin bat hasten dira imajinatzen, eta abiapuntu berarekin istorio bi eraikiko dituzte, bata alaiagoa eta bestea goibelagoa, bateko eta besteko pasarteak tartekatuz. Bitxikeria moduko bat da istorio bietan protagonista bakarrik dela berbera (Melinda, alegia, aktore bakarrak jokatua), eta gainerako pertsonaiak eta antzezleak desberdinak direla.

Txandakako tonu-aldaketa etengabe hori arriskua izan zitekeen, baina oso ongi lortua dagoela esango nuke. Lagundu ere egiten du horretan Woody Allen bera aktore ez izatea, jokalarien antzezpena neurtua baita, histrionismorik gabea; era berean, istorio tristean badira irribarrea pizten diguten uneak, baita hari alaian kezkatsu uzten gaituzten zatiak ere. Izan ere –eta hau izango da segur aski zuzendariak utzi nahi digun inpresioa– gazi-gozoa da bizitza, momentu batzuetan gozotik edo gazitik gehiago izan dezakeen arren; nondik begiratzen zaion izango da kontua. Filmaren une batean pertsonaia batek galdetzen dio beste bati ea bere malkoak pozezkoak ala saminezkoak diren, eta besteak erantzun: "Ez al dira gauza bera?"

Pertsonaiak: kultuak, adin ertaineko liberalak

Allen-en filmetan ohi den bezala, New Yorkeko gizon-emakume adin ertaineko liberal eta kultuak dira pertsonaiak, eta beren bikote harremanen ingurukoak buru-hausteak: senar-emaztearekiko nekea, maitemina, jeloskeria, infidelitatea, sedukzioa... Ez dakit denon bizitza ardatz horren jiran dabilen baina ikuslea barruan sartzeko dohaina du zuzendariak. Filma nirekin ikusten aritu den batek esaten zidan moduan, bere betiko neurak kontatzen ditu Woodyk, eta gu guztionak aldi berean. Allen bera aktore ez izatea filmaren onerako dela esan dut lehen, eta beste arrazoi bat ere emango dut: gizonezko ikuslearekiko identifikazioa bultzatu izan dute bere interpretazio uneoroko eta ia gehiegizkoek. Hemen, berriz, emakume bat da protagonista, bera ere neurotiko samarra, baina orekatuagoa da sexu bien rola. Hala ere, Allen onenari gertatu ohi zaion moduan, esango nuke emakumezkoen zuzendaritzan nabarmendu dela. Antzezleak ez dira oso ezagunak (niretzat behintzat), baina beste batzuetan legez pentsa liteke hemendik aurrera erruz igoko dela haien ospea eta cachet-a.

Aristotelesen "poetika"

Pedantekeria barkatzen badidazue, filma ikusi ahala Aristotelesen "Poetika" etorri zait burura: tragediaren mekanismoak ikertu zituen greziarrak bertan, oraindik ere gaurkotasuna duen azterketa batean. Komedia beste baterako utzi zuen, gero idatzi ez bazuen ere (edo ez da agertu behintzat: balizko liburu horren bilaketa bihurtu zuen Ecok "Il nome della rosa" eleberriaren kakoa). Allen-i dagokionez esan liteke beti gustatu izan zaizkiola bi generoak: dramarena eta komediarena. Garai batean, baina, aparte eraman zituen bi ildoak: komedia txoroak ziren "Bananas" edo "Take the money and run", eta drama serioak –Bergman maisuaren eraginpekoak– "Interiors" edo "Hannah and her sisters". Momentu batetik aurrera, ordea, biak nahasten hasi zen, eta ordutik esan liteke bestelako sakontasun bat irabazi dutela Allen-en filmek. Segi dezala aurrera.

Erantzunak

azpi
2004-09-17 : 17:11

Melinda and Melinda filmaren informazio gehiago IMDb webgunean.


Erantzun

Sartu