Euskararen egoera txukuntzeko
2004-09-10 11:09
Kontua da gizakiei onartzen diegula hiritartasuna, gizakiak baino ez ditugula zenbatzen estatistiketan.
Eta gizaki hutsekin, dirudienez, ez dago zereginik, pikutara doake euskara. Ikaragarria da, kasurako, erdararen nagusitasuna hedabideetan.
Dena den, Txillardegiren gogoetek bestelako ate bat ireki diote esperantzari.
Gaurdaino, erdi onartutzat-edo jo dugu gizakia gainerako animaliengandik bereizten duena teknologia eta kultura dela, eta bion oinarrian mintzamena dagoela.
Mintzodunei ematen diegu hiritartasuna, mintzodunak sartzen ditugu estatistiketan.
Gormutuak barne, jakina. Ahozko hizkerari ez diogu ezein gailentasunik aitortzen.
Horra hor gakoa. Txillardegik usu nabaritu du, batetik, gizakion funtsezko aberetasuna; bestetik, tximinoen gaitasuna gormutuen zeinu-hizkuntzak ikasi eta erabiltzeko. Honen berri ez duenak benetan txunditu nahi badu, irakur dezala UZEIren Hizkuntzalaritza hiztegiko Mintzamena gizonetik at artikulua.
Washoe, Moja, Lucy, Bruno primateak ezagutuko ditu bertan, Ameslan (American Sign Language) delakoaz mintzo, hots, AEBetako gormutuen zeinu-sistemaz, ehundaka hitz erabiliz, hitz berriak sortuz (Washoek ez zuen ahate hitza ezagutzen, eta ahate bat lehenbizikoz ikusi zuelarik, water bird bataiatu zuen, ur txori), txinpantze elebidunak ahozko ingelesa entzun eta Ameslanera itzuliz...
Alegia, gizakion eta tximinoen artean ez dago alderik. Mintzamenaren aitzakiarenarekin batera, gure berezitasunarenak ere egin du.
Zeregin garrantzitsu bat dugu aurrerantzean euskaltzaleok: milaka tximino erosi, Ameslanen pareko Euzehizk(Euskarazko zeinu-hizkuntza) bat sortu (konplikatuagoa izan zen euskara batua), tximinoei irakatsi eta ondoren tximino euskaldunok ere estatistiketan zenbatuak izan daitezen erdietsi, hedabide erdaldunek arroztu ditzaten baino lehen. Gainera, auskalo, baliteke gizakiok bezain traidoreak ez izatea hedabide arrotzetara lerratzeko orduan.
Txillardegiri eskertu behar diogu aukera itxaropentsu honi ere bide teorikoa zabaldu izana.
Markos Zapiain
Erantzunak kargatzen...