Sustatu logoa Teknologia albisteak

GOIENKARIAK 18.185 aleko difusioa dauka OJDren arabera

Komertzial Saila - Goiena
2004-09-08 12:09

GOIENKARIA, Debagoieneko astekaria, OJD erakundeak ikuskatzen du. OJD erakundeak idatzizko eta Interneteko hedabideen tirada eta difusioa zenbatu eta kontrolatzen ditu.

Gaur egun, 835 idatzizko hedabideren tirada (inprimatzen diren aleak) eta difusioa (benetan saldu edo banatzen direnak) kontrolatzen ditu erakunde honek.

Horretaz gain, 134 hedabide elektronikoren trafikoa (ikusitako orriak eta bisitak) ere kontrolatzen du.

Espainiar Estatuko eta Euskal Herriko egunkari eta aldizkari nagusiak daude OJD erakundearen kontrolpean.

Ordainduzko zein doaneko idatzizko hedabideak kontrolatzen ditu: interes orokorrekoak, tematikoak, profesionalei edo publiko konkretuari zuzenduak…

Batik bat iragarle, publizitate agentzia edota editoreen artean hedabideen tirada, difusioa eta banaketaren gaineko informazioa zabaltzea da OJD erakundearen egin beharra.

Goienkariaren ezaugarriak

  • Debagoieneko 9 herritan banatzen da (Aramaio barne), ostiraletan, euskara hutsez.
  • Edizio komun bat eta beste hiru edizio ditu (Arrasate Press, Berrigara eta Aretxagazeta). 7 herri aldizkari batzen dira bertan.
  • Ibarreko euskara elkarteek sortutako Goiena multimedia enpresak kudeatzen du Goienkaria.
  • Astelehenetan ere, iazko abendutik, badago 32 orriko agerkaria, Asteleheneko Goienkaria. Batik bat, asteburuan gertatutako ekitaldien errepaso sakona egiten duena. Harpidetza bidez jaso daiteke.

OJD erakundeak egindako azterketaren arabera, GOIENKARIA astekariak batez beste 18.228 aleko tirada eta 18.185 aleko difusioa dauka.

GOIENKARIA da OJD erakundeak ikuskatzen duen lehenengo euskarazko tokiko aldizkaria.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu