Sustatu logoa Teknologia albisteak

SOS: Larrabetzuko "Hori Bai" gaztetxea bota gura dute

1965ean sortu zen HORI BAI Gazte Elkartea eta Larrabetzuko Andra Mari 23 kaleko eraikina hartu zuen etxetzat, gaztetxetzat. Zenbakiak hainbeste maite dituztenak atoan konturatuko dira datorren urtean 40 urte beteko direla HORI BAI sortu zenetik. Orain bota egin gura dute.

Orduan 20 urteko gazteak zirenak gaur egun 60 urteko aitona-amonak dira, orduan 15 urteko seme-alabak zirenak gaur 55 urteko aita-amak dira. Larrabetzuarren 4 belaunaldik HORI BAI izan dute gaztetako amets eta ilusioen sorleku.

Kultura

Urte hauetan guztietan HORI BAIk egindako aportazio kulturala itzela izan da, ez bakarrik Larrabetzuko herriari egindakoa, ez bada Euskal Herri osoari egindakoa.

  • Urte hauetan guztietan Euskal Herriko ia musika talde eta bakarlari guztien doinuetara dantzatu dugu Hori Baien
  • Urte hauetan guztietan Euskal Herriko ia idazle guztien hitzak entzun ditugu Hori Baien.
  • Urte hauetan guztietan Euskal Herriko ia bertsolari guztien azken puntuak kantatu ditugu Hori Baien.
  • Antzerki emanaldiak, hitzaldiak, ikastaroak, tailerrak, euskara ikasteko eskolak, mendi taldea…

Horiek guztiek Hori Bai gaztetxea izan dute aterpe. Baina Hori Bai Gazte Elkartearen jarduna ez da gaztetxeko lau hormetara mugatu. Herriko eragile kulturalekin batera urtero-urtero hamaikatxu ekitaldi antolatzen ditu, hala nola gabonetako kultur ekitaldiak ( Olentzeroa, euskal liburu eta diska azoka, gabon eguneko bertso-saioa…), inauteriak Guraso Elkartearekin batera, San Migel jaiak, San Juanak, azken 20 urteotan Bizkaian erreferentzia ezinbestekoa izan den Gazte Eguna, mendi irteerak, Durangoko azokara irteera, Nazioarteko Kultur Topaketak ( Portugal, Hungaria, Andaluzia)… orri bakarrean sartu ezineko zerrenda luzea.

Kultura autogestionatua

Eta hori danori autogestioan oinarrituta lortu da, ilusioaren indarraz lortu da, gogoaren eta ekinaren podazuz. Eta hori berori da barkatzen ez digutena. Baina zergatik?

Botatzeko agindua onartu du Udalak

Joan den irailaren 3an Larrabetzuko udalak, Gobernu Batzordean, Bizkaiko Gotzaindegiak Hori Bai botatzeko egindako eskaerari baietza ematea onartu zuen. Eta ez dira kapaz izan guri jakinarazteko, ezta gutun bidez ere, ez digute inolako alternatibarik proposatu . Zergatik bota gura dute HORI BAI? Zer egiteko? Guk dakigula, ez dago inolako proiekturik, orduan, zein dira benetako arrazoiak?

Agiri honen bitartez euskal kulturaren alde lan egiteko gure konpromisoa berretsi eta arrazoi bako erabakien kontrako gure salaketa irmoa agertu gura dugu.

HORI BAI ZUTUNIK !
GAZTETXEEN KONTRAKO ERASORIK EZ !

HORI BAI Gazte Elkartea
Andra Mari 23
Larrabetzu

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu