Agur esateko ordua
Irailaren 1ean hasi nintzen berriro lanean HUHEZIn, Mondragon Unibertsitatearen Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean. Lankideak agurtu, oporretako kontuak elkarri esan, eta hasi gara poliki-poliki laneko kontuetan murgiltzen.
Berez, lehenago itzuli behar nintzen fakultatera, ekainaren 15a ezkero banuen-eta senda agiria, baina zenbait gorabehera ezusteko izan nituen, eta horiek atzeratu ni itzultzea.
Lehen ezustekoa: tronbosia
Ekainaren 18an, prestatzen ari nintzela aurtengo Musikaire jaialdien lehen ekitaldira joateko, zerbait arraro sentitu nuen ezker hankan: presio handia egiten zidan izterrak, eta hankako sagarrak gogor-gogor nituen. Pieza batzuk entzun eta etxera egin nuen, oinez eta kostata, nahiz eta bidea laburra izan. Biharamunean ere, irten kalera, ibili apur bat, eta ezin aurrera egin.
Hori ikusita, deitu egin nuen Galdakaora. Zorionez, nire medikua zegoen guardian, Jesus Ojanguren. Hara joateko agindu zidan, zenbait galdera eginda. Joan eta berehala, begiratu egin zidan: honek trombosi baten itxura guztia du, esan zigun, beraz, ospitaleratu egin beharko zaitugu.
Sei egun egin nituen ospitalean, Kardiologian. Eco Doppler bat egin zidaten, ekografia berezi bat, eta hark salatu zuen zaineko tronbosi partziala izan nuela, ezkerreko femoro poplitean.
Galdetu nienean medikuei zerk eragin zidan tronbosia, ez zidaten gauza argirik esan. Batek esan zidan gauza asko izan ditudala azken bi urteotan, eta horrek zerikusirik izan lezakeela nik izan dudanarekin, baina oso zaila egiten zaiela esatea zehatz-mehatz zerk eragin duen tronbosia.
Sei egun haietan bi gelakide izan nituen: gizon zahar bat, 91 urtekoa, sarkoma zuena, hezur-muineko tumore gaizto bat, eta itotzen ari zena, arnasarik hartu ezinik. Harekin nengoela, Miren alaba etorri zitzaidan bisitan, kosta ahala kosta ni bisitatu nahi zuen-eta, nahiz eta jakin alboan zegoela gaixo hura, gaizki pasatzen. Hura bigarren gauean hil zen, asko sufrituta. Familia, berriz, han izan zuen, aldi oro bere ondoan.
Bigarren gelakidea gazte bat izan zen, 35 urtekoa, zeinek bihotza erabat hondatuta baitzuen. Mutil alaia zen, oso, euskaldun berria, eta lagun onak egin ginen.
Tronbosiaren ondorioz, sei hilabetean galtza estu berezi bat jantzi beharko dut ezker hankan. Halaber, Gabonak bitartean Sintrom hartu beharko dut egunero, pilula bat odola mehetzeko. Hori dela eta, noizean behin Elorrioko anbulatoriora joaten naiz odol analisiak egitera, eta han izaten naiz erretiratu koadrila batekin, denak Sintrom kontsumitzaileak.
Arrasate-Oñati lasterketak itxaron egin beharko du, urte berria arte ezin izango dut-eta bat ere arineketarik egin, medikuek horrela aginduta. Hala ere, datorren urtean ez bada, hurrengoan izango da, ez bainago hain erraz amore emateko gertu.
Bigarren ezustekoa: herpesa
Galdakao utzita, ekainaren 30ean fakultatera joan nintzen, lanean hasteko asmotan. Hiru egun baino ez nituen egin. Handik aurrera, hasi nintzen min handia igartzen ahoan eta eztarrian. Galdakaon botika bat eman zidaten, onddo batek eragindako gaitza izango zelakoan. Hiru egun egin nituen horrela etxean, baina ahoa gero eta okerrago.
Horiek horrela, uztailaren 8an, berriro ospitaleratu ninduten, oraingoan Hematologian, trapu zahar bat eginda, eta sukarra gainetik kendu ezinik. Gastroskopia bat egin zidaten, hau da, hodi bat sartu ahotik urdailera, buruan telebista kamera txiki-txiki bat zuela. Ez zen oso atsegina izan: hango botagura, hango korroskadak eta hango larrigura! Bigantxa hiltegian nola, halaxe sentitu nintzen ordu laurden hartan mahai haren gainean.
Esofagitis herpetika. Horixe omen nuen. Herpes batek eragin zizkidan ahoan eta heste gorrian ultzera handiak, eta horiek eragozten zidaten normal jatea. Medikuen esanetan, horrelako infekzioak normaltzat hartu behar dira nire kasuan, oraindik immunosupresore bat hartzen ari naizelako, Prednisona. Horrelakoetan, defentsak apalago egoten dira, eta, ondorioz, infekzioak errazago harrapatzen.
Tratamendua ezarri zidaten, eta egun batzuen buruan, askoz hobeto nengoen. Hala ere, sei kilo argalago irten nintzen ospitaletik, eta oso ahul. Horregatik, oso ondo etorri zaizkit abuztuko oporrak, indarberritzeko.
Martxoan, liburua
Joan den ekainaren 1ean, Bordaberria izeneko lagunak proposamen bat egin zidan Sustatun bertan:
> Kaixo Joxe, zorionak eta beste erronka-helburu jarri nahi dizut: zergatik ez duzu zure esperientzian oinarritutako liburu bat prestatzen 2004ko Durangoko Azokarako?
Durangorako ez, baina datorren urteko martxo inguruan, liburu bat kaleratuko dugu Elkarlanean argitaletxearekin batera, eta hor agertuko dira bi urte hauetan Sustatun idatzi ditudan artikulu guztiak, eta berauek eragin dituzten hainbat erantzun.
Liburuak izena eramango du Medikuak Esan Dit Minbizia Dudala, lehendabiziko artikuluak eraman zuen berbera.
Eta hortxe bukatuko da gaixoaldi honen lehen atala. Lehen atala diot, ez baitakit zer gertatuko zaidan aurrerantzean, berriz ere gaixotuko ote naizen
Mila esker artikulu hauek irakurri eta zuen berotasuna helarazi didazuen guztioi. Zuek eman didazue aurrera egiteko adorea. Maite zaituztet.
Nahi badituzu irakurri aurreko artikuluak, Sustatun argitaratu ditudanak nire minbiziaren inguruan, hementxe dituzu. Klik egin testuaren gainean eta irakurri.
- Medikuak esan dit minbizia dudala.
- Eskerrik asko denoi ospitaletik!
- Hasi naiz kimioterapian.
- Nola esan zure alabatxoari minbizia duzula?
- Burusoil baten memoriak
- Berri onak: tratamendua aldatu didate
- Minbizia tarteko, ez didate berritu gida baimena
- Neuk ere hartu dut EPO
- Bete dut hirugarren zikloa, kimioterapian
- Nire hezur-muina garbi dago
- Santanderrera noa, transplantea egitera
- Urtebete minbiziarekin
- Valdecillako ospitalea, hitzez hitz
- Minbiziaren arrastorik ez, oraingoz
- Berriro agertu zait erretxazoa
- Nire gaixotasuna sendaezina da
- Uztailean senda agiria emango didate
Erantzunak kargatzen...