Teknologia albisteak

Internet Archive harribitxiaren 30 urteak

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2026-05-12 : 12:15

Internet Archive webgune eta proiektuak (Archive.org) 30 urte bete zituen joan den igandean, maiatzaren 10ean. Bere lehen funtzioa izan zen Interneteko webgune eta orrien hemeroteka bat osatzea, une jakinetan "argazki" modukoak artxibatuz. Hori egiten jarraitzen dute, baina beste artxibatze / dokumentatze aukera askoren artean bat gehiago da orain eta zehazki Wayback Machine deritzo tresnari orain, "Atzera-begirako Makina". 30 urteak 1996ko atzera-begirako blog sarrera batekin ospatu dute, baina era berean beraien funtzio eta etorkizuna zalantzan dago, Interneteko argitaratzaile batzuek ateak itxi nahi dizkiotelako Internet Archiveri.

Milaka milioi orrialde gorde ditu Internet Archivek urteotan, eta kasu askotan URLak, artxiboak eta webgune osoak desagertu ahala, haien Internet Archiveko orri-kopia da geratzen den bakarra. Wikipedian bertan milioi bat baino erreferentzia gehiago daude Internet Archiveko orrietara, non URL originala desagertu den, baina oraindik testua eta informazioa berreskuratu daitekeen.

Baina etorkizunera begira hemeroteka horren jarraipena zalantzan dago. Azterketa baten arabera 243 albiste-argitaratzaile global ari dira blokeatzen Internet Archive bere orrietara sartzen. Aitzakia gisa adimen artifizialeko bot-en kontrako borroka da kasu gehienetan, trafiko eta gainkarga hori gainetik kentzekoa, baina bot horien funtzioa eta Internet Archiverena oso desberdinak dira. Batzuek dena kopiatzen dute beren AA sistemekin negozioa egiteko, eta Internet Archivek irabazi asmorik gabeko hemeroteka bat egiten du, ez edukia ber-prozesatu, baizik eta informazioa geroratu. Blokeoa egiten duten erakundeen artean The New York Times, Le Monde edo The Guardian bezalako hedabide inportanteak daude.

Internet Archiveren kontrako blokeo horren aurrean, erreakzio bat piztu da: mundu anglosaxoiko 200 kazetarik eta sortzailek baino gehiagok, izen inportanteak tarteko, ekimena jarri dute abian: Save The Archive. Albisteen eta historiaren kontserbazioari funtsezkoa irizten diote (baita guk ere Sustatun): hona ingelesezko gutunaren testua

Urtebeetzearen ospakizunera itzulita, ikus hemen nolako argazkiak berreskuratu dituzten 1996ko Internetetik. Artxibo anglosaxoi bat da, ale gutxi batzuetako argazkiekin, zeunetan dauden oraindik bizirik dauden proiektuak (The Onion, adibidez), edo beste batzuk desagertu direnak (Ask Jeeves bilatzaile originala, Spice Girls taldearen zaletuen webgunea, SpiceGirls.com). Selekzioan denak dira ingelesezkoak, baina artxibo originalean ba ote dago euskarazko edo euskal edukirik? Ez dakigu. Kaixo.com webgune beteranoaren lehen artxibo-irudia 1998koa aurkitu dugu guk.

Erantzun

Sartu