Teknologia albisteak

Commonseko urteko argazkiak: Gaza suntsituta, foka kumea, tximista ionosferikoa

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
gaur : 10:33

Wikipediaren irudi eta fitxategi bildumak, Wikimedia Commons-ek, bere urteko argazki onenen lehiaketaren emaitzak jakinarazi ditu. Hilabete batzuetako hautaketa prozesuaren ondoren (ikusi proposamenak, ikusgarriak dira), hiru hautatu dituzte.

2025. urteari dagokion lehiaketa izan da orain ebatzitakoa, baina garaiaren testigantza gisa, lehen saria Gazako suntsipenarena da, eta izatez 2023an egin zen argazkia. Rimal auzunea da Gazako zerrendangoian ikusten dena, aire eraso baten ondoren. Argazkilariaren izena anonimoa da, WAFA albiste agentzia palestinarraren autoretza du.

Bigarren saria, hondartzan lo geratu den foka kumea, Namibian. Arctocephalus pusillus espeziekoa da eta Giles Laurent da egilea.

Hirugarren saria espaziotik egina da. Nazioarteko Espazio Estazio edo ISS-tik Nichole Ayers astronautak egin zuen. Argitasun batzuk iluntasunean, eta lurraren esfera igartzen da gauez... baina erakusten duena fenomeno harrigarri bat da.

 

Zoom eginda ikusiko dugu hobeto dena delakoa: tximista gain-atmosferiko bat, oinaztarri ionosferikoa... Gauzak oraindik ez du artikulurik euskarazko Wikipedian (ingelesez hemen daukazue). Coahuila (Mexiko) gainean gertatu zen hori 2025eko uztailean.

Argazki hauek, Commonseko guztiak bezala, irudi askeak, libreki berrerabilgarriak (aitortza eginez gero kasu batzuetan).

Erantzun

Sartu