Teknologia albisteak

Euskal entitateek .eus domeinuaren balioa berretsi dute

Erabiltzailearen aurpegia
atzo : 08:30

PUNTUEUSek .eus domeinuaren eta euskal Interneten errepaso sakona aurkeztu du; horretarako, elkarren artean osagarri diren bi ikerketatren emaitzak zabaldu ditu: CIESek egindako merkatu-pertzepzioaren azterketa eta PUNTUEUS Behatokiaren urteroko txostena. CIESen azterketaren arabera, Euskal Herriko erakundeen % 78k ezagutzen du .eus domeinua, eta identitatearekin (8/10) eta komunitatearekiko konpromisoarekin (7,6/10) lotzen dute. PUNTUEUS Behatokiak inoizko datu zehatzenak lortu ditu: Euskal Herriko webguneen % 20k du edukiren bat euskaraz, % 74k .EUS webguneetan .eus domeinua % 4,6 hazi da 2025ean, 16.393 izen lortuta; mundu mailako domeinuen hazkundea (% 1,2) ia laukoiztu du.

 

CIESen txostenak, 2025 amaieran Euskal Herri osoko enpresa, elkarte eta administrazio publikoen artean egindako 422 telefono-elkarrizketetan oinarrituta, 137.032 entitateko unibertsoaren pertzepzioa aztertu du. Ikerketa honen arabera, entitateen % 56k du gaur egun webgune propioa (77.000 inguru), baina jarduera eremua lokala denean webgunea izateko probabilitatea txikiagoa da. Testuinguru horretan, .eus domeinuaren ezagutza maila oso altua da, inkestatuen % 78k ezagutzen baitu, eta % 59k haren existentzia beharrezkotzat edo oso beharrezkotzat jotzen du.

MERKATUKO PERTZEPZIOA: IDENTITATEA ETA KONFIANTZA

CIESek egindako ikerketaren arabera, .eus oso modu sendoan lotzen da euskal identitatearekin (% 51), euskararekin (% 9) eta erakunde publikoekin (% 4). Hamar puntuko eskalan, entitateek identitate-zigilu gisa baloratzen dute (8 puntu), baita komunitatearekiko konpromisoagatik (7,6) eta ematen duen konfiantzagatik ere (7,3). Kontratazio ohiturei dagokionez, domeinu bat aukeratzeko arrazoi nagusiak xede-publikoaren identitatea (% 19) eta gomendioak (% 16) dira, eta .eus-en kasuan, hautu hori beste domeinuetan baino modu hausnartuagoan egiten da. 

Erabiltzailek kontratazio-esperientzia oso positiboa nabarmendu dute; inkestatuek adierazi dute prozesua erraza izan dela eta webguneek ongi funtzionatzen dutela. .eus-ek kontratazio-esperientzian % 82ko asebetetzea lortu du, sektoreko % 70eko batez besteko orokorraren oso gainetik. Asebetetzea ez ezik, fideltasuna ere oso altua da: leialtasun hori sakonago neurtzeko, Net Promoter Score (NPS) metrika erabili da; tresna honek bezeroek produktu edo zerbitzu bat gomendatzeko duten joera neurtzen du. .EUSen kasuan, emaitzak oso adierazgarriak dira: % 49 sustatzaileak dira. Horrek esan nahi du entitateen ia erdiek aktiboki eta zabal gomendatzen dutela .eus domeinua. 

Begirada hurrengo urtean jarrita, 25.000 entitatek domeinu berria erregistratzeko asmoa adierazi dute, eta horietatik 5.400ek .eus-en aldeko apustua egingo dutela adierazi dute.

EUSKARA EUSKAL INTERNETEN

PUNTUEUS Behatokiaren 2025eko azterketak, berriz, euskal interneten inoizko argazkirik zehatzena eman du.Izan ere, Bright Data-k bultzatutako The Bright Initiative-rekin egindako elkarlanari esker neurketa-metodologia hobetu da;  haien teknologia txertatzeak orain arte detektatu ezin ziren milaka webgune aztertzea ahalbidetu du, eta horrek datu are eta errealagoa azaleratu du:Euskal Herriko webgune aktiboen % 20k du edukiren bat euskaraz. Orain arte, uste genuen, % 15 zirela euskaradun webguneak, baina gehiago direla jakiteko gai izan gara. goera hori ezkutuan zeuden edukien ikusgarritasuna azaleratzeko egindako hobekuntza teknikoari dagokio.

Euskararen presentzia digitalean joera positibo nagusia erabiltzaileen ohituretan dago (% 0,6ko igoera),  datua apala izan arren nabigatzailea euskaraz konfiguratuta dutenen kopuruak gora egiten jarraitzen baitu. Nabigatzaileen hizkuntza-ezarpena funtsezko seinale digitala da, edukien eskaintzan zuzeneko eragina duena eta euskal komunitatearen kontzientzia digitala islatzen duena.

Beste behin, emaitzek erakusten dute domeinu baten edo beste baten aldeko hautuak eragina duelka hizkuntzaren erabileran. Horrela, .EUS domeinua da euskararen arnasgune nagusia, webguneen % 74k darabailte euskara. Aldiz, .COM edo .ES bezalako domeinu generikoetan euskararen erabilera askoz apalagoa da, % 15,3 eta % 9,8 hurrenez hurren. Hala, bistakoa da .EUS domeinuak euskararen bizitasun digitala bermatzeko duen garrantzia.

.EUS DOMEINUAREN EBOLUZIOA

.EUS domeinuak hazkunde bide sendoari eutsi dio 2025ean eta 16.393 domeinu-izen metatu ditu. Hazkunde tasa hau (% 4,6) mundu mailako gTLD nagusien batez bestekoa (% 1,2) baino ia lau aldiz handiagoa da, eta euskal identitate digitalak duen indarra eta dinamismoa berresten ditu. Gainera, erabiltzaile bereziki fidelak ditu .EUSek eta nabarmen gainditzen ditu merkatuko joerak, komunitate oso egonkorra dela erakutsiz: .EUS domeinuen kasuan 10etik ia 9k berritzen dute urtero; beste TLD edo domeinu generikoetan, aldiz, 10etik 7 inguruk soilik berritzen dute domeinua.

Domeinuaren erabilera gizarteko esparru guztietara zabaldu da. Banaketa tipologikoari begiratuta, enpresak dira nagusi, baina elkarteek, erakunde publikoek eta hezkuntza zein euskara arloko proiektuek ere pisu garrantzitsua dute.

Geografikoki ere, .EUSek Euskal Herri osoa egituratzen du. Gipuzkoak (% 40,3) eta Bizkaiak (% 32,3) pisu handiagoa izan arren, Araba, Nafarroa eta Ipar Euskal Herriko presentzia aintzat hartzekoa da. 

Erantzun

Sartu