Bi urtetik behin antolatzen du UEMAk Udalerri Euskaldunen Eguna, udalerri euskaldunen ekarpena festa giroan ikusarazteko eta aurrera begira dituzten erronkak nabarmentzeko. Aurten tokatzen da, eta gaur zortzi egingo da, datorren maiatzaren 16an, Otxandion.
UEMAko kide 120 udalerri dira, baina Udalerri Euskaldunen Eguna zabalago hedatzen da, UEMAkide ez direnentzat ere. "Udalerri euskaldun guztien eguna da, ez UEMAko kide direnena soilik. Aspaldi erabaki zen egun hau udalerri euskaldun guztion bilgune izatea, UEMAko kide izan ala ez. Gaur egun, guztira, 175 udalerri inguru dira Euskal Herriaren luze-zabalean udalerri euskaldunak. Biztanleen %70etik gora euskalduna dutenak. Udalerri hauek egundoko ekarpena egiten diete euskararen normalizazioari", iritzi dio UEMAk.
Aurten, Otxandioko Udala eta UEMA elkarlanean hasi ziren eguna antolatzen, eta berehala elkartu zitzaizkien Otxandioko hainbat talde eta elkarte. Guztien artean honako egitaraua osatu dute maiatzaren 16rako.
Otxandioko euskara zinegotzi Maider Arejolaleibak nabarmendu duenez, “Otxandio udalerri euskalduna da, eta harro gaude otxandiarron izaeraren eta nortasunaren ezaugarri nagusienetakoa euskara izateaz, euskaldunak izateaz. Horregatik, pozgarria da Udalerri Euskaldunen Eguna herrian izatea. Ilusioz aritu gara lanean azken hilabeteotan, eta maiatzaren 16an ilusio horretara batzeko deialdia egin nahi diegu herritar guztiei. Hasieratik, gainera, argi izan dugu honek ezin zuela izan UEMAren eta Udalaren arteko kontua soilik, ekimen herrikoia baizik. Herriko elkarte eta eragileei dei egin diegu elkarlanean eguna antolatzeko, eta bikain erantzun dute”.
Udalerri Euskaldunen Eguna baliatuko du UEMAk bere urteko Batzar Nagusi egiteko ere.
Informazio gehiago, hemen.
Erantzun
Sartu