Sustatu logoa Teknologia albisteak

Nola bizi Microsoft gabe

Dick Turpin
2004-09-06 13:09

Gero eta jende gehiago ari da alternatiba bila Microsoften tiraniatik alde egiteko. Webgune bat ere sortu da jende horrek ahalik eta informazio gehien izan dezan.

Birusak direla, eskaturik gabeko publizitatea dela, Redmond-eko konpainiaren jarduera monopolista dela… jende eta enpresa asko kokoteraino daude Microsoft-ekin, eta begira hasi dira, non aurkituko alternatiba serio bat: batzuek Linux aldera begiratzen dute, beste zenbaitek nahiago dituzte beste programa batzuk, nahiz eta horiek jabedunak izan.

Horientzat guztientzat webgune bat sortu da, Living Without Microsoft, eta hor garbi esaten da zein den toki horren helburua: alternatiba errealistak eskaintzea Microsoften softwareari. “Gure helburua da —diote agurrean— informazio zehatza eta analisia eskaintzea Microsoft ez diren beste enpresek egindako programen gainean, eta eztabaida piztea zer onura eta zer arazo izan ditzakezun aukeratzen baduzu irtenbide bat, Microsoft-ena ez dena”. Halaber, webgune honek informazioa eskaintzen du legearen eta industriaren gorabeherez, eragina izan baitezakete softwarea aldatzeko orduan.

Ez omen da Bill Gates-en kontrakoa

Webgunearen arduradunek, baina, argi utzi nahi dute webgune hau ez dela toki bat Bill Gates-en kontra egiteko, edo txoko bat Linux fanatikoentzat. Orobat, ez da webgune bat erabat eta bakarrik eskainia software libreari.

“Sortu genuen Living Without Microsoft zeren hain da izugarria Microsfoten nagusitasuna merkatuan, non jende askok uste baitu benetan ez dagoela alternatibarik hark egiten duen softwareari. Kasu askotan badago alternatibarik eta gure xedea da zuri laguntzea behar duzuna aurkitzen”.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu