Artikulu teknikoa da hau, HTMLa eta estandarrak interesatzen zaizkizuenontzat. Zu, HTML garatzaile: hasi zara estandarrekin lan egiten?
HTMLaz webguneak garatzeko bi modu nagusi daude:
- Kodearen kalitateaz arduratuta, estandarrak betez eta "hacking-a" ahal den neurrian alde batera utziz.
- Kodearen kalitateari kasurik egin gabe, ametsetan imaginatu dugun itxura esaktu hori gaizki fabrikatutako nabigatzaile batean ikusteko beharrezko zikinkeria guztiak egitea.
Mundu mailako diseinatzaileak aspaldi aspertu dira bigarren bide honekin, eta horren testigu dira Web Standards Project edo Zeldman-en guneari egiten zaion jarraipena.
Bai, pixka bat gehiago ikasi behar da. XHTML pixka bat, CSS2 beste apur bat, maketatzeko moduak eta abar. Baina onurak ikaragarriak dira. Adibidez:
- Pisua: Sustatu zaharrak 100KB okupatzen zituen, irudi eta guzti. Sustatu berria 50KB ingurura jeitsi dugu, eta hori 20KB inguruko irudia dakarren sail berria gehituta.
- Kodea birziklatzea: honen antzeko beste edozein webgune sortu nahi duenak kode garbia izango du, eta diseinua eta maketazioa edukiaz aparte daudenez, kode reziklagarria hor daukagu. (bere Squishdot-erako nahi duenak eska dezala)
- Irisgarritasuna: itsuek, nabigatzaile edo ordenagailu zaharra dutenek, edo bista txarra dutenek erraz asko irakurriko dituzte testuak. Agian ez dute hain polita ikusiko, baina testuak ongi irakurriko dituzte.
- Maketatzeko taularik ez!: HTML taulak ez dira maketatzeko, taula moduko datuak aurkezteko baizik. Dokumentuaren egitura izugarri sinpletzen da. Begiratu bestela orrialde honen HTML kodeari.
- Aukera berriak erraztea: bihar edo etzi eskumako menuan aukera berriak jarri nahiez gero, nahikoa izango da h1, eta li markekin gehitzea. Besterik ez da ukitu behar.
- Diseinu aldaketak erraztea: kolore edo irudiekin aspertzen bagara, erraz asko aldatu ahal izango dugu, beste ezer ukitu gabe.
- Etiketatze semantikoa: kendu itxurari dagozkien etiketa horiek, eta erabili semantikoak ordez! Horrela edukiak luzaroago iraungo du, eta etorkizunean beste aukera batzuk zabalduko zaizkigu. Google hasi da horiek aprobetxatzen, ikusi bestela Zerrenda sortzailea edo definizioen bilatzailea . Horiek etiketatze semantikoei esker daude hor.
Prest gaude bide honetan jarraitu nahi dutenei laguntza emateko, zenbait lotura aurkezteko edo zuzenketak egiteko. Gogoratu, onurak hasteko norberarentzat dira, eta geroago denontzat.
Irakurri adibidez: minid.net
Garbi dago gaur egun web gune baten diseinua egiterako garaian (beti ere estandarrak jarraituz, noski) ezinbestekoa dela XHTML eta CSS2 jakitea.
CSSa ez da konplikatua eta oso praktikoa da gainera: gune baten itxura osoa alda dezakegu estilo orria aldatuz soilik eta HTML kodean aldaketarik egin gabe.
XHTMLari dagokionez, HTML dakien batentzat ez du inolako arazorik suposatu behar, izan ere, oso antzekoak baitira. Ordea, zenbait puntu kontutan hartu behar dira, hala nola hizki larri eta xeheen artean ezberdintasunak daudela edota marka guztiak itxi behar direla derrigorrez.
Nire kasuan, webguneak garatzeko aipatzen diren bi modu nagusi horietariko bigarrenarekin hasi nintzen, helburua gehienbat ikastekoa bainuen. Ondoren, lehen modura pasa nintzen eta orain artikuluan aipatzen den XHTML + CSS2 konbinazioa erabiliko dut.