Udako irakurketak
2004-08-31 11:08
Badoaz aurtengo oporrak, baina nirekin geratuko da sasoi honetan irakurritakoaren gozoa. Asko irakurri dut, eta atseginez. Hauxe.
Euskaraz
- Nire Aitaren Fusila. Hiner Saleem (Alberdania). Mutiko batek kontatzen du nola bizi izan zen Kurdistanen eta nola ihes egin behar izan zuen handik larrua salbatzearren. Kontatzeko modu sinple eta hunkigarria.
- Ezezaguna Helbide Honetan Kressman Taylor (Erein). Bi lagunen arteko eskutitzak, eta atzean nazismoaren amildegi gero eta sakonagoa. Laburra eta ona.
- Han Goitik Itsasoa Ikusten Da.; Julen Gabiria (Elkarlanean). Zer gustura irakurri dudan liburu hau! Mutil honek zerbait berezia du idazteko orduan, eta fabulatzeko ahalmen aparta.
- Gloria Mundi.; Fernando Morillo (Elkarlanean). Ezusteko atsegina hartu nuen thriller honekin, oso entretenigarria baita.
- Eguzki Beltzaren Sekretua. Airoso hasi nintzen berau irakurtzen, baina gehiago kostatu zitzaidan bukatzea.
- Euskarazko Tradizioa eta Molde Berriak. Gotzon Garate (Gero). Nik uste dut liburu hau dela egile beraren Erdarakadak (1988) haren bertsio eguneratua, eta hobeto antolatua. Eta, noski, argalagoa. Garatek aurrez aurre jartzen ditu idatzizko eta ahozko tradizioa eta gaur egun sortzen ari garen molde berriak, gehienetan gaztelaniaren eraginez sortuak. Ezinbesteko liburua euskaraz lan egiten dugunontzat.
Gaztelaniaz
- Nuestra incierta vida normal. Luis Rojas Marcos (Aguilar). Di-da batean irakurri nuen. Liburu honetan Rojas Marcosek hainbat baliabide erakusten dizkigu gainditzeko azken aldi honetan Mendebalean bizi dugun aztoramendu eta artegatasuna.
- Paula. Isabel Allende (Debolsillo). Aspaldikoa da, baina nik orain irakurri dut. Hunkigarria, benetan, eta oso ondo idatzia.
- La dama y el unicornio. Tracy Chevalier (Alfaguara). Liluratuta geratu nintzen zineman egile beraren Perladun Neska ikusi nuenean, filmaren plano bakoitza koadro bat baitzen. Liburu hau ere, gustura irakurri dut.
- En la distancia. Josefina Aldecoa (Alfaguara). Hau ere, egun batean irakurri nuen. Ignacio Aldecoa idazle gasteiztarraren alargunak autobiografia bat idatzi du oraingoan, jakingarria oso. Emakume argia eta interesgarria da. Bere garaiko lekuko distiratsua.
- La sombra del viento. Carlos Ruiz Zafon (Planeta). Lagunek gomendatuta irakurri dut. On Kixote irakurri nuenean bezala, barre mordoa egin dut liburu hau leitzen, nahiz eta ez den umorezko liburua, hori baino askoz ere gehiago baizik: thriller bikaina.
Erantzunak kargatzen...