Bigarren parteez esan ohi direnek badute, inoiz, salbuespenik. Horietako bat da Spider-man 2 filma, uda honetan estreinatu dena. Komikiko super-heroi baten gainean egindako beste bat (enegarrena!), abenturazko film duina bihurtuta. Oso gomendagarria, generoa maite dutenentzat.
Lehenengo filma duela bi urte estreinatu zen, garai honetan gutxi-gorabehera: argi dago udako produktu arinen artean sailka daitekeela Spider-man saila. Orduan ere egin nuen filmaren iruzkina sustatu.com-en eta, beraz, ez ditut han esandakoak errepikatuko (komikiaren historia laburra, Spider-man-en ezberdintasunak super-heroi tipikoarekin, etab.). Soilik azpimarratu nahiko nuke bigarren zati hau urrats bat aurrerago doala lehenengoarekin alderatuta; hobea dela, alegia.
Bigarren zatiaren planteamendua sinplea da: bi urte igaro dira Peter Parker gizarajoak armiarma baten super-botereak eskuratu zituenetik, eta bere bizitza pertsonala ez da askorik hobetu; are gehiago, izugarri konplikatu da gaizkileen kontra daraman borrokaren kariaz. Neska bat maite du (Mary Jane Watson), baina ez du bere bizitza arriskutsuan endredatu nahi, eta, ondorioz, beste morroi batekin ezkontzera doa Mary Jane; behin eta berriro galtzen ditu lanpostuak (Spider-man bezala aritzeak lana ondo egitea eragozten diolako); eta, arrazoi berberagatik, gaizki doakio ikasketetan (berez enpolloi bat den arren). Halako batean, Otto Octavius zientzialariak istripua izango du esperimentu nuklear baten erdian, eta gorputzari itsatsita geratuko zaizkio lau beso mekaniko; tentakulu moduko horien gaineko kontrola galdu, Octopus Doktore gaiztoa bilakatu eta kaosa barreiatuko du New Yorken zehar.
Spider-man 2 akzio-pelikula ikusgarria da, borroka-eszenez ondo hornitua eta efektu berezi gero eta perfektuago eta errealistagoekin; alde horretatik, Octopus Doktorea, narrasti itxurako haren lau beso mekanikoekin, dezente erakargarriagoa da, bisualki, lehenengo filmeko Iratxo Berdea baino. Edonola ere, borrokek eta pertsekuzioek metrajearen erdia baizik ez dute betetzen, gutxi-gorabehera, Spider-man 2 honetan.
Beste erdia (eta hau da inportanteena, nire ustez) Peter Parkerren bizitzaren desastre eta kontraesanen kontakizunak osatzen du, pertsonaia eta egoerak sinesgarri bihurtuz. Alderdi gizatiar hori, beti zaindu duena Marvel etxearen komikiak, filmaren lorpen nagusienetakoa da: alde horretatik, komikitik filmerako bidaia ongi egin dela esan daiteke. Peter Parker, super-heroia den arren, ez dago bere bizitzarekin konforme, eta elastikoa eta maskara betirako uztea erabakiko du istorioaren une "dramatiko" batean. Komikietako garai ezberdinetako istorioak eta egoerakondo nahastuta daude filman, eta eguneratze-lana (gogoan hartu Stan Lee eta Steve Ditkoren komikia 60ko hamarkadan hasi zela argitaratzen) nahikoa ondo egin da: berrikuntzek, behintzat, ez dute trabarik egiten.
Aktoreen lana egokia da: Tobey Maguire (Izotz-ekaitza, Sagardo-etxeko arauak, Harry dekonstruituz...) dugu Spider-man; Kirsten Dunst (Elkarrizketa banpiroarekin, Birjina suizidak...), Mary Jane; eta Alfred Molina (Frida, Stephen Frears-en Zabal itzak hire belarriak gogoangarri hura...), Doc Ock super-bilaua. Sam Raimi-k, terrorezko azpigeneroan fama dezente lortu duen zuzendaria (Posesio infernutarra, Darkman...), zine-artisau ona izatera heldu dela frogatu du sail honekin. Informazio gehiago nahi duenarentzat: filmaren webgune ofiziala, eta metacritic.com-en bildutako iruzkinak.
Nik baina bakarra erantsiko nioke filmari, beti ere komikiarekin alderatuz: borroketan filmeko Spider-man-ek apenas egiten du bromarik, komikietakoa etengabe txorradak botatzen ari den bitartean. Umore horrek, nire ustez, oso ukitu erakargarria ematen dio pertsonaiari, eta hori galtzen da filmean. Eta horrek badu zer ikusirik, nire ustea apalean, azken urte hauetan borrokak filmatzeko inposatu den estiloarekin: dena izugarri bizkor doa eta oso zaratatsua izan behar du; testuinguru horretan, benetan zaila da (are ezinezkoa) super-heroiaren eta super-bilauaren arteko elkarrizketarik txertatzea. Errealismoan irabaziko dute eszenek, ez dut ezetz esango, baina xarma galtzen dutela gehituko nuke.
Baina txikia da, halere. Super-heroien komikiak edota abenturazko filmak atsegin dituztenentzat, ezinbesteko ikuskizuna da Spider-man 2 hau. Benetan.
> Bigarren parteez esan ohi direnek badute, inoiz, salbuespenik. Horietako bat da *Spider-man 2* filma, uda honetan estreinatu dena. Komikiko super-heroi baten gainean egindako beste bat (enegarrena!), abenturazko film duina bihurtuta. Oso gomendagarria, generoa maite dutenentzat.
> Bota duzun txapa laburbilduz... paketon itzela. Lehenengoa zinemaren munduan ikusi den funtsik gabekoenen artean sailka badaiteke hau bere atzean dago inolako zalantza barik.
>
> Hori bai... efektuak txatxi d la muerte oyes!
Bota duzun txapa laburbilduz... paketon itzela. Lehenengoa zinemaren munduan ikusi den funtsik gabekoenen artean sailka badaiteke hau bere atzean dago inolako zalantza barik.
Hori bai... efektuak txatxi d la muerte oyes!