Sustatu logoa Teknologia albisteak

Patentatu zure hiria!

Komertziala
2004-07-14 11:07

"Patentatu zure hiria!" lelopean gazte talde enpresari berriak, www.europatentes.tk webgunearen sortzaileak, Europako Kontseiluak software patenteen lege proiezkuaz jakitun, patentazio enpresa-jarduera berri bat martxan jartzea erabaki du.

Pasa den ekainaren 5ean, Bilboko erdiguneko zenbait lekutan pegatina bitxi batzuk agertu ziren; kaleko semaforoak eta bidegurutzeak, telefono kabinak eta kalean egunero erabiltzen diren zenbait tresna sinbolikoki patentatuz. Ekintzaile ezezagun batzuek gure bizitzan ohikoak diren zenbait gauza patentatzearen absurdoa utzi nahi izan zuten agerian, software patentatzeak honen garapena izugari moteltzen duela salatzeko.

Euren burua enpresaburu gazte moduan azalduz, eta "Europako Kontseiluak onartu berri duen lege proiezkuaz jakitun" euren enpresa proiektua abian jarri dute. Gazte horiek "ez dute baztertzen abokatuengana jotzeko aukera, herritarrei erregistratu berri duten patente horiek erabiltzeagatik ordaintzeko".

Ekintzaren ostean, Indymedia Euskal Herrian jarri zuten agiean azaldu zituzten euren ekintzaren arrazoiak, eta euren webgunerako lotura jarri zuten. Bertan, Microsoften webgunearen parodia egiten duen bertsio itxuraldatua aurkituko dugu. Gogorarazi beharra dago berriki Microsoftek klik bikoitza patentatu duela, eta hori ez da txantxa bat. Oraclek ere blog edo bitakorak patentatu dituela dio eta horrelako jarreren beste hainbat adibide daude Europatentes webgunean. SGAE ere badago euren arerioen artean, besteak beste, tabernetako jabeei musika ipintzeagatik ordainarazi nahi izateagatik. Patenes actuales atalean dagoeneko taldekideek patentatu dituzten gauzak ageri dira, baina gogoratu, erabili nahi izanez gero, ordaindu beharko duzuela.

Softwarearen gaineko patenteen aurkako mugimendua hazten ari da munduan, eta horren erakusle da fightthepatent.com, patenteak direla-eta bere proiektua beste enpresa baten salaketak geldiarazi zuen enpresa baten protesta webgunea.

Informazio gehiagorako: http://www.europatentes.tk

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu