Augustin Zubikarai idazlea eta ohorezko euskaltzaina hil da
Bere osasun egoera larria zela eta, orain dela egun batzuk ospitaleratu zuten Zubikarai, eta bertan eman du bere azken arnasa, bere familia ondoan zuela.
Gaztetatik idazle
Ondarroan jaio zen 1914ko azaroaren 3an. Euskaltzain urgazlea izan zen, eta 1993an ohorezko euskaltzain izendatu zuten.
Saturraran eta Gasteizko apaizgaitegietan egin zituen ikasketak Zubikaraik eta hamasei urterekin, aldizkarietan kolaboratzen hasi zen. Gerra garaian sorturiko Eguna egunkariko erredakzioburu izendatu zuten eta 1937an eta geroztik aldizkari askotan hartu zuen parte: Zeruko Argia, Karmel, Argia, Egan, etab.
Gerra Zibilean preso
Espainiako Gerra Zibilean, Bilbo galtzeko hiru egun baino falta ez zirenean, Enkarterri aldera joan zen Zubikarai, ihesi. SantoƱan, Mieresen eta Escudon egon ostean, Laredora abiatu zen eta italiarrek preso hartu zuten. Ziburun bizi izan zen, denboraldi batez. Azkenean, etxeratzeko baimena lortuta, Kataluniatik sartu zen eta preso hartu zuten. 1940an lortu zuen askatasuna eta Ondarroara itzuli zen.
Euskal idazlerik oparoenetarikoa
Antzerkia, poesia, narratiba eta kazetaritza arloak landu ditu, bai eta itzultzaile lanak egin ere. Berrogei bat antzerki-lan eta beste horrenbeste eleberri eta kontu idatzi ditu.. Nobela ugari zituen eginak eta sarituak eta poesia ere landu zuen inoiz: Urbasatik kantuz (Zangotzako 1967ko saria); Naparroako bideetan (Zangotzako 1968ko saria) eta Koroiko pitxiak (Zornotza saria), besteak beste.
Aldizkari eta egunkari askotan idatzi izan zuen Zubikaraik. Ondarroa aldizkariaren zuzendaria izan zen, bai eta Euskerazaintza, Arranondo eta Boga-Boga aldizkariena ere. Ondarroako Arranondo Kultur Alkarteak sortu zuen 1990ean, herri-euskara aldarrikatzeko asmoz.
Armiarma.com webguneko literatura zubitegian duzue argitaratutako lan nagusien berri.
Erantzunak kargatzen...