Teknologia albisteak
6

Tourra, porrak eta turra

Erabiltzailearen aurpegia
Josu Azpillaga - -
2004-07-06 : 10:07

Tourra hasi zen aurreko larunbatean, eta Euskaltel dela, Mayo dela, Armstrong-en seigarrena dela, badirudi inoiz baino interes haundiagoa piztu duela gugan. Eta Tourra iristen denarekin batera, porra desberdinak antolatzen dira bazter guztietan.

Tourra aitzakitzat hartuta, porrak antolatzen dira gure inguruko txokoetan. Porra asko, eta mota askotakoak. Artikulu txiki honetan, guk ezagutzen ditugun porra mota desberdinak bildu ditugu. Bakarren bat ahaztuko zitzaigun seguruenera, baina erraza daukazue: gehitu erantzunetan.

Porra loteria

Porrarik ohikoena. Ikastetxeetan, lagun-taldeetan eta batez ere tabernetan egiten dena. Pelotoi guztiko txirrindulariak banatzen dira, aleatorioki parte-hartzen duten apustularien artean. 190 txirrindulari ekis apustulariren artean; bakoitzari, 190/x txirrindulari. Gero, etapa bakoitzaren bukaeran sariak banatzen dira: aurreneko txirrindularia duenari honenbeste; bigarrenari hainbeste; 69.ari beste hoinbeste eta azkenari, ekis. Banaketa modua, bakoitzak erabakitzen du.

Izenen porra

Antolatzeko porrarik errazena, seguraski, baina asmatzeko zaila benetan. Tourra amaitzean podiuma nola osatuko den galdetzen da, edo mendiko saria nork eramango duen, edo nor izango den lehen euskalduna... Honelako galderak. Jendeak bere izenak botatzen ditu, eta asmatuz gero, bingo! Berria-k honelakoa antolatu du aurten, aurreko urteetan egunkariak egin bezala.

Multzokako porra

Gara-k antolatzen duen porra mota. Gure artean, arrakasta haundia du, gainera. Txirrindulariak multzoka banatzen ditu porra antolatzaileak: faboritoak, beste faborito batzuk, igotzaileak, euskaldunak... Eta apustulariak, multzo bakoitzetik bat aukera behar du (zenbait bertsiotan, bi aukeratzen dira. Eta etapa bakoitzean puntuak banatzen dira txirrindularien artean. Eta, noski, puntu gehiena dituena, ba txapeldun. Sariak zer-nola banatzen diren, kasuistika zabala egongo da, seguraski.

Sarean, mota honetako porra ezagunenetakoa Bilboko enpresa batek antolatzen duena da: www.ciclosmaestre.com/

Porra librea

Apustua egin nahi duenak, talde bat osatu behar du. Ekis txirrindulari aukeratu behar ditu, eta libre du nahi duena aukeratu. Etapa bakoitzean puntuak banatuko dira, eta aurrekoan bezala, punturik gehien duen txirrindulari-taldea, txapeldun. Adibidez, Arrasateko Monte tabernan egiten da era honetako porra bat, arrakasta haundiz egin ere.

Porra librearen beste bertsio bat, uztarriak antolatzen duena da. Bederatzi txirrindulari aukeratu behar dira, baina ordenean. Etapa bakoitzaren bukaeran, txirrindulariek irabazitako puntuak ponderatu egiten dira apustuetan txirrindulari horrek duen tokiarekin. Lehen postuan ipiniz gero, puntu gehiago apustu harentzat.

Eitb.com webgunean ere estilo honetako porra jarri dute abian, sari politekin. Berezitasuna, txirrindulari bakoitzari kategoria bat eman diotela eta kategoria horren arabera, etapako puntuazioa ponderatu egingo dela. Ez da berdina Armstrong-ek etapa irabaztea, edo Matthew White-k irabaztea.

Porra pertsonala

Ez dakit zehazki porra den. "Baietz aurten Pourra Mayok irabazi!" "Ezetz!" "Ba, afaria" "Bale". Eta holako elkarrizketak. Edo, "baietz Zubeldia podiumera igo!". "Ezetz, kafe konpletoa!" "Bale." Eta tabernariak, pozik.

Turra

Tourra eta porrak, porra eta tourrak. Aitzakia ote dira txirrindulariak gertuagotik jarraitzeko? Edo, txirrindularitza ere aitzakia moduan darabilkigu euskaldunok aspalditik omen dugun apustu-grina asetzeko? Beste lekuetan egiten ote da holako apusturik?

Kontuak kontu, Xabier Silveirak Berrian idatzi zuena okurrituko zaio baten bati: ... Frantziako Tourra. Edo turra idatzi behar nuke? Ederra emango digute behintzat!

Erantzunak

Mac Aco
2004-07-06 : 11:41

A ze turradea ematen diguzuen kirolzaleok!



Giharrearen apologistok!



Izerdiaren gurtzaileok!



Txapa ematen duzuena!

Ostadar
2004-07-06 : 12:01

Eta Lasarten, Ostadar K.F.ren porra famatua. (Garan estilokoa)


luisa
2004-07-06 : 17:48

Txirrindulari zaleok ikusi al dezakegu turra interneten?



Porrak ez zaizkit larregi interesatzen, nahi nuke ordea sarean turra ikusi.



Lan eta lan tartean badakizue, maillotak ikusi, e.a.



luisa

Gari Araolaza
2004-07-06 : 18:03

Tourraren webgunean dauzkazu zenbait lotura:


http://www.letour.fr/


luisa
2004-07-06 : 18:11

Webgune horretan badihardut. Baina ezin ikusi.



Mayo atzetik tiraka irakurri irakurri dut, baina irudirik ezin ikusi.





luisa
2004-07-06 : 18:48

Turreko momentuko irudirik ez dut topatzen.



Ordenadora emetatu eta telebistara.



luisa

Erantzun

Sartu