Nola atera etekina izen handi bati
Bihar hasiko da Frantziako Itzulia, azken urteotako interesgarrienetako bat, izan ere, Lance Armstrong izan daiteke txirrindulari bakarra Tourra sei aldiz jarraian irabazten.
Seigarren Tourra irabazten ez badu ere, begira zer onurak ekarri dizkion Armstrongek Trek bizikletagile eta babesleari: orain hamar urte, goi mailako Trek bizikleta batek balio zuen 2.200 dolar, enpresako jabeak aitortu duenez. Aurten, prezioak ari dira 4.800 dolarren bueltan. Zerk eman dio bultzada hori? Jendeak ikusi izana azken bost itzulietako irabazlea Trek bizikletak erabiltzen.
Aurten, gainera, Armstrongek erabiliko duen bizikletaren 30.000 kopia jarriko ditu salgai enpresak, 7.000 dolarrean edo beharbada garestiago! Jakina, erosleek ez dute lastertasunik erosiko, estatusa baino, artikulu honetan esaten den moduan.
Armstrongen arma sekretua
Trek enpresak bi txirrindu prestatu dizkio Armstrongi: bata ordekan ibiltzeko, eta bestea berezi-berezia Alpe DHuezko kronoigoera egiteko. Biak diseinatzeko informatika erabili dute sendo, eta material oso bereziak.
Txirrindugileek kalkulatu dute 193 km.ko etapa batean aurreztuz gero 10 watio 32 urteko txirrindulari amerikarrari, horrek bizkortuko lukeela haren lastertasuna minutu batez. Ez dela asko? Iazko Tourrean Armstrongek atera zizkion Ulrrich bigarrenari 61 segundu, 3.420 kilometro eginda.
Hala ere, dena ez da beti hain matematiko izaten: Armstrongek bizikleta ezin hobea izango du, baina besteak ez dabiltza asto gainean. Hori, bat. Eta bi: amerikarrak bere arma sekretua erabili zuen joan den hilean Dauphinée Liberén jokatutako kronoigoeran, eta han Iban Mayok bi minutu atera zizkion.
Erantzunak kargatzen...