Imanoli azken agurra
Imanol Larzabal kantaria hil zen ekainaren 25ean, gaueko hamaikak aldera. Bi egun lehenago odol isuria eta bihotzekoa izan zituen. Atzo egin ziren bere aldeko hiletak, Donostiako Antigua auzoko elizan. Jende asko bildu zen, batez ere euskal kulturaren eta musikaren ordezkaritza zabala. Agintari politikoak ere asko izan ziren. Iritzi batzuk jaso ditugu Sustatun.
Atzo jasotako iritzi batzuk hemen:
Joxanton Artze: Aurrenik, dantzari moduan ezagutu nuen. Argia taldekoa baitzen. Hain zen handia, oholtza dardarka jartzen zuen. Gero frogatu zuen kantuetarako testuak aukeratzen oso abila zela. Donibane Gurutzekoaren testuekin egin zuen disko hura ederra zen. Pertsona goxoa zen, umore handikoa eta kontalari ona."
Niko Etxart: 1976an egin genuen lehen kantaldia elkarrekin, Donibane Garazin. Gero 1980an, disko bat egin genuen elkarrekin: "Etxahun eta Etxahun". Eztabaida politak genituen, eta bere sufrikarioa oso minbera egin zait. Iparraldean ez zeukan hemengo arazorik. Adiskide handi bat galdu dut.
Angel Valdés (Elkar): Irailean sartzekoa zen Imanol gure estudioan, sehaska kantuekin disko bat osatzeko. Bere ideia zen, aspaldikoa gainera. Testuak aukeratuak zituen. Txema Garcések lagundu behar zion konponketetan.
Xabier Lete: Asko maite genuen elkar, nahiz eta historikoki ez zegoen horretarako arrazoi handirik. (...) Ni nire gaixotasunarekin eta bera kanpora joana, noizbehinka egoten ginen, gutxitan, baina harreman oso ona nuen. Orain hiru bat hilabete, ingresatu aurretik, bazkari batean bildu ginen adiskide talde bat. (...) Ez zen nazionalista politikoki, baina aberkoia zen.
Miren Azkarate: Harriduraz hartu nuen Imanolen heriotzaren berri. Bazirudien hobetzeko bidean zegoela, eta ezustean harrapatu ninduen albisteak.
Berriako erreferentziak:
Koldo Izagirre: Hiru akorde, lelo bat: badoa arranoa airez aire.Dena jakitea baino, daukagun gutxi-asko horrekin zer egin jakitea da kontua. Imanol, ikasteari uko egin gabe, ongi moldatu zen bere moztasunetan.
Felipe Juaristi: Inork ez daki zer ahal dezakeen gorputz batek, izan ere, gorputzak irauteko joera baitu, lur azalean sotil tinko eta lasai egotekoa behar bada, pausuz pausu, oinez oin, poliki-poliki jarraituz. Badira gorputz batzuk beren arimekin bat ez datozenak, eta badira, alderantziz, arima batzuk beren gorputzak madarikatzen dituztenak, ez egoki baiteritze. Imanolek ahotsa zuen, ahots aparta, ahots landua, ahots zaindua, eta hori nabarmena egiten da hark grabatutako diskoak entzun ahala.
Jokin Muñoz: Imanolek bere jarrera nahiz jardun artistikoarekin aspaldi erakutsitakoa askorentzat nobedade eta etorkizunerako xede bilakatu da berriki Carod Roviraren ahotan, alegia, euskaldun izateak ez dakarrela ez lukeela ekarri behar abertzale izaterik, espainiar izateak espainiar nazionalista izaterik ez dakarren bezala.
Mikel Markez: Hirurogeiko hamarkadan «euskal kantagintza berria» deitu zitzaion hura sortu zenetik sortzaile generazio bat ikusten dut gaur erdi galdurik, Imanolen generazioa. Jende interesgarri asko gelditu da bidean Ez dok Amairuk sortu zuen lilura eta itzala inoiz gainditu ez dutelarik. Imanol izan zen generazio hartako aurreratuena, seguruenik kanturako kondizio eta intuizio gehien zuena zelako.
Musikari lotutako bizitza
Imanol 1947an jaio zen Donostiako Antiguo auzoan. 1964an hasi zuen musika jarduna, "Argia" euskal dantza taldean. Taldea utzi zuenean 1968an eta 1971ra bitartean, hainbat musika ekimenetan esku hartu zuen. Garai horretan, disko "pirata" bat egin zuen, Michel Etxegaray ezizenaren azpian. Diskoarekin lortutako diru guztia euskal presoei eman zien. Burgosko epaiketaren ondoren erbestera joan behar izan zuen eta han jarraitu zuen musikarekin. Bigarren disko "pirata" egin zuen: Askatasunaren pausoak tinkatzen ari. Paco Ibañezen eragina nabarmena da bertan.
Garai horretan, 1968tik 1971ra bitartean, Europa guztian Frankoren aurka egindako hainbat musika kontzertutan parte hartu zuen, Elisa Serna eta Paco Ibañezen konpainian. Imanolen lehenengo disko "legala" 1972an irten zen, Frantziako Chant du Monde diskoetxearen eskutik: Orain borrokarenean.
Euskal Herrira itzuli baino pixka bat lehenago, CC.OO.ren aleko disko baten parte hartu zuen, Lluis Llach, Pablo Guerrero, Bilbaino eta Elisa Sernarekin batera, besteak beste. Eta bigarren diskoa atera zuen Chant du Monde diskoetxearekin: Herriak ez du barkatuko.
Donostiara itzuli zen 1976ko urrian eta hirugarren diskoa egin zuen CBS diskoetxearekin. Handik aurrera IZ diskoetxearekin jardun zuen. Laugarren diskoa IZrekin atera zuen, 1984an: Erromantzeak.
Bere hurrengo diskoak oso ondo hartu zituen kritikak eta euskal kantari ezagunenetakoa egin zen.
Azkenaldian Euskal Herritik kanpo igaro du denbora luzea Imanolek. Izan ere, 2000ko urrian, mehatxuak jasaten zituela-eta, Euskal Herritik alde egitea erabaki zuela jakinarazi zuen Imanolek. 1986an Dolores Gonzalez Katarain Yoyes-en omenezko kontzertu batean parte hartu zuenetik, presioak jasotzen zituela salatu zuen, eta «giro itogarria» bizi zuela adierazi.
Hain zuzen ere, joan den urteko otsailaren 21ean eman zuen Imanolek bere azkeneko kontzertua jaioterrian; Kursaaleko auditoriumean. Emanaldi hartan pop-jazz laukote batek eta Miguel Zeberiok zuzendutako Et Incarnatus orkestrak lagundu zuten.
Disko asko atera zituen Imanolek, hemen batzuen izenak:
- Lau haizetara (1977)
- Jo ezan (1981)
- Orhoituz (1985)
- Mea kulparik ez (1986)
- Muga beroetan (1989)
- Viajes de mar y luna (1990)
- Barne kanta (1994)
- Hori bera da denen ixtoria (1996)
- Ausencia (2000)
- Versos encendidos (2003)
Amatiñok ere hitz egin du Imanolen gainean. Eibartarrak zerrendatik hartua:
Kanpoan hil da Imanol. Ni umea nintzela, 1950eko diktadura-garai ilun haietan, hiltzeak berak baino kanpoan hil beharrak bihotz-ikara handiagoa eragiten zuen gurean. Heriotza tristea baldin bazen, are tristeago erbestean, ezkutuan, ihesik edo etxetik kanpo, bakardadean, hiltzea.
Imanol gure azken berrogei urteotako kontraesan eta ziburuen adierazgarri dugu. ETAkoa izategatik 1968an atxilotua eta 2001ean "Todos contra el miedo" kontzertuan parte hartzeagatik "Basta ya" ingurukoa ote zen salatua. Segurutik Imanol dugu Txabi Etxebarrietaren hiletan zein Yoyes-en alde kantatu izan duen abeslaririk bakarra.
Zenbait kontzientziaren zirikatzaile ere izan genuen Imanol. Izan ere, ezagunak dira Imanolen kontra aritu izan zirenak, ezagunak diren bezalaxe Imanolez baliatu nahi izan zutenak. Hala ere, ez dira horren ezagunak, askoz ere gehiago izan arren, ez kontra eta ez alde, iso eta mutu, geratu izan zirenak.
Imanolek inork hobeto erakutsi zigun euskarak ez gaituela euskaldunok biltzen. Ez behintzat beste interesik tartean baldin bada. Euskarak biltzen gaitu aldez aurretik biltzeko gertu gauden neurrian. Ez gehiago.
Kantari izan zen aldetik, ETBn grabatutako "Kantuz bizi" hamahiru programek eta Euskadi Irratian bospasei urtez aurkeztutako "Kantata autore" astekariak laburbiltzen dute Imanolen musika-guraria. Behar bada bere diskoek baino hobeto gainera, telebistan eta irratian gustukoen zituen kanta, letra, autore, maisu eta adiskideen antologia hautatzeko aukera izan zuen-eta.
Kantuz bizi nahi izan zuen eta kantuz bizi izaterik lortu zuen. Zenbaitek esan du Imanol "galtzaile" izan zela beti. Behar bada bizi izan zen artean bai, baina ez gero hil ostean, bere bizitzaren kronista gehienek normalean esan eta idazten ez dituztenak esan eta idatzi baitituzte oraingoan.
Euskal Herrira etortzekotan zen Imanol. Orain dela hogei egun eskas berriro ere "Kantata autore" irratsaioari ekiteko asmoa azaldu zuen. Imanolek beti jakin izan zuen ze ate ez zitzaion sekula itxi.
Erantzunak kargatzen...