Sustatu logoa Teknologia albisteak

‘Goiena.net’-ek eta ‘Goienkaria’-k aipamena jaso dute diseinu lehiaketan

Asteleheneko Goienkaria
2004-06-21 13:06

Society For News Design (SND) elkartearen sail espainolak antolatutako "Lo mejor del diseño periodístico España-Portugal" diseinu lehiaketan, aipamena jaso dute Debagoieneko "Goienkariak" eta "Goiena.net"-ek.

Lehiaketa papereko zein sareko argitalpenei zabaldutakoa da. Papereko atalean argitalpenaren tirada hartu dute kontuan mailaketa egiteko; sarekoetan, berriz, webguneak hilero izandako bisita kopurua.

Goienkaria-ren kasuan, logoaren inguruan edukiak eta kolorea sartzeko modua saritu dute. Goiena.net-i dagokionez, berriz, albisteen testua aurkezteko era.

Aipamenen balioa

La Vanguardia, Heraldo de Aragón eta Granada Hoy izendatu dituzte España eta Portugaleko egunkarien artean ondoen diseinatutakoak. Elpais.es eta Heraldo.es izan dira sarituak sareko egunkarien artean. Sari eta aipamen guztien berri SND-Eren webgunean.

El Correo, Heraldo de Aragon eta halako egunkariekin lehiatu da "Goienkaria", eta haiek dituzten baliabideak kontuan hartuta ez da nolanahikoa aipamena jasotzea. Hain zuzen ere, Heraldo de Aragon, La Vanguardia eta Granada Hoy egunkariek irabazi dute sari nagusia. Eta Goiena.net-ek horrelako aipamen bat jasotzea ere lorpen handia da; izan ere, urtebetez sarean egonda, Espainia eta Portugal mailako lehiaketa baten aipamena jaso du.

Sari banaketa lehiaketaren antolatzaileek azaroan egingo duten kongresu baten barruan izango da.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu