XML bihurtu da lingua franca Interneten, sarean dabiltzan hizkuntza guztien azpitik, beste hizkuntza informatiko hau ari baita zubi lanak egiten. Eta beroni esker elkar ulertzen baitute hortik zehar dabiltzan plataforma informatikoak (Windows, Unix, Mac, Linux, etab.).
Beste behin, Gari Araolazak arrazoia du: sei urte badira XML sortu zenetik, eta dagoeneko sekulako iraultza eragin du zenbait teknologiatan: Interneten eta sakelako telefonoetan, adibidez. Eta iraultza horien ondorioz, XML-k beste hainbat iraultza eragin ditu, esate baterako, nola banatzen den informazioa, edo zelan egiten diren diru transakzioak bankuetan.
Nola iritsi naizen XMLra
Niri dezente kostatu zait ulertzea zer den XML eta zertarako balio duen. Egia esan, lehenengo aldiz Sustatun bertan ikusi nuen, ezkerreko zutabean, kutxa laranja batean idatzita, toki gehienetan horrela jakinarazten baitzaio erabiltzaileari webgune horrek XML erabiltzen duela informazioa kudeatzeko.
Baina benetan ulertu, ulertu nuen Bloglines informazio zerbitzuari esker, eta honi buruz ikasi nuen Sustatun, CodeSyntaxeko lagunei esker.
Bloglines horretan zerrenda bat egin dut, zer hedabide jaso nahi dudan XML hizkuntza estandarra darabiltenen artean. Horri esker, ordu oro, Bloglines zerbitzuak errepaso bat egiten du nik aukeratutako hedabideen artean, eta ezer berririk aurkituz gero, bidali egiten dit, doan.
XML darabilten webguneek ziurtatzen dute askoz ere zabalkunde handiagoa eurek landutako informazioarentzat.
Baina XML hori baino zerbait gehiago da, eta hori azaltzeko, erabiliko dut artikulu bat, azaldu zena maiatzaren 23an El País de los Negocios, igandeetako gehigarrian.
Zer da XML?
Hizkuntza bat da, estandar ireki bat, datuak egituratzeko. Enpresa talde batek garatu zuen, eta 1998an World Wide Web Consortium (W3C) erakundeak onartu. XML-k etiketak erabiltzen ditu informazioa egituratzeko, eta hauen bidez ematen die kontzeptuei testuinguru bat. Horri esker, sistema batek, jasotzen duenean banku hitza, jakin lezake erakunde bat den, merkataritzan ari dena, edo eserleku luze bat.
Zertarako balio du XML?
XML sortu zen posible egiteko enpresek eta erakundeek informazioa trukatzea, nahiz eta plataforma teknologiko desberdinak erabili. Hizkuntza informatiko estandar bat da, eta erabiltzen da informazioa trukatu, gorde, kudeatu eta argitaratzeko. Estandar irekia da; beraz, ez dago zertan ordaindu royaltirik berau erabiltzearren, eta erabil liteke era guztietako plataforma eta aparailuetan.
Zer alde dago HTML eta XMLren artean?
HTML hizkuntza bat da, eta erabiltzen da itxura emateko Interneten argitaratzen diren dokumentuei, sortu baitzen informazioaren diseinu bisuala lantzeko. Oinarrituta dago etiketetan, eta erabaki lezake, esate baterako, zer letratipo eramango duen testuak, edo hau letra beltzez idatzi behar den edo etzanez.
XML-k osatu egiten du HTML Interneten, egitura eransten baitie datu horiei, eta semantika eman. Horri esker, sistema desberdinek ulertuko dute zer esan nahi duen. HTML-ek ez bezala, bestalde, XML-k etiketa kopuru mugagabea erabil lezake informazioa sailkatzeko.
Nola bereiztu letra zopa?
Enpresa alor bakoitzak garatu du bere XML dialektoa, premien arabera. Hona hemen horietako zenbait:
XML agertu aurretik ere egiten ziren transakzio elektronikoak enpresen artean. Horretarako erabiltzen zen Electronic Data Interchange (EDI) izeneko estandar bat, oso garestia. Beraz, enpresa handiek bakarrik erabili zuten EDI estandarra.
Hori konpontzeko, ehunka enpresa, unibertsitate eta ikertzaile elkartu ziren, Nazio Batuen Erakundearen laguntzarekin, hainbat estandar sortzeko, XMLn oinarrituta, hala nola ebXML edo UBL (Universal Business Language). Horien bidez, enpresa txikiek aukera dute apenas kosto barik, XML-k ez baitu royaltirik informazioa trukatu eta hainbat dokumentu estandarizatzeko, esate baterako emate orriak eta ordainagiriak.
Eta genealogia zaleentzat, esan dezagun Jon Bosak dela XMLren aita, garai batean Sun Microsystems enpresako ingeniaria. Horren berri gehiago jaso nahi izanez gero, klik egin hemen.