Sustatu logoa Teknologia albisteak

Harry Potter, ordenagailuan

Joxe Aranzabal
2004-06-18 14:06

Atzo gauean Miren nire alaba pozez zoratzen etxeratu zen Bilbotik, Harry Potter eta Azkabango Presoa filma aurre estreinaldian ikusita: “Superpolita da, aita. Eta ez dakizu zelako sustoak hartzen dituzun!”. Sirius Black preso arriskutsuaz hitz egin zidan, hipogrifoez eta Ronen saguaz.

Gaur, berriz, J.K. Rowling idazlearen webgune berria aurkitu dut sarean, Harry Potter-en sortzailearen webgune ofiziala. Bost hizkuntzatan kontsulta daiteke: ingelesez, frantsesez, alemanez, italieraz edo gaztelaniaz.

Klik eginez gero horietako edozein hizkuntzatan, mahai bat agertuko zaizu, ordenagailua eta beste gauza asko dituela, eta horietako edozeinetan sakatuta, aterako zaizkizu jakingarriak, galderak, arrastoak… dena Harry Potterren inguruan, denak idazleak berak idatzita.

Webgune hau joan den hilean ireki zen eta, The New York Times egunkariak dioenez, jendeak 76 milioi orrialde ikusi ditu harrezkero. Niri ere oso polita iruditu zait, eta gaur gauean Mireni erakutsiko diot.

Harry Potter eta Fenixaren Ordena, Durangorako

Saga honen bosgarren liburua, Harry Potter eta Fenixaren Ordena, euskaratuta dago dagoeneko. Iñaki Mendiguren itzultzailea kapituluka ari zaio pasatzen orain Elkarlanean argitaletxeari eta, esan digunez, prest izango da Durangoko Azokarako.

Oraindik ez dago garbi zenbat orrialde izango dituen euskarazko bertsioak, baina gainerakoak ikusita (ingelesez 766 orrialde, frantsesez 975 eta gaztelaniaz 893), argi dago liburuki potoloa izango dela.

Lau sari euskarazko itzulpenari

Esku artean duenaz gain, Iñaki Mendigurenek lau liburuki euskaratu ditu, Harry Potterren sagakoak. Eta lau sari irabazi ditu, egindako itzulpenengatik:

  • IBBY (International Board on Books for Young People) nazioarteko erakundeak ohorezko egiaztagiri bat eman zion Harry Potter eta Sorgin-harria liburuaren itzulpenagatik.
  • Liburu Gaztea saria ere jaso zuen Harry Potter eta Sorgin-harria liburuagatik.
  • Euskadi Literatura-itzulpen onenaren saria Harry Potter eta Sekretuen Ganbera liburuagatik (aipamen berezia: Harry Potter eta Azkabango Presoa).
  • Vitoria-Gasteiz saria gazte literaturan egindako itzulpen onenari, Harry Potter eta Suaren Kopa liburuagatik.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu