Teknologia albisteak
1

Blueberry: esperientzia zapuztua

Erabiltzailearen aurpegia
Iban Zaldua - Txirikahuen Mendi Sakratutik
2004-06-16 : 13:06

Egunotan estreinatu da, Hegoaldeko aretoetan, Blueberry: esperientzia sekretua filma, izen bereko komikiko pertsonaian oinarrituta (omen). Eta euskarazko bertsioa eskaini zaigu, gainera: bi motibo, beraz, zinemara joateko. Charlier-Giraud tandemaren albumen zaleek, ordea, dezepzioa har dezakete film hau ikustean.

Komikia meatoki ederra bihurtzen ari da gero eta ideiez eskasago omen dabilen zinemaren munduarentzat (zinema mota batentzat, zehaztu beharko genuke). Baina, zientzia fikzio eta super-heroien filmak alde batera utzita, gutxitan jotzen du beste genero batzuetara; are gutxiago western-a bezalako batera, aspalditik datorrena gainbeheran: Blueberry-ren kasua bitxia da, beraz (filmaren web orrialdea, hemen). Itzal luzeko komiki-sail frantses baten gainean egindako produkzio franko-mexikar-estatubatuarra; Frantzian, Mexikon eta (nola ez) Almerian errodatua; komikiaren egileetako baten zeharkako partehartzearekin (Giraud, alias Moebius, )… itxaropentsu joan nintzen zinemara. Etsitu samar itzuli nintzen etxera, ordea.

  • Alde batetik, izenburua aitzakia hutsa delako. Zer ikusirik ez benetako Blueberryren abenturekin. Antza, Blueberryren bi albumetan oinarrituta dago filma: Aleman galduaren meatokia eta Urrezko balen espektroa, 1972koak biak. Baina leku-izen batzuk, protagonista nagusia, pertsonaietako batzuk (ez guztiak) eta Superstizioaren Mendietan omen zegoen indigenen altxor bati buruzko aipu lausoaz gain, zer ikusi gutxi du istorioak Jean-Michel Charlier gidoilariak eta Jean Giraud marrazkilariak ondutakoarekin. Eskerrak filmaren tituluekin batera abisatzen duten: “libreki” (loosely) oinarrituta dagoela Blueberryren albumetan… Libreegi, hala ere.
  • Jan Kounen zuzendariaren filmak bilaketa mistikoa bihurtzen du, printzipioz, urre-goseak zeharkatutako ibilaldi sinple eta eraginkorra zena. Ez gaitezen engaina: Blueberryren abentura asko B saileko komikiak dira, ondo eginak, geroz eta hobeto marraztuak, baina pretentsiorik gabekoak (aipatutako bi albumetan kontatzen zaiguna kategoria horretan sartzen da, saileko beste batzuk gorago heltzen diren arren, batik bat Chihuahua Pearl-etik aurrera argitaraturikoak, beti ere sail nagusiaz ari garelarik). Filmak, ordea, izugarrizko pretentsio intelektualak ditu, baina, nire uste apalean, huts egiten du.
  • Izan ere, western metafisiko bat izan nahi du Blueberry: esperientzia sekretua honek: iniziazio txamanikoa, geldiarazten gaituzten beldurrei aurre egiteko gonbita, bortxakeriaren hutsalkeriaren inguruko hausnarketa arina, new age kutsuko indigenismoa… denak du leku turista mendebaldarrontzat propio antolaturiko tour lisergiko-siniestroan. Gidoian eta filmaketa konbentzionalean aurrezteko aukera ederra eman diena ekoizleei, bestalde: “bidaiak” irudikatzeko asmoz, era guztietako narrasti eta zomorro nazkagarriez hornitutako infografia-saio amaiezinek betetzen dute metrajea…
  • Txatalez egindako filma da hau, inora ez daramaten hariz betea: soberan dauden pertsonaiak (Juliette Lewis-ena, adibidez, baina beste horrenbeste esan daiteke haren aitaz, sheriff elbarriaz edo McClure gaixoaz: zer egin dizute, adixkidea ...), garatu gabe geratzen diren tramak (Wally Blount “gaiztoaren” zioak, adibidez), eta aprobetxatu gabe uzten direnak (Prosit, albumetan horren paper erakargarria egiten duen bilaua, txotxongilo kasik ergela bihurtu dute filmean). Istorioaren euskarri nagusia (Blueberryk gaztetan bizi izandako episodioa, zeinetan prostituta bat tiroz hil egin baitzuten, luzarorako trauma utzi ziona mutiko gaixoari) ez dago guztiz gaizki, baina euskarri ahulegia da film osoari eusteko. Izan ere, batzuetan badirudi filma hegan egitera doala, baina berehala izorratzen dute zer ikusi handirik ez duen eszenaren bat sartuta.
  • Baina okerrena, ezbairik gabe, Blueberry bera da, Vincent Cassel aktoreak gorpuzten duena. Komikiko pertsonaiarekin antzik ez izateaz gain (Cassel gazteegia da, bigunegia), erabat adulteratuta eskaintzen zaigu, eta sakontasunik gabe. Komikietako Blueberry tipo zaildua da, zalduneriako tenientea, gerra zibilean eta indiarren aurkako borroketan aritutakoa, kontraesanez betea (indiarren alde egin nahi baitu, alferrik ia beti), eta, horren ondorioz, insubordinatu eta arnegari samarra, mozkortia, sakrezalea, jokozalea eta liskargilea; umorea, bestalde, ez zen inoiz falta Charlierren gidoietan. Gaztaroko trauma bizitzen duen gaztetxo ergela da, ordea, pelikulako Blueberrya; indiarrekin esperientzia mistikoa pasatzen duena eta, ondoren, inolako azalpenik gabe, herri bateko marshall torturatu gisa aurkitzen duguna. Filma, hein handi batean, Blueberryk gaztaroko trauma horretaz libratzeko egin behar duen bidearen kontakizuna da eta, zer esango dizuet, ez da bereziki interesgarria. Batez ere kontutan hartuta zein aberatsa zen oinarrizko materiala. Umore tantarik ez, gainera: zertarako? Hain gara intelektualak… Mota honetako traszendentziarako, benetan, hobe da zuzenean 2001: Espazioko Odisea-ra jotzea.
  • Tira, ez dut ukatuko, filmak badu gauza onik: paisaje natural ederrak (baina bekatua da gaur egun paisaje ederrak ez filmatzea; bestalde, paisaje onak nahi dituenentzat hor daude National Geographic-eko erreportajeak), mota guztietako drogen gorazarrea (alkohola, tabakoa, peyotea eta bestelako aluzinogenoak), eta espageti western-arena gogorarazten duen estetika zikinosoa; izan ere, filma western klasiko edo ez horren klasiko asko bezala abiatzen da (dilijentzia batekin, noski), baina berehala hasten da psikodeliarantz lerratzen.

Aukera galdu bat, ene uste apalean behintzat. Eta susmo bat: gauza hauek komikiarentzat kaltegarri ez ote diren. Nor hurbilduko da orain Blueberryren albumetara, haietan oinarrituta omen dagoen txaplata hau irentsi ondoren? Onena, beti bezala, ez etsitzea eta jatorrizko iturrietara jotzea: nik bereziki gomendatzen dizuet Chihuahua Pearl-etik (1973) Arizona Love-rainoko (1990) azpisaila, 11 album zoragarri, geroz eta hobeak, betelanik gabekoak; onak dira, baita ere, Giraudek bakarka egindakoak, azken aldi honetan (Charlier 1989an hil baitzen): azkenekoa, OK Corral, pasa den udan argitaratu zen Frantzian, eta duela gutxi Hegoaldean. Alde batera utzi, bestalde, Blueberryren gaztaroari buruzkoak (oso fanentzat bakarrik). Bizirik dirauen komiki zaharrenetako da Blueberry, eta zerbaitegatik da hori: haren lehenengo agerraldia 1963an izan zen, Pilote komiki-magazinaren orrialdeetan (komikiaren webgune ofiziala, hemen).

Eta galdera bat: zergatik euskaratzen dira halako film kaxkarrak, eta ez (esate baterako) Eraztunen Jauna-ren trilogia? Honakoek ez ote lukete euskaldun gehiago eramango zinema aretoetara? Eta Blueberry bezalakoek urrunduko? (euskarazko estreinaldiaren albistea, hemen)

(nota bene, minberentzat: mardulio hau copy/paste metodoaren bitartez egin da: lehenengo testu-prozesatzailean idatzi, eta gero Sustatuko orrialdean itsatsi eta txukundu; hau da argitaratzen den lehenengo aldia)

Erantzunak

PAN
2004-06-16 : 15:49

Gasteiz, estreinaldi eguna, bigarren funtzioa: bikote bat baino ez areto luze-zabalean.



Proiekzioa hasi orduko, damututa eta filma ikustera joan ez zirenen intuizioa laudatzen.



Txapa,

txarra,

astuna eta,

aldi berean, ahula,

efektu kaleidoskopiko gehiegizkoa,

...

ez komikien estiloa, ez ohiko bakeradena islatzen ez dakiena.



Gutxi bailitzen, kamerarekin eginiko desenfoke jolasez gainera, proiektorea zeharo desenfokatua pelikula guztian zehar, kredituetan ezin nabarmenago ikusi zen bezala.



Zinematik atera ondoko burutazioa:

azkenean bat euskaraz, eta honelakoa?

Arraioa!









Erantzun

Sartu