Sustatu logoa Teknologia albisteak

Noranahikoak debekatu nahi dituzte Parisen

Sustatu - Sustatu
2004-06-14 10:06

Parisen noranahikoak errepidean ibiltzeko debekua ezartzekotan dira. 18 hilabete barru, posible da noranahikoek ezin ibili izatea Frantziako hiriburuko kaleetan; Parisko Udalak aurkeztutako ebazpena onartu baita.

Denis Baupin, Berdeak alderdiko zinegotziak aurkeztu zuen ebazpena eta bere hitzetan, noranahikoak ez dira hiriburuetan ibiltzeko egokiak. Noranahikoak modan daude egun. "Kutsatzaileak dira, leku handia hartzen dute, oinezkoentzako eta errepideetako beste erabiltzaileentzako arriskutsuak dira", azaldu du Baupinek.

Kutsaduraren gainean

Onartutako ebazpenaren bitartez, noranahikoen erabilpena debekatzera heldu daitezkeela adierazi du Baupinek; 18 hilabetera. Ebazpenean hiriburuko trafikoa hobetzeko proiektu orokor bat era biltzen da. Parisko Udalak bizikleta eta autobusentzako bide (erreiak) ugari zabaldu ditu.

Gaur egun, autoen merkatuko % 5 osatzen dute noranahikoek eta kopurua gorantz doa; Mendebaldeko Europako batez bestekoa baino baxuagoa da.

Baupinek adierazi du gehien kutsatzen duten autoen zirkulazioa mugatzea dela helburua. Eremu horretan daude noranahikoak, baita kutsaduraren gainean Europan ezarrita dauden baldintzak betetzen ez dituzten beste auto mota asko ere.

Hartuko diren neurriak

  • Kutsadura gehiengo orduetan noranahikoen zirkulazioa debekatu nahi da.
  • Noranahikoen jabeei ukatu nahi zaie egoiliarrentzako aparkatzeko baimena.
  • Hiriburuan babestutako eremuetan ere debekatu nahi dituzte; Bois de Boulogne-n eta Sena ibaiko bankuetan, esaterako.

Datuak

The Guardian egunkariak inkesta baten emaitzak argitaratu ditu. Inkesta horren arabera, noranahikoen 8 erabiltzailetatik batek bakarrik erabili du errepide malkartsuan. Eta 10 erabiltzailetatik seik atera dute noranahikoa hiritik.

The Guardian-ek dio Frantziara berandu iritsi zela noranahikoen moda, herrialdean nagusi diren auto enpresek (Renault, Peugeot eta Citroen) ez baituzte oraindik noranahikoak eskaintzen. Mercedes-Benz, BMW eta Porsche markek merkaturatutako modelo garestiak geroz eta gehiago ikusten dira Parisko kaleetan. Iaz % 11 igo zen noranahikoen salmenta Frantzian.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu