Teknologia albisteak
5

"TCP/IP Sareak" liburua sarean

Erabiltzailearen aurpegia
JM Rivadeneyra - UPV/EHU
2004-06-09 : 13:06

Interneten teknologiari buruzko euskaraz egindako aurreneko liburua eskuragarri dago sarean.

"TCP/IP Sareak" liburua, sareei buruz euskaraz zuzenean idatzitako aurreneko liburua, dagoeneko eskuragarri dago Interneten, dohainik. Liburu honetan Interneten funtsa den TCP/IP sare-arkitektura eta berari lotutako aplikazioak eta segurtasun kontuak adierazten dira.

Nori zuzenduta

Unibertsitate mailako ikastaro baten oinarria izan daiteke, baina euskarazko ertaineko irakaskuntzan ere oso erabilgarria da liburua.

Beste aldetik, bere kabuz ikasi duenarentzat dago idatzita neurri handi batean, eta, beraz, birziklapena edo eguneraketa teknikoa behar duten Informatika eta Telekomunikazio profesionaleentzako ere laguntza handikoa izango da, bereziki testuinguru euskaldunean aritzen direnen kasuan, hiztegiaren aldetik egiten diren ekarpenengatik.

Edukia

Interneteko TCP/IP arkitektura sortzeko bide luzea berregingo du irakurleak liburuaren zehar, une bakoitzean sortutako arazoei erantzuna emanez. Ibilbidea arazo sinpleenetik (bi konputagailu elkarrekin komunikatu) konplexuenetara doa (mundu mailako sarez osatutako sarea eraikitzea). Tartean TCP/IP arkitektura osoa eraikiko du irakurleak, bere protokoloak (TCP, UDP, IP, IPv6, PPP, ICMP, ARP ...) eta aplikazioak (Web, FTP, DNS, Posta elektronikoa), eta hauei dagozkien estandarrak (socket interfazea, HTML, HTTP, POP3, RFC822, MIME, ...) eta arazoak aztertuz. Gainera, segurtasun kontuak ere azaltzen dira liburuan: kriptografia teknikak eta estandarrak (DES, 3DES, AES, SSL, sinadura digitalak, ziurtagiri elektronikoak, PGP, IPsec ...).

Liburuaren paperezko bertsioa joan den azaroan kaleratu zen. Orain, bere bertsio elektronikoa UPV/EHUko webgunean dago edozeinek erabiltzeko moduan, ondoko helbidean: http://www.sc.ehu.es/acwreco2/TCP_IP_Sareak/TCPIPSareak.html

Erantzunak

Aitor
2004-06-09 : 13:57

Eskerrik asko, Pepe, oso erabilgarria izango dela uste dut.



Eta nola ez, eskerrik asko zure lana sarean guztion eskura uzteagatik.

sonia
2004-06-10 : 11:58

Aipatzekoa da ere liburuaren aurkezpenean paperezko bertsioari buruz esaten dena:

"Paperezko bertsio horren prezioan fisikoki inprimatzeko kostuak soilik daude barne: idazleak edo editoreak ez dute sosik irabazten liburuaren salmentekin."

Txalogarria ekimena, ezta? Milaesker honegatik ere idazleari eta editoreari. Nik honezgero egin dut eskaera.





Iker
2004-06-10 : 17:47

Papereko bertsioa denda birtualen batean ote dago?

pepe
2004-06-10 : 18:31

> Papereko bertsioa denda birtualen batean ote dago?



Emandako url-n esaten du non dagoen eskuragarri liburua. Banaketa-kostuak ekiditzeagatik, inprimatzen duen berak saltzen du paperezko liburua.

josu
2004-06-10 : 21:22

Besterik gabe zorionak eta eskerrak halako egitasmoegatik

Erantzun

Sartu