Uztailean senda agiria emango didate
Joan den astean Santanderren izan ginen kontrola egiten, Valdecillako Ospitalean. Eta, egia esan, pozik itzuli ginen handik.
- Odol analisiak. Parametro guztiak normal agertu ziren.
- Erretxazoa. Ahoan aurkitu zizkidan medikuak erretxazo arrastoak, eta gaitz horri �liquem plano� deitu zion.
- Prednisona. Ahokoa zela eta, medikuak erabaki zuen igotea Prednisona kopurua, azken aldi honetan hartzen ari naizen kortikoidea. Bi astean hartuko ditut 20 mg. egunean. Eta plan bat egin genuen, Prednisona poliki-poliki jaisteko, ea bi hilabetean erabat kentzen dugun, erretxazo arrastorik barik.
- Gainerako botikak. Medikuak kendu egin zizkidan beste lau botikak, egunero hartzen nituenak, hemendik aurrera behar izango ez ditudalako.
- Uztailean, lanera. Osagileak paper bat egin zidan, eta hor esaten zuen azken aldi hau gaindituta, lanean hasteko moduan nagoela.
Eskaria Gizarte Segurantzari
Gizarte Segurantzan kontsulta eginda, idatzi dut eskari bat, berriro lanean hasteko, eta eskari hori Durangora eraman, medikuaren agiriarekin batera.
Ondo bidean, ekainaren bukaera aldean jasoko dut Gizarte Segurantzaren erabakia, berriz lanean has nadin. Eta hori horrela bada, 22 hilabete izango dira minbizia aurkitu zidatenetik, 2002ko irailaren 11n.
Tipi-tapa, berriz arineketan
Banekien Prednisonak ahuldu egiten dituela giharrak, baina aurrekoan medikuak ohartarazi zigun nekrosia eta osteoporosia ere eragin litzakeela hezurretan, denbora luzez hartuz gero, behintzat.
Hori dela eta, epe luzerako plan bat egin dut, berriz ere sasoian jartzeko. Alde batetik, hasi naiz ariketak egiten etxean, giharrak-eta indartzeko. Bestetik, arineketan ere hasi naiz, poliki-poliki, ariketa mota hau ona omen da-eta osteoporosia saihesteko.
Leku ezin egokiagoa aurkitu dut arineketan berriz ekiteko: Elorrioko futbol zelaia. Hor belar artifizialaren gainean aritzen naiz, gozo-gozo. Aldi batez horrela beharko, kontuan hartuta gaixorik egon naizen bitartean muskulu-masa handia galdu dudala, dauzkadan giharrak oso makalduta ditudala, eta hamar kilo gizenago nagoela.
Futbol zelaian nagoela, tartekatu egiten ditut arineketaldiak eta oinezkoak: bi minutu egiten ditut oinez, eta minutu bat arineketan, astiro-astiro. Horrela hogei minutu egin arte. Hori da nire abiapuntua. Pare bat aste hori eginda, beste modu batean hasiko naiz: minutu bat oinez, beste minutu bat arineketan.
Eta horrela egingo dut aurrera, poliki-poliki, gai naizen arte arineketan egiteko hogei minutu jarraian. Baina maila horretara iritsi arte denbora dezente igaroko da, badakit-eta, noiz edo behin min har nezakeela, eta horrek atzeratu egin lezake egutegia.
Datorren urtean, Arrasate-Oñati lasterketara
Epe luzerako planak ginda moduko bat izan dezan, helburu bat jarri diot neure buruari: datorren urteko Arrasate-O�ati lasterketan parte hartuko dut. Maiatzaren 7an jokatuko da eta, betiko moduan, 11 km. eta 300 metro izango ditu.
Hiruzpalau aldiz egin izan dut lasterketa hori, eta beti lagun askoren artean. Datorren urtean ere, ez naiz bakarrik arituko: Bego emaztea eta Jon iloba, besteak beste, nirekin izango ditut.
Dena dela, oraindik urtebete falta da, eta lan handia dut aurrera begira. Noan astiro, hobe izango dut eta.
Nahi badituzu irakurri aurreko artikuluak, Sustatun argitaratu ditudanak nire minbiziaren inguruan, hementxe dituzu. Klik egin testuaren gainean eta irakurri.
- Medikuak esan dit minbizia dudala.
- Eskerrik asko denoi ospitaletik!
- Hasi naiz kimioterapian.
- Nola esan zure alabatxoari minbizia duzula?
- Burusoil baten memoriak
- Berri onak: tratamendua aldatu didate
- Minbizia tarteko, ez didate berritu gida baimena
- Neuk ere hartu dut EPO
- Bete dut hirugarren zikloa, kimioterapian
- Nire hezur-muina garbi dago
- Santanderrera noa, transplantea egitera
- Urtebete minbiziarekin
- Valdecillako ospitalea, hitzez hitz
- Minbiziaren arrastorik ez, oraingoz
- Berriro agertu zait erretxazoa
- Nire gaixotasuna sendaezina da
Erantzunak kargatzen...