Kaixok diseinu berria paratu du sarean
Kaixok diseinua erabat aldatu du. Duela zazpi urte sareratu zenetik, izan duen aldaketarik nagusiena da. Izan ere, zeuden edukiak hobetu eta zerbitzu berriak eskaintzen ditu orain.
www.kaixo.com Interneteko euskal atariak itxura aldatu du. Diseinu berriarekin, bilaketak azkarrago egiten dira eta edukiak ere indarberrituta datoz. Berdea eta zuria dira oraingo kolore nagusiak, argazkiei aparteko garrantzia emanez.
Kanal berriak
Ohiko atalek edukiak berritu dituzte eta informazio gehiago eskaintzen dute. Hala, Kaixok eskaintzen dituen Txata, Foroa, Eguraldia, Jokoak, Abizenak, Doako posta zerbitzua, Sukaldaritza, Enplegua bilatzeko kanala eta Turismo zerbitzuei kanal berriak gehitu zaizkie. Euskal Abizenen datu basea handitu egin da eta eguraldi zerbitzua ere hobetu egin dugu, Euskal Herriko 40 herritik gorako eguneko iragarpena eskainiz.
Turismoari dagokionez ere, Euskal Herrian aurki daitezkeen jatetxe, hotel, ostatu eta landetxeen gida osatua eskaintzen du Kaixok.
www.kaixo.com gunean bisitatu dezakezuen diseinu berriari esker erabiltzaileak errazago nabegatuko du eta modu azkarrean bilatuko du nahi duen informazioa.
Berrikuntza aipagarrienetako bat kanalen zerbitzua da. Izan ere, Kaixok informazioaren aldeko apustu sendoa egin du eta lehendik doan eskaintzen zuen Europa Press albiste agentziak egiten dituen berriekin batera bere albiste propioak sortuko ditu. Kanalen tartean klik eginez, Teknologia, Kultura, Zinema, Kirolak, Ekologia, Telebista eta oro har eguneko berririk interesgarrienak irakurtzeko aukera izango du erabiltzaileak.
Gaurkotasuna
Gaurkotasunari garrantzia eman dio Kaixoren proiektu berriak eta, hortaz, egunero gure inguruan zein Euskal Herritik kanpo gertatzen diren berri garrantzitsuenak bilduko ditu. Webgunea goizeko zortzietatik arratsaldeko zazpiak bitartean berrituko da etengabe. Diseinu berria erakargarria, arina eta erabiltzeko erraza da oso.
Halaber, erabiltzaileen parte-hartzea sustatzeko lau zerbitzu eskainiko ditu: Euskaltegia, Buletina, lehiaketa eta Inkesta, alegia. Hilean behingo lehiaketan parte hartuz erabiltzaileek beraiek aukeratuko duten Euskal Autonomia Erkidegoko landetxe batean bi lagunentzako asteburua irabaz dezakete. Inkestak ere gaurkotasunari erreparatuko dio eta astean behin aldatuko da, erabiltzaileen partehartzea bultzatuz, beraiek ere interesatzen zaien gaiaren inguruan galdetzeko aukera izango baitute.
Buletina
Buletinari dagokionez, bi mota izango dira aukeran. Lehenengoan erabiltzaileak interesatzen zaizkion berriak aukeratuko ditu, hots: Teknologia, Telebista, Kultura... eta Kaixok egunero bidaliko dio helbide elektronikora interesatzen zaion gai horren inguruan egunean dauden berriak. Bestalde, ostegunero asteko buletina igorriko dugu. Bertan, asteko albisterik garrantzitsuenak, elkarrizketak, kritikak, abizen baten inguruko informazioa, lehiaketa eta inkesta jasoko dira. Buletina jasotzeko erabiltzailea www.kaixo.com helbidean harpidetu beharko da.
Martxan jarriko diren zerbitzuak
Gutxi barru, on-line euskaltegia, kritikak eta burtsa zerbitzua ere eskainiko ditu Kaixo.comek. On-line euskaltegia uztailerako abian jartzea espero dute arduradunek. Oinarrizko ezagutzak lortzea izango du xede euskaltegiak eta , beraz, lehen urratsetara bideratuta egongo da. Kaixoren on-line euskaltegiak Habek utzitako edukiak izango ditu eta ezagutza maila ertaina dutenak Habek euskara internet bidez ikasteko berriki sortutako Boga zerbitzura bideratuko ditu Kaixok.
Halaber, ostiralero kritikari leihoa irekiko diogu, eta aisialdirako proposamenak egingo ditugu. Batetik, telebista, literatura, zinema eta musika esparruko lau adituk astero film, liburu, telesail, disko edota kontzertu baten gaineko kritika egingo dute. Bestalde, asteburuari begira, Euskal Herriko txoko bat proposatuko dugu, horren inguruko erreportaiaren bidez.
Burtsak ere izango du lekurik Kaixon. Hilabete batzuk barru bertoko diru merkatuen bilakaera ezagutzeko parada izango dute erabiltzaileek.
Erantzunak kargatzen...