Sustatu logoa Teknologia albisteak

BBCk Creative Commons sistema erabiliko du bere artxiboak hedatzeko

Goiena - Usoa Agirre
2004-05-28 13:05

Orain arte, bazirudien copyrighta zela jabetza intelektuala babesteko era bakarra. Baina, orain, sormenaren aldi berri bat datorrela dirudi, ideiak konpartitzean oinarritzen dena. Eta BBCk ere aldi horretan sartu nahi izan du.

Jabetza intelektualaren legediak nahiko garbi ditu gauzak: edozein sorkuntza lan kopiatu nahi izanez gero, egilearen baimena behar da. Sorkuntza lan guztiak, printzipioz ezin dira kopiatu. Horrelaxe izan da copyrighta asmatu zenetik. Eta horrela sortu da industria bat eta eskubideak kudeatzeko sistema bat.

Copyrighta ez da modu bakarra

Mundu digitalean badu zentzua sorkuntza lan baten kopiak egiteko baimena ematea. Copyrightak, adibidez, nahasketez osatutako diskoak egitea eragozten du. Eta horrek, zuzenean, egileari egiten dio kalte (bere musika ez bada hip-hop zirkuituan entzuten, gutxiago ezagutuko dute, eta gutxiago salduko du...).

Hor sartzen da copyleftaren ideia. Copyleftaren asmoa da publikatzen den lan bakoitzarekin batera kopiatzeko baimen bat ematea, beti ere kopia hori baldintza batzuen barruan egiten bada. Hemen sartzen da Creative Commons; kopiatzeko lizentzia horien fabrikazioa erraztu eta automatizatu du sistema horrek. Orain, edozein egilek eman dezake baimena bere lana kopiatzeko, baldintza batzuk jarriz. Adibidez: abesti hau "sanpleatu" daiteke, baina ez kopiatu.

Creative Commonsen eredua zabaltzeko

Orain, BBCk bere artxiboak hedatuko ditu, Creative Commonsek eskaintzen dituen lizentziak erabiliz. Britainia Handiko irrati telebistak bultzada handia emango dio Creative Commonsi eta mundu guztian bere eredu alternatiboa ezagutzera emango du.

Creative Commonsen eredu alternatiboa estatu ezberdinetako legedira egokitzen ari dira, tartean daude Espainia eta Frantzia ere.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu