Sustatu logoa Teknologia albisteak

Euskararen Datu Basearen aurkezpena

Olatz Altuna - SEI Elkartea
2004-05-28 12:05

SEI Elkartea azken urteetan lantzen ibili den Euskararen Datu Basea (EDB) egitasmoa, azkenean kalean da. EDB Aztiker Soziologia ikergunearekin batera garatu dugu, eta lehen bertsio honek Udalbiltzaren laguntza izan du.

Zer da ordea EDB? Bada, Euskal Herri mailan lor daitezkeen euskararen inguruko datu estatistikoak (ezagutza, erabilera, matrikulazioa,...) bildu eta herritarrei modu erraz eta erabilgarrian eskaintzen dituen web bidezko datu-base publikoa da. Hauek dira lehen bertsio honek Euskal Herri osorako jasoko dituen datuak:

  • Euskararen kale erabilerari buruzko datuak.
  • Hizkuntza-gaitasunari buruzko datuak.
  • Erabileraren eta ezagutzaren arteko eraginkortasun indizea
  • Irakaskuntzan matrikulazioari buruzko datuak

Beste zenbaiten artean, bi hutsune nagusiri erantzun asmo dio tresna honek: batetik, modu eta leku desberdinetan sortzen diren euskararen egoeraren inguruko datuak datu base bakar batean biltzea; eta bestetik, behingoz, Euskal Herri mailako datuak osatu eta erabili ahal izatea.

Laburki azalduta, esandakoak dira sortu berri dugun tresnaren ezaugarri nagusiak. SEI Elkarteak egitasmo honen bidez soziolinguistikaren ezagutzaren garapenean beste ekarpen bat egin nahi izan du. Horretarako, besteak beste interneteko teknologia aurreratuaz baliatu gara.

Euskararen Datu Basea

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu