Sustatu logoa Teknologia albisteak

"Boga": Euskara Internet bidez ikasteko sistema multimedia berria

Sustatu - Sustatu
2004-05-26 10:05

Denbora eta toki mugak hautsi

Boga da HABEk kaleratuko duen baliabide berria. Euskara Internet bidez ikasteko programa informatikoa da "Boga". Hizkuntzaren ikaskuntzan denbora eta toki muga hausten ditu; azken batean, ikasleak nahi duenean eta nahi duen lekutik ikas bailezake.

Ordenagailu bidez, on-line eta CD batzuren bidez funtzionatzen du "Boga"k. Habek bultzatuta, Aurten Bai Fundazioaren, Bilboko Bass enpresaren eta Euskal Herriko Unibertsitateko Informatika sailaren laguntzaz garatu da.

Bost ikastaro

"Boga" bost ikastarotan dago zatituta. Ikastaro bakoitza 15 unitatetan banatzen da, eta horietako bakoitza 10 saiotan. Saioak ariketez osatuta daude -bataz beste, 30 ariketa saio bakoitzeko-, eta horiek eginaz egingo du aurrera ikasleak.

Unitate bakoitzaren haria istorio bat da, hamar saioetan aurrera eginez garatzen dena. Ariketen nolakoari dagokionez ere, zabala da sistemak eskaintzen dituen aukerak: hutsuneak bete, azpimarratu/aukeratu, egia/gezurra, ordenatu, bikoteak osatu eta abar. Ikasleak beti irakasle bat izango du atzetik, eta horrek egingo dio jarraipena hainbat material gomendatuz, neurriko saioak sortuz, zuzenketak eginez edota behar duen laguntza eskainiz.

"Boga"rako sarbidea nahi duen edonork euskara-eskola baten bidez matrikulatu beharko du, euskaltegi edo Euskal Etxeetan. "Boga" Internet sisteman oinarritzen da, eta, berarekin lan egiteko, erabiltzaileak pasahitz bat eskuratuko du. Dagoeneko, hainbat euskaltegik eman dezakete pasahitza Euskal Herrian, baita Euskal Etxe batzuek ere munduan zehar.

Bertsioak

Horretarako, eta ahalik eta aukerarik zabalena eskaintzeko, zenbait bertsio eskainiko ditu HABEk. Dagoeneko erabilgarri daude euskara/gaztelerazko eta euskara/ingelesezkoak; euskara/frantsesekoa, berriz, 2004ko irailetik aurrera izango da eskuragarri.

Euskarri informatikoak

HABE gizarteratu dituen euskarri informatikoetan garatutako baliabideak:

  • Habenet webgunea. Orain bost urte jarri zuen martxan.
  • Gero, Aurten Bai fundazioarekin elkarlanean, "Hezinet" kaleratu zuen, euskara ikasteko programa informatikoa.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu