Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkarteak (EIZIE) Literatura Unibertsala bildumarako itzulpen lehiaketa antolatu du. Aurten, 36 idazleren obra zerrenda bat hautatu da. Proposamenak aurkezteko epea ekainaren 24an amaituko da.
Parte hartzeko baldintzak
Lehiatzaile orok obra baterako edo gehiagotarako itzulpen-proiektuak aurkeztu ditzake, bakoitzari bere lema eta gutunazal itxia erantsiz.
Aurkeztu beharrekoak
Hamar orrialdeko lagina aurkeztu behar da euskaraz, lau kopiatan eta orri zenbakituetan. Besterik aipatzen ez denean, liburuaren -ez hitzaurrearen- hasierako orriak itzuli behar dira (12 tamainako letra, lerro arteko espazioa 1,5).
Itzulpena egiteko erabilitako jatorrizko liburuaren fotokopiak (10 orrialdeko laginari dagozkienak), lau kopiatan, eta bibliografi fitxa (jatorrizko titulua, edizioa, urtea, eta abar). Jatorrizko testua Internet saretik jasoa baldin bada, helbide zehatza adierazi behar da.
Itzulpen proiektu bakoitzak ezizena eramango du. Aparteko gutunazal itxi batean itzultzailearen izen-deiturak, helbidea, telefonoa, sinadura eta nortasun agiriaren fotokopia emango dira, kanpoaldean itzulgaiaren titulua eta itzultzailearen lema edo ezizena adieraziz.
Itzulpen-proiektua postaz bidali nahi izanez gero, "Literatura Unibertsala" lehiaketarako dela adierazi behar da gutunazalean.
Adjudikaziorako epaimahaia
Itzulgaiak nori esleitu, horretarako eratuko den epaimahai batek erabakiko du eta honela osatuko da: Eusko Jaurlaritzak izendaturiko itzulpen-munduko aditu bat, itzulpenen argitalpenak egingo duen argitaletxeak proposaturikoa, eta EIZIE elkarteak izendaturikoa. EIZIE elkarteak idazkari bat ere izendatuko du, hizpiderik eta botorik gabe arituko dena. Epaimahaiaren erabakia atzeraezina izango da.
Itzulgaien zerrenda www.eizie.org webgunean eskuratu daitezke. Argibide gehiago jasotzeko bulegoa@eizie.org helbidera idatzi edo deitu 943 27 71 11 telefonora.
Erantzun
Sartu