Amazon, Dell, HP, eta beste enpresa askotako lehendakariak entzuten zituela, blogak izan zituen mintzagai Microsofteko sortzaileak. Gatesen iritziz, blogak oso erreminta egokiak izan daitezke negozioetarako.
Sekula ez da berandu Microsoft enpresa erraldoiarentzat. Orain arte apenas egin dio kasu blogintzari. Orain, ostera, arrisku eta aukera moduan ikusten duenean, estrategia berrien jopuntuan jarri du bloga.
Iragan ostegunean gertatu zen, Microsoften egoitza nagusian, Redmond hirian. Urtero bezala, Bill Gatesek gonbidatu zituen zenbait multinazionaletako lehendakariak, jardunaldi batzuetara. Eta hantxe esan zien blogintzak erraztu egiten duela komunikazioa enpresan. Azaldu egin zien gero nola egiten duten lan blogek, eta iradoki zien blogak erabil daitezkeela bezeroekin komunikatzeko.
Reuters albiste agentziaren iritziz, orain arte Microsofteko inork ez du hain luze eta zabal hitz egin blogen gainean. Gatesen hitzetan, blogek gainditu egiten dituzte e-postaren eta webguneen eragozpen asko eta asko.
Mehatxua Windowsentzat
Hori horrela da, neurri handi batean, RSS (Real Simple Syndication) teknologiari esker. Berau erabilita, irakurleak jarraipena egin diezaioke albiste argitaratu berriari, bila ibili beharrik gabe webgune batetik bestera nabigatzen. Horren ordez, gero eta jende gehiago ari da harpidetza egiten Bloglines bezalako zerbitzuetan, hauek aukera ematen diote-eta, pantailaz aldatu barik, errepasoa emateko norberak aukeratutako hedabide elektronikoei, beti ere webgune horiek RSS, RDF edo XML baldin badute, noski, Gari Araolazak Sustatun azaldu zuen moduan.
Joe Wilcox analistaren iritziz, Microsoft konturatu da blogen atzean sekulako mehatxua egon daitekeela Windows sistema eragilearentzat. Izan ere, blog gehienek, eta hauek erabiltzeko erremintek, lan egin dezakete Windows barik, eta hori dela eta, jende asko urruntzen has daiteke Microsoften eraginpetik.
Microsoft banaiz, eta nire helbururik behinena baldin bada Windowsen kopia gehiago saltzea dio Wilcoxek, orduan argi dago buru-belarri sartu behar naizela fenomeno horretan. Are eta gehiago, ikusirik Googlek aspalditxotik sartu zuela muturra blogintzan, 2003an Blogger erosi zuenetik.
Hiztegi txiki bat, blogak hobeto ulertzeko
Weblogak edo blogak ugaltzen ari dira, perretxikoak bezala. Euskaraz ere baditugu hainbat, Sustatu hau bezala, Goiena.net, eskualde albistaria, Sarean.com Jabi Zabalarena edo Ingelesen hilerria Luistxo Fernandezen blog pertsonala.
Blogekin batera, terminologia berria hedatzen ari da, batez ere ingelesez. Hona hemen zenbait adibide:
Gaur ikusi dut Amazon-ek Plog izeneko blog zerbitzua ipini duela martxan bere salmenta sistema osatzeko.
Gainera Amazonek erregistratu egin du Plog zerbitzua, ez nik aurrerago emandako zentzuan, baizik eta personalized blog bezala.
"The Plog Service is a personalized blog" diote Amazonekoek.
Terminologiarekin jarraituz, eta enpresak, negozioak, proiektuak,... aipatu dituzunez, beste askoren artean erabiltzen hasi den beste termino bat:
Plog edo project management blogs . Michael Schrage -k The Virtues of Chitchat izeneko artikulu honetan ideia hori azaltzen du apur bat.
Negozioetarako erreminta egokia izateaz aparte, edozein proiektu mota - enpresa, hezkuntza, euskalgintza, teknologia berriak, informazioa, ... -, landu eta kudeatzeko balio dezake.