Hurrengo astean, maiatzaren 24an Iruñean eta, 25ean Gasteizen, Europako Kontseiluko adituek bilerak egingo dituzte Euroitunaren betetze maila ezagutzeko.
Ebaluazio txostena
Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluko Idazkari Nagusiak, Xabier Mendigurenek eta Hizkuntza Eskubideen Behatokiko zuzendariak, Juan Inazio Hartsuagak, prentsaurrekoan "Europako Kontseiluan Espainiako estatuak Erregio zein Gutxiengo Hizkuntzen Europako Ituna euskarari aplikatzearen ebaluazioa" izeneko txostena azaldu dute.
Xabier Mendigurenek azaldu duenez, "Behatokiak egin duen txosten hau, adituei azalduko zaie eta euskalgintzako erakunde hauen ekarpenekin egin da: Abokatu Euskaldunen Sindikatua, AEK, Argia, Artez, Berria, Bostak Bat kultur elkartea, Emun kooperatiba elkartea, Elkarlanean argitaletxea, Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua, Euskal Soziolinguistika Institutua, Goiherriko Euskal Eskola, Hik-Hasi, IKA, Karmel aldizkaria, Osasungoa Euskalduntzeko Erakundea, Oinarriak eta Sortzen-Ikasbatuaz".
Ekainak 5, Iruñean
Kontseiluko Idazkari Nagusiaren hitzetan, "Espainiako estatuak konpromiso batzuk hartu zituen Euroituna berrestean eta euskarari dagokionez ez ditu bete. Espainiako estatuak itxurakeria hutsa egin zuen konpromisoak hartzeko unean". Bestalde, Xabier Mendigurenek azpimarratu du: "gure hizkuntzaren normalizazioa lortuko da, gizartearen arlo guztietako enpresen, erakundeen, instituzioen eta norbanakoen konpromisoen bidez". Ildo horretatik, ekainaren 5ean Iruñean egingo den "Hizkuntz Eskubideak! Denon Konpromisoa" izeneko manifestazioan parte hartzeko deia berretsi nahi izan du.
Juan Inazio Hartsuagak, berriz, azaldu du "Espainiako estatuak ez duela zabaldu Euroitunaren edukia, Espainiako legediak eduki hori gainditu egiten duela aitzakiatzat ipiniz". Gainera, estatuak aurkeztu duen txostenean ez da aztertzen Euroituna benetan betetzen ote den. Bakarrik esaten du Espainiako legeak ez direla Euroitunaren kontrakoak. "Legedia aztertzen du, ez errealitatean zer gertatzen den".
Bukatzeko, Behatokiaren zuzendariak Euroitunaren ez betetzearen arlo batzuk azaldu ditu: "Nafar Gobernuaren iritziak eta ekintzak diskriminazio positiboaren aurka bete-betean Euroitunaren kontra jotzen dute; Euroitunak botere publikoei ematen dien agindua hizkuntz txikien aldeko tolerantziazko giroa sortzen laguntzeko hezkuntza sisteman eta komunikabideetan, ez da betetzen; auzitegietan euskaraz jarduteko eskubidea ez da bermatzen, ez eta eskubide horren ezagupidea epaileen artean ere; irakaskuntza eta komunikabideen arloan ere ez dira Euroitunak ipinitako minimoak betetzen".
> Hurrengo astean, maiatzaren 24an Iruñean eta, 25ean Gasteizen, Europako Kontseiluko adituek bilerak egingo dituzte Euroitunaren betetze maila ezagutzeko.
Bilduko al dira Europako Kontseiluko adituak Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzarekin?