Teknologia albisteak
5

Posta-zerrendak kudeatzeko sistemetan jauzia eta gerra

Erabiltzailearen aurpegia
Luistxo Fernandez - CodeSyntax
2004-05-14 : 11:05

Yahoo eta Google-ren arteko gerran beste fronte bat ireki da: posta-zerrenden kudeaketa sistemetan. Gudaldiko munizioan, mezuen XML feed edo jarioak darabiltzate orain bi aurkariek.

Oso baliabide indartsuarekin irten da kalera Google: Google Groups 2 Beta ( beta horrek esan nahi du probetan daudela oraindik). Ez bakarrik jendearentzako zerrenda eta bulletin publiko eta pribatuak (Yahook bezala), Usenet-eko artxibo osoa ere sistema berean integratzen da, hango newsgroup edo berri-talde guztiekin. Yahoo Groups sistemarentzako lehia zuzena

Gainera, gehikuntza ekarri dio Googlek sistemari. Zerrenda edo talde bakoitzaren informazioa XML-ezko feed edo informazio-jarioekin dator. Ez bat, gainera, baizik eta bi: mezuz mezukoa bata, eta bestea harien araberako ( haria esaten zaio eztabaidagune batean mezu nagusi bati eta haren harira sortzen den erantzun-kateari). Esate baterako:

Yahoo neurri batean ezustean harrapatu du honek. Onelist sistema sortu zuen Mark Fletcherrek hausnarketa interesgarria egin du gaur honetaz. Fletcherrek badaki apur bat horretaz, Onelist hura eGroups-ekin batu zelako gero, eta eGroups gero Yahoo Groups bilakatu zen. Eta zera dio: Yahook erosi zuenetik eGroups, apenas gehitu dion ezer, eta bai gauzak murriztu. Orain Bloglines gidatzen du Fletcherrek, eta ez zaio arrazoirik falta. Bilaketa funtzioa txarra eta traketsa du Yahook inon halakorik bada.

Hala ere, Yahoo Groups ere ari da mugitzen. Jakin dugunez, XML jario propioa ere badute orain bertako zerrendek, erdi ezkutuan bada ere. Hortaz, hor dago zerrenda euskaldun hauen XML feedak:

Euskarazko XML feed bilduma eguneratu dugu helbide honetan:

Erantzunak

patxiku
2004-05-14 : 13:20

Badira, publikoak ez diren zerrendak. Alegia, harpidedunek bakarrik jasotzen dutela bertako berri, hitz gakoa sartuta soilik ikusi daitezke web bidez.



Hoietako informazioa ere xml bidez batu daiteke?



Ikusi dut, boglines horretan jarri dituzuenetatik eibartarrak eta holango posta zerrendetako mezu guztiak batu dituzuela.



Orduro berriztatzen dituzue gainera... ze erabilpen emango diozue horri?



Segi azaltzen, Luistxo.

Luistxo Fernandez
2004-05-14 : 14:11

> Badira, publikoak ez diren zerrendak. Alegia, harpidedunek bakarrik jasotzen dutela bertako berri, hitz gakoa sartuta soilik ikusi daitezke web bidez.

>

> Hoietako informazioa ere xml bidez batu daiteke?



Googlegroup pribatu baten mezuak XML-ez ere kodetzen dira, bai. Baina, haiek irakurtzeko, sarbide pribatu horretara baimenarekin bakarrik sartzen ahal zara. Bloglines bezalako feed-irakurgailu publiko batekin ezin da horrelakorik irakurri. Aproba egin dut, eta ezin da, logikoki, bestela segurtasun zulo larria litzateke: nik talde pribatu bat badut, beste edozeinek Bloglines-etik han zer dudan irakurtzea... hori ez zait komeni. Ez dakit nabigatzailearekin integratutako sistema pribatu batekin egiterik ba ote dagoen: baldin eta sistema berak egiaztatzen baditu pasahitzak web bidezko konexioetarako edo XML-ak jasotzeko, pentsatzen dut posible izango dela.



> Orduro berriztatzen dituzue gainera... ze erabilpen emango diozue horri?



Eibartarron helburua da munduaren dominazioa.

Luistxo Fernandez
2004-05-14 : 14:16

Yahoo Groups-en berdintsu, oraintxe konprobatu dut. Zerrenda pribatuek badute XML jarioa, baina bakarrik pasahitzarekin kontsultatzen ahal dira, ezin Bloglines bidez.

patxiku
2004-05-14 : 14:26

Posta zerrendetan eztabaidatu, proposatu edo egiten dena, webgunean txertatzeko modu interesgarria izan daiteke zeharo.


Guk, badaukagu Literatura Eskolan posta zerrenda bat, momentuz pribatua dana... baina horko eduki asko izaten dira garrantzitsuak eta interesgarriak kanporako ere... aukeran inoiz sindikatzearen beharraz arituko gara posta zerrendan bertan, eta xml-ak ematen dituen aukerak aztertuko ditugu.


Bistan denez, beste posta zerrenda askotan ere informazio oso mamitsua sortzen da.


Beste itaun bat, google-en sortutako zein posta zerrenda euskaldun dago jada? Ikusi dut, eibartarrok aritu zaretela zeozertan, besterik?


Dick Turpin
2004-05-14 : 21:29

Googlen eskaintzak —Gmail zerbitzuaren bidez 1GBeko memoria eskainiko du, doan— urduri jarri ditu Yahoo! eta Microsoft. Haren erronkari erantzuteko, Yahook jakitera eman du uda partean-edo hasiko dela eskaintzen 100 MB, doan, e-posta biltegiratzeko. Gaur egun 6 MB eskaintzen ditu, musutruk.


Ordaintzen dutenei, berriz, emango die ia “mugarik gabeko” ahalmena e-posta gordetzeko.
Gaur egun, horiek ordaintzen dute 50 dolar, eta jasotzen dute 100 MB.


Microsoften erantzuna ere ez da larregi atzeratuko. Honetaz gehiago irakurri nahi izanez gero, klik egin InfoWorld agerkarian.


Erantzun

Sartu