Sustatu logoa Teknologia albisteak

Spam poemak

Iban Zaldua
2004-05-14 10:05

Spam poemak aurkeztea (eta prologatzea) onartu dut bi arrazoirengatik, nagusiki: bata, liburua aurkezgarria iruditu zaidalako –hau da, ezbairik gabe, arrazoi nagusia– eta, bestetik, gustatzen zaidalako halako aurkezpen batera etortzeak planteatzen didan paradoxa.

Azken arrazoi hori, paradoxarena, errazagoa zaidanez azaltzea, eta laburragoa gainera, hortik hasiko naiz. Bai, paradoxa da ni, Iban Zaldua, poesia liburu bat aurkezten aritzea, poesiari buruz daukadan irudia, oro har, ez delako oso ona; izan ere, "Poesiaren kontrako manifestu" bat idatzi nuen aspaldi, eta, zer esango dizuet, ez naiz damutzen han esandakoez, eta hitz haiek ia lehenengo aldiz formulatu nituen bezala berresteko prest nago: poesia, maiz, trikimailu bat da poetarentzat, arte gorena egiten ari dela erakusteko, norberaren hitzak nolabaiteko traszendentziaz betetzeko ahalegina. Nahiz eta, egia esateko, errua ez den horrenbeste poesiarena, poetena baizik: haiek dira idazten dutenari maila berezi eta aparteko bat emanez nolabaiteko traszendentzia eskuratu nahi dutenak. Ez naiz, beraz, gehiegi fio poetez, eta poetek eurek badakite hori. Horregatik, gonbit hau jaso nuenean, Castillo Suarezen liburu berria aurkezteko, harridura eta jakin-mina sentitu nituen.

Egia da azken aldi honetan, bestalde, eta neure aurreiritziak aurreiritzi, poema-liburu onak eta kitzikagarriak argitaratu direla gure artean. Azkeneko lau urte hauetan, milurteko berriko lehenengoetan alegia, euskaraz hiru poema-liburu gogoangarri argitaratu direla esango nuke, nire ikuspuntu berezitik: Miren Agur Meaberen Azalaren kodea, Kirmen Uriberen Bitartean heldu eskutik eta Anjel Erroren Eta Harkadian ni. Eta kuriosidadea nuen jakiteko eta Castillo Suarezen liburua laugarrena izan zitekeen, nire zerrenda partikular eta transferiezin horretan.

Ondorioz, agindu nion egingo niola hitzaurrea (eta aurkezpena), baina bakarrik liburua gustatzen bazitzaidan. Eta hemen nago, Spam poemak apalategian jartzeko prest, Azalaren kodea, Bitartean heldu eskutik eta Eta Harkadian ni-ren aleen artean.

Zer esanik ez, ezagutzen nituen Castillo Suarezen aurreko lanak, batez ere Susa argitaletxearekin kaleratu zuen Mugarri estaliak, eta hasieratik gustatu zitzaizkidan. Ez freskoak zirelako –hori egotzi ohi zaie idazle gazteen lehenengo liburuei–, kontrakoagatik baizik: heldutasun itxura zutelako (oker ez banago, halako zerbait esan zuen Juanjo Olasagarrek Mugarri estaliak horien aurkezpenean…), ez ziruditelako neska gaztetxo batek egindakoak, hausnarketarako parada ederra eskaintzen zutelako eta ironiaren eta are autoironiaren erabileran finezia bat erakusten zutelako.

Alde horretatik, Spam poemak aurrerapauso bat dira, inolako zalantzarik gabe. Egia da ironia flakatu egin dela aurrekoekin konparatuta, are desagertzeraino, eta mingotsagoa bihurtu dela agian: oro har poema-liburu serioago, tristeago bat eraiki du Castillo Suarezek aldi honetan, edo hori iruditzen zait behintzat. Baina bere beste ezaugarri poetiko guztiek hor diraute, hobetuta: idazkera gardena baina ez sentzilloa (hizkuntzarekiko gehiegizko liluraren arrastorik gabe), prosarena ez den narratibitate baterako joera, ideia eta irudi elkarketa ausartak eta berriak, sentimentalkeria alde batera uzten duen lirika bat, bere literaturtasunaz kontziente den poetika bat... Tematika aldetik ez dago berrikuntza berezirik: amodioaren eta komunikazioaren ezintasuna, egungo munduak pairarazten digun bakardadea, herrigintza eta bere oztopoak, gure gatazkaren oihartzunak (agian, gai honen presentzia handiagoa –eta mingarriagoa– azpimarratu daiteke); ados, ezer berririk ez eguzkipean, baina kontua da hori ez dagoela gure esku, idazleok Homeroren garaitik ari garela eskura ditugun sei edo zazpi gai horien inguruan... Idazlearen ekarpenak beste bat izan behar du, izatekotan, eta horixe da lehengo zerrendatxoarekin azpimarratu nahi nuena. Edonola ere, goazen banan-banan iradoki ditudan ezaugarri horiekin:

  • Idazkera gardena baina ez sentzilloa. Poetak askotan galtzen dituena, nire uste apalean, hizkuntzaren lilura da. Poesia ez da haientzat literaturaren gailurra (hori ere), baizik eta hizkuntzaren gradu gorena, eta batzuetan (askotan) helburu horren zerbitzura jartzen dute poema, hots, fonologiaren eta sintaxiaren zerbitzura batik bat, komunikazioa ahaztuz. Tim Buckley kantari amerikarrak esaten omen zuen, bere kantez ari zela, hitzen arazoa dela esanahi bat dutela. Oso ederrak izan daitezkeela, alegia, oso soinu ederrak sor ditzaketela, baina kontuan hartu behar dela esanahi bat dutela, tamalez. Eta hori da poetek ahazten dutena, maiz. Castillo Suarez da ahazten hitzen esanahiaz. Inkomunikazioaren arazoak salatzen dituen poesia bat da (besteak beste) Castillo Suarezena, eta horregatik hain zuzen ere saiatzen da komunikatiboa izaten, ez ahazten hitzek, fonemez osatuta egoteaz gain, badutela semantika bat.
  • Baina gardena den arren, ez da idazkera sentzilloa, laua, ez horixe: Castillo Suarezek ondo menderatzen du gure hizkuntza. Eta horregatik diot baduela narratibitaterako joera, azken aldiko euskal poesia askoren ezaugarria, baina ez dela zehazki prosaren narratibitatea. Castillo Suarez ez da zutabeak eta poesia modu berean idazten dituen horietakoa: badaki mugak daudena genero baten eta bestearen artean, eta poesia egitean beste zerbait lortzen saiatzen da. Collagearen teknika erabiltzen du askotan, eta nabari da poema askoren azkeneko emaitza destilazio-prozesu baten ondorio direna, zeinetan hitz batzuek beste batzuk ordezkatu baitituzte, eta zeinetan kimatze-lan handia egin baita. Augusto Monterrosok esan zuen bezala, "Prosan, esaldi bakoitzaren funtzioa hurrengora eramatea besterik ez da. Bertsolerro bat ona bada, ez dago sekula sobera; baina prosan esaldi on askori egin behar zaio uko, soilik beharrezkoa uzteko". Castillo Suarezek ez du egiten prosarik bere poemekin, ezta poesiarik bere zutabeetan, eta hori eskertzekoa dela uste dut.
  • Bide horretatik, ideia eta irudi elkarketa ausartak eta berriak egiteko paradaz aprobetxatzen da Castillo Suarez bere poemagintzan. Niri inbidiarik handia ematen didana –hala Castillo Suarezenean nola beste egile batzuen poesian eta baita prosan ere–, da esaldi biribilak ehuntzeko abilezia aparta, aipu bihur daitezkeen esaldiak egiteko alegia; izan ere, liburuko hitzaurrea horrelaxe eraiki dut, bere liburuetatik esaldiak eta poema zatiak aukeratuz, eta elkarrekin lotuz. Eguneroko hizkuntza administratibotik edo teknologikotik ateratako hitzek eta esapideek ezustekoak ematen dizkigute adjektibo jakin batzuekin elkartzean, eta irudi bitxiak sortzen dira, ondorioz, irakurlearen gogoan, pentsarazten duten horietakoak. Izenburuak berak planteatzen digun paradoxa ildo horretatik doa hain zuzen ere, eta, bide batez, Castillo Suarez egungo egile bat dela frogatzen digute. Izan ere, duela ez hainbeste, sustatu.com albistegi elektronikoan, Joxe Aranzabal kexu ageri zen –nolabait– ordenagailuen eta interneteko kontuek euskal literaturan eskuratu duten espazio txikia dela eta; kexurako motibo bat gutxiago dauka gaurtik aurrera, spam-a bezalako fenomeno bat poesia liburu bateko azalera heldu denez gero. Baina egungo munduaren presentzia ez da horretan soilik sumatzen: ohitura, figura, gaitz berrien aipamena behin baino gehiagotan azaltzen da, betiko gaien inguruko hausnarketekin nahastuta, adibidez, “Kontratazio espedientea” poeman ("Horregatik gure maitasuna kontratazio espedientea da: / laguntza kontratua, hitzartua eta prentsan iragarkirik jarri gabe").
  • Bestalde, sentimentalkeria alde batera uzten duen lirika bat darabil Castillo Suarezek, maiz gogorra egiten dena ("Gaur Mikelekin egin dut lo. / Erdi konpromisoz onartu du etxera etortzea. / Kamiseta jantzita sartu da ohatzera / eta eskua azpitik sartu dudanean / ez du irribarrerik erakutsi, / begiak txiki-txiki uzten dizkion irribarrea, / lankideen aurrean eskaintzen didan berbera"). Eta hori inportantea iruditzen zait gure artean, eta are gehiago poesian (baina ez bakarrik poesian). Zeren eta, gure literaturan, eta baita ingurukoetan ere, baina gurean batik bat -eta Rikardo Arregi Diaz de Herediari erabili ohi duen esapidea lapurtuz-, egileek badute papilla sentimentalerako joera handia, kasik ezinbestekoa; sentikortasunaren eta milikeriaren, samurtasunaren eta samurkeriaren arteko muga maiz pasatzen dute poetek eta prosistek, samurkeriaren aldera maizenik... Hitzaurrean esaten dudan bezala, hau da, agian, euskal poesiagintzan lehenengo aldia txoririk ez dela azaltzen poemategi osoan, eta datu esanguratsu bezain positiboa da hori (tira, badakit, esajeratzen ari naiz). Horrek ez du esan nahi sentimendurik ez dagoenik hemen: ez dagoena da sentimendu horien inguruko gehiegikeria edo abusurik.
  • Azkenik, oso autokontzientea den poesia bat praktikatzen du Castillo Suarezek, eta horregatik diot bere literaturtasunaz kontziente den poetika baten jabe dela. Azkeneko moda, dirudienez, da liburu baten merituak goraipatzea haren zintzotasuna azpimarratuz: sinzeridadea, erabateko zintzotasuna, azkeneko moda literarioa. Beno, nik ez dut uste berezko meritu bat denik, zintzotasunarena, literaturaz ari garenean; ezin da besterik gabe alboratu osagarri bezala, noski, baina sinzeridadea nekez izango da literatur lan baten ontasunaren adierazle nagusia, literatura (artifizio hori), oro har, egia gezurren bitartez adieraztea dela kontsideratzen badugu behintzat (hala balitz, zintzotasunaren ikuspuntutik XX. mendeko literatur lanik handiena Adolf Hitlerren Mein Kampf izendatu beharko genuke, absurdua dena...). Oscar Wildek esaten zuen bezala, "poesia txar guztia zintzoa da". Ba Castillo Suarezena ez da horrelakoa, eta behin eta berriro erakusten digu hori, poetaren zereginari buruz egiten dituen poemetan:

Nik gezurrak esaten ditudalako idazten dut. Gezurtia naizelako, eta halaber gauzak puzten ditudalako. Ez banitu gauzak puztuko, ez lidake inork sinetsiko.

Baina horrek ez du esan nahi egira, egi mota partikular batera hurbiltzen ez gaituztenik, Castillo Suarezen poemek. Hala da. Eta horregatik maite ditut nik.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu