Teknologia albisteak
1

Udalak wi-fi konexioa ematen?

Erabiltzailearen aurpegia
Josu Azpillaga - CodeSyntax
2004-05-13 : 13:05

Bi salaketa aurkeztu ditu Espainiako CMT elkarteak hilabete baten barruan, bi udalen aurka. Arrazoia? Herritar guztiei Interneteko sarbidea eskaintzea, wi-fi bidez, doan edo oso prezio merkean. Horretarako lizentziarik ez dutela argudiatu du CMTk, eta konpetentzia desleala egitea.

Atarfe (Granada) eta Ponteareas (Pontevedra) 8.000 eta 17.000 biztanle inguruko bi herri dira. Herriotako udalen aurka salaketa aurkeztu du berriki Espainiako CMT elkarteak (Comisión del Mercado de las Telecomunicaciones). Arrazoia? Interneterako sarbidea eskaintzea bertako herritar guztiei, elkartearen iritziz lizentziarik gabe.

Izan ere, bi udal hauek Interneteko sarbidea eskaintzen hasi dira bertako herritarrei, wi-fi bidez. Hori eskubide bat dela eta eskubide hori ezin dela enpresa pribatuen esku utzi esaten dute bi udal hauek. Ponteareas herrian, doan da konexioa; Atarferen kasuan, doan 2004. urtean eta 3-6 euro hileko hortik aurrera, ADSL batek eskaintzen duen abiaduran.

Salaketak hautsak harrotu ditu Espainiko Interneten komunitatean. Erreakzio andana sortu du:

  • Batzuk CMT elkartearen alde agertu dira. Sarbidea ez dela doan diote, baizik eta herritar guztien diruarekin ordaindua, baita Internet erabiltzen ez duten haien diruarekin ere.
  • Beste batzuk udalen politikaren alde hitzegin dute. Hauen arrazoibidea: Interneteko sarbidea eskubide bat da, iturriko ura izateko eta erabiltzekoa bezalaxe, eta finantzaketa ere antzekoa behar du izan. Postura antzekoa erakutsi du Espainiako Internauten elkarteak ere.
  • Beste zenbait analista, aldiz, urrunago joan dira . Jokoan asko dagoela esaten dute. Izan ere, salaketa honek aurrera jotzen ez badu, beste udal askok egin dezakete apustu berdina, eta telekomunikazio enpresa haundiei pastel zati bat kenduko die, Interneteko sarbidearena. Eta momentuz wi-fi bidezko Internet sarbidea bada ere, hortik etorri daiteke IP bidezko telefonia ere, gero eta indar haundiagoa hartzen ari dena. Eta mobilak wi-fi bidez konektatzea lortuz gero? Telekomunikazio enpresarik gabeko mundu batera bagoaz, zer?

Ez da harrigarria, ez, telekomunikazio elkarteak arduratuta izatea. AEBetan ere antzeko kasuak ari dira gertatzen.

Gai hauek tratatzeko asmoz, hil hontako 27 eta 28an eta Atarfe herrian bertan, jardunaldi batzuk izango dira: I Jornadas Redes Públicas de Telecomunicaciones

Emandako lotura hoietan klik eginez gero, eztabaida asko eta interesgarriak irakurriko dituzue. Adibidez, barrapunto webguneko hauek, Atarfeko eta Ponteareas herriko kasuei buruz. Orrialde desberdinen bilduma bat egin du Atarfeko udalak berak beren webgunean eta Aromeo.net weblogak ere bilduma polita bildu du.

Zer iritzi duzue zuek? Interneteko eta telekomunikazio sareak publikoak izan behar al dute? Zerikusirik ba al du kasu honek Euskal Herrian ezagutu genuen Urnietako kasuarekin? Ezagutzen al duzue antzeko kasurik?

Erantzunak

xaz
2004-05-13 : 14:24

Ez dakit iritziak jasotzerakoan apur bat subjetiboak izan bazarete, baina ondokoa irakurtzeak zer pentsa eman dit:

"- Batzuk CMT elkartearen alde agertu dira *Sarbidea ez dela doan* diote, *baizik eta herritar guztien diruarekin ordaindua, baita Internet erabiltzen ez duten haien diruarekin ere*.

WI-FI MAN (metropolitan area network) kontra egiteko argudio finena hau bada eta errekurtsoak aurrera egiten badu, multinazionalen demokrazia kapitalista baten gaudela nagusituk da. Herritar guztiok ordaindutako (eta hobeto ordainditutako) gauza ganoragabeagoa asko daude argudio hori tamalgarria egiten dutenak.

Nire ustetan, zerbitzu hauen kontra zintzoki egiteko argudio bakarran irratik frekuentzien lizentzien bidea izan daiteke. Gai hau gobernuek nahiko eskuan daukaten kontu bat da, jabetza beraiena baita, frekuentzia espazioaren alegia. Hau ere, nahikoa salagarria da, baina biztanleok lehendik galdua dugun guda bat dela dirudi.

Hortaz, frekuentzien bidea hartu eta konpetentzia desleialarena gehituz jardungo dutela dirudi. Konpetentzia deslealari buruz zer esan baino zer entzun gehiago daukaten telekomunikazio enpresek baina bueno...

Erantzun

Sartu