Sustatu logoa Teknologia albisteak

Euskal Xakea dekretuaren aurka: Interneteko borroka

Apirilaren 19an e-mail bat bidali zidan Gipuzkoako Xake Federakuntzako presidenteak. Federakuntzak adierazpen bat argitaratu behar zuela webean eta ea euskarazko itzulpenarekin lagunduko nion. Egun horretan hasi zen xakelarion Interneteko mugimendua. Hala ere, ez zen nabaria izan hurrengo ostegunera arte. Apirilaren 22an, gauean, Euskal Herriko xakelari guztiok albistea noiz iritsiko zain geunden. Egun haretan zuten bilera Federakuntzetako presidenteek Eusko Jaurlaritzako Kirol Zuzendariarekin.

Lehenengo albistea arratsaldeko 19:00ak inguruan iritsi zen Arabako Xake Federakuntzatik bidalitako mezu batekin, eta Interneteko mugimendua martxan jarri zen. Ia berehala Gipuzkoako Xake Federakuntzaren webgunearen orrialde nagusia aldatu eta Dekretuaren gaineko informazioa eta Federakuntzaren adierazpena jarri zituzten. Ajedrez Vasco webguneak ere berehala eman zuen albistearen berri.

Gure protestaren zati handi bat Internet bidez egin behar zela garbi zeukaten Euskal Xake Federakuntzako arduradunek eta horrela izan zen. Mezuak masiboki bidaltzen hasi ziren eta bati baino gehiagori mezuen bi eta hiru kopia iritsi zitzaizkion. Ostegun gauean bertan egin zuen jauzi handiena portestaldiak Ajedrez Noticias Diarias webguneak editoriala eskeini zionean Vergüenza ajena izenburuarekin. Webgune hau da Espainian xake munduan bisita gehien duen webgunea. Espainiako Xake Federakuntzak ere ostiral goizean bere webgunea aldatu zuen adierazpen ofizial bat eskaintzeko.

Bitartean xakelarioi komunikabideetara albistea bidaltzeko eskatzen ziguten mezuak iristen ziren eta horrela egin genuen. Larunbatean jaso nuen hori egiteko zioen lehenengo mezua, eta igandetik aurrera egunkari guztietan agertu dira gutunak. Igande hartan egin zen bilerarako deialdia ere Internet bidez egin zen, oso jende gutxiri deitu behar izan zitzaion telefonoz. Era berean antolatu zen Gasteizko kontzentrazioa, baina oraingoan komunikabideon oihartzuna izan genuen.

Espainia eta mundu mailako hainbat webgunetan agertu zen albistea, hala nola Nazioarteko Xake Federakuntzaren foroan ,The Week In Chess argitalpenaren foroan , zein es.rec.juegos.ajedrez rec.games.chess.misc eta rec.games.chess.politics berri taldeetan, Associaton of Chess Professionals elkartearen foroan eta baita Chess Today webgunearen apirilaren 26ko buletinean ere.

Espainia mailan, aipatutako Ajedrez Noticias Diarias webguneaz gain, AjedrezAstur webguneak eta bere foroak , Tabla de Flandes , Arbitros de Ajedrez , JAQUE aldizkariak, Ajedrez21 webguneek elkartasuna adierazi dute eta beren webguneetan albistearen berri eman dute eta sinadurak biltzeko kanpainarekin bat egin dute. Horretaz gain, komunikabideetara eta Eusko Jaurlaritza bertara gutunak bidaltzeko eskaera egin dute eta horrela lortu da komunikabideetan lortu den oihartzuna. Gainera, uste dut, Kirol Zuzendaritzaren e-maila saturatu egin zela asteburu horretan jasotako mezu kopurua dela eta.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu