Teknologia albisteak

Kultura eredu iraunkorrerantz

Erabiltzailearen aurpegia
Jon Abril - Bartzelonatik, Interaccio 2004
2004-05-06 : 12:05

Garapen iraunkorraren kontzeptua hain zabaldua dagoen honetan, kulturaren kudeaketan ere eredu iraunkor baten premia gero eta nabariagoa da. Interacció 2004 jardunaldiak egiten ari dira egunotan Bartzelonan, "Kulturarako Agenda 21erantz" goiburupean.

Eredu iraunkorrerako bideak

Asteartetik gaur arte, nazioarteko hainbat aditu kultura kudeaketa eredu iraunkorra lortzeko bideak ezartzen ahalegintzen ari dira, Bartzelonako Diputazioak bi urtean behin antolatu ohi duen Interacció jardunaldien barrenean, mundu osotik etorritako 800 partehartzaile. Herritarrengandik hurbilago aritzea, eredu partehartzaileak eta kultura modu transbertsalagoak lortzea du xede Kulturarako Agenda 21ek, orain arteko kultura kudeaketa ereduek porrot egin ondotik.

Kultura planifikazioa

Astearteko jardunaldian, Robert Palmer galestarra kultura planifikazioaz aritu zen. 50 hamarkadaz geroztik kultura kudeaketak izan dituen ikuspegiak plazaratu zituen. 50 eta 60. hamarkadetan, arteak berez zuen garranzia, "artea arteagatik" zen filosofia nagusia. 60. hamarkadaren akabilan, ezkerralderako jarrera nagusitu zen.

Deszentralizazioaren eta demokratizazioaren garai izan zen, sasoiko behar sozialei erantzuteko: gazte mugimendua, gutiengo etnikoak, gay mugimendua... Diskoetxe, irrati, zinemagintza independenteen garaia izan zen. 70. hamarkadaren erdialdetik 80. hamarkadaren erdialdera eskuinerako joera hartu zuten kultura politikek, eta "Ekonomiarako artea" izan zen nagusi. Margaret Tatcherren eredua izan zen, bertzeak bertze: kulturgintzan lanpostuak sortzea zen lehentasuna, turistak erakartzea, inbertsio gisa ulertu zen kultura. Hortik, kulturgune erraldoiak eraikitzea, kontzertu areto handiak, interes inmobiliario nabarmeneko ekimenak izan ziren.

Aldiz, 80. hamarkadaren erditik aitzinera, kultura industrien aldia izan zen. Berpizkunde ekonomikorako eragiletzat hartu zen kultura: artisautza, zinema, aisialdia, disketxe handiak... Palmerrek datu erranguratsu bat utzi zuen agerian: Egun, Europar Batasunean, 7,2 milioi pertsona bizi da kulturgintza sektoretik. Hazkunde handienetakoa izan duen sektorea da, iaz %4 hazi baitzen. 90. hamarkada, ostera, kultura planifikazioaren garaia izan zen. Kultura-industriaren ikuspegiak kezkatuta, bide berriak urratu ziren.

Egun garatu beharreko plangintzetan, planteamendu berritzailea aurkeztu zuen Palmerrek. Kultura planifikazioak ingurugiroaren analogia behar du izan, alegia, kultura politiken garapena garapen orokorrari loturik agertu behar da. Planteamendu horizontalagoak egiteko premiaz aritu zen. Egungo administrazioetan zereginak arloka banatu dira (hirigintza, ingurugiroa, kultura, kirola, turismoa...), eta gehienetan lotura handirik gabe egiten da lan. Planteamendu honen arabera, arlo horiek guztiak elkarloturik agertu beharko lirateke.

Sormenaren hizkuntza

Kulturaren hizkuntzatik sormenaren hizkuntzara pasa beharko litzatekeela ere aipatu zuen, eta arazoei aurre egiteko bertze begirada baten premia aldarrikatu. "berritzaileagoak behar dugu izan". Epe motzeko joerak era laburbildu zituen: sarean lan egitea, kultura kontsumo joera berriak, iraunkortasuna oinarri izanen da, eta kulturaren definizio zabalagoa nagusituko da. Halaber, dibertsitatea eta aniztasuna nagusituko dira; eskuhartzea zein erabakiguneetan kolektiboaren parte hartzea; eta ekonomi, gizarte eta ingurugiroko plangintzen lotura handiagoa izanen du.

Erantzun

Sartu