Sustatu logoa Teknologia albisteak

Zientzia ikerketa batek euskal kostari buruzko 30 urteotako lanak bildu ditu

Sustatu - Sustatu
2004-05-06 11:05

Holandako Elsevier editorialak argitaratu du liburua, ingelesez. Titulua, Oceanography and marine environment of the Basque Country. Geologian, itsas sedimentuetan, kliman eta metereologian, hidrografian eta ekologian adituak diren 62 pertsonak lan egin dute ikerketan. Lanaren koordinatzaileak Anjel Borja eta Michael Collins izan dira. Beraien esanetan, "Euskal Herriko itsas ingurumenari eta ozeanografiari buruz zegoen jakintza guztiaren eguneraketa izan da".

Hobekuntzak izan dira, baina hobetu beharra ere badago

Bildutako informazioaren arabera, euskal kostaldeak hobekuntza nabaria izan du azken 10 urteotan. Borjaren esanetan, hobekuntza hori estuarioen saneamenduko planei esker izan da, batez ere.

Adibiderik garbiena Nerbioi ibaiarena da. Galindoko araztegia jarri zutenetik asko egin du hobera Bilboko itsasadarrak. Ikerketaren arabera, Deba eta Oiartzun ibaien bokaleak dira ingurumen-baldintza larriena dutenak. Egileek diotenez, ekintza konkretuak egiten badira, kutsadura gutxituko da; Bidasoako Plaiaundin edo Areeta eta Laidako duna eta hondartzetan egin den bezala.

Portu berriak, arrisku bizia

Hala ere, adituek diotenez portuak eraikitzea oso arriskutsua da itsas bizitzarentzat. Kostaldea okupatzen dute portuek eta horrek habitatean eragiten du. Beste mehatxu batzuk ere badaude, Borjaren arabera; giza hondakinek eta industri jarduerek sortzen duten mikrobio-kutsadura.

Oso labur bada ere, Prestigen hondoratzeak euskal kostaldean izan zuen eragina ere jasotzen du liburuak. Bertan diotenez, Prestigen ondorioak "nahiko mugatuak" izan dira.

Datozen urteetarako agenda

Lanak nahi du nazioarteko ikerlarien, teknikoen eta legelarien artean interesa sortzea. Egileek agenda bat gehitu dute liburuan, datozen 10 edo 15 urteotarako Euskal Herriko itsas ikerketan dauden erronka nagusiak azaltzeko. Erronka horien artean daude plataforma kontinental eta abisalak ikertzea.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu