Sustatu logoa Teknologia albisteak

Liburutegi publikoetan ordainpeko mailegua ezartzearen aurka

Sustatu - Sustatu
2004-04-23 10:04

Liburuak maileguan hartzeagatik ordaina ezarri nahi du Europar Batasunak. Erabaki horren bitartez, liburuen maileguengatik kanona ordaindu beharko zaie autore eta editoreei. Horrela, liburuzainen esanetan, bazkide bakoitzarengatik 1,5 euro ordainduta, liburuak erosteko aurrekontutik kendu beharreko kopurua urteko 13,5 milioi ingurukoa izango litzateke.

Europako Batzordeak Espainia, Italia, Irlanda eta Portugalen aurkako arau-hauste prozesua zabaldu zuen. Autoreari baimena eskatu edo ordaindu gabe liburuak maileguan ematea egosten die Europako Batzordeak herrialde horiei; Europa Erkidegoko araudia hausten du egintza horrek. Frantzian, esaterako, iazko ekainean onartu zen maileguen gaineko kanona.

Europa Erkidegoko araudia

Idazle eta editoreen aldetik kanona kobratzeko eskaria ez da berria Europar Batasunaren esparruan. 1992an zuzentarau bat onartu zen liburutegi publikoetako maileguetan kanon edo tasa bat kobratzeari buruz; Europar Batasuneko Kontseiluak edo Batzordeak emandako agiria da zuzentaraua, arau-balioa duena. Estatu kide hartzailea emaitza jakin bat lortzera behartzen du zuzentarauak, baina Estatu horren esku uzten du emaitza lortzeko modua eta bitartekoak aukeratzea.

Zuzentarau hori oinarrian hartu zuten frantziar autoreek. Horrekin lortu zuten, iazko ekainaz geroztik, 1,5 euro eskuratzea liburutegi publikoetako erabiltzaile bakoitzarengatik. Frantziak tasa edo kanon horretatik kanpo utzi zituen eskola liburutegiak.

Manifestuak eta sinadurak

Bruselatik etor daitekeen neurriaren aurrean, hainbat manifestu izenpetu dituzte liburuaren alorreko zenbait taldek:

Liburuzainek ere manifestu bat argitaratu dute "¿Pagar también en la biblioteca ?" izenburupean.

Liburuaren Nazioarteko Eguna

Aurtengo Liburuaren Nazioarteko Egunean protesta ekintza ugari egingo dira. Kanonaren aurkako mobilizazioak deitu dituzte. Erabiltzaileei zuzendutako informazio kanpaina abiaraziko da, esaterako.

Sinadura bilketa ere egingo da. Estatuko Herri Defendatzaileari eta Adin Txikikoaren Herri Defendatzaileari zuzendutako eskutitzari beren atxikimendua erakusteko aukera izango dute erabiltzaile edota irakurleek. Dokumentuak www.maratondeloscuentos.org webgunean eskuratu daitezke.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu