Sustatu logoa Teknologia albisteak

Interneten idazteko arauak

Gari Araolaza - Eibartik
2004-04-22 12:04

Aurten beteko ditut 10 urte Interneteko foro, newsgroup eta posta zerrendetan parte hartzen, eta zenbait gauza garbi ditudala iruditzen zait. Hona hemen hauetako zenbait:

Lotsa gutxi behar da Interneten idazteko

Sarritan esan izan da (Anjel Lertxundiri irakurrita azkenekoz) Internet anabasa dela. Noski anabasa dela. Lotsa gutxi duen jende askok idazten dugu. Hori da Interneten funtsa, arrazoiaz eta arrazoirik gabe bota testua, norbaitek irakurriko du eta. Orain irakurtzen ari zaren testu hau inprimatu eta marko batetan jartzekoa izan daiteke edo deskargatzea ere merezi ez duen byte multzo zikin bat. Irakurleak epaituko du hori.

Nire inguruan lotsati asko dago. Lurker deitzen diegu. Beraientzat eta guretzat okerrago, denok bait dugu zer esanik anabasa honetan. Gainera, idazten, erredaktatzen eta arrazoitzen ikasteko demaseko tresna da hau.

Beraz, lotsa gutxirekin idazten jarraitzen dut.

Sinpletasuna mantendu

Pantailan irakurri behar bada, utzi albo batera parrafo luze eta mamitsuak. Zuzen joan esan nahi dugunera eta utzi testu luze eta oso arrazoituak inprimatu eta etxeko butakan irakurtzeko moduko beste formatuetan: Sustatun adibidez fitxategi aparte batetan jar dezakegu testu luze eta mamitsu hori.

Irakurketa diagonala erabiltzen da Interneten

Erabiltzaileen %16ak bakarrik irakurtzen omen du hitzez-hitz. Besteok, goitik behera eta modu azkar batetan testua eskaneatzen dugu, interesatzen zaizkigun hitz klabeen bila. Horregatik dira garrantzitsuak espazio hutsak, letra beltzak edo etzanak. Asko ez da behar (eta ez da komeni), baina bai lauzpabost elementu erabilgarri, puntuak bezala

  • Bat
  • Bi
  • eta Hiru

Izenburu esanguratsu eta motzak

Alboko batek sarritan dioen moduan: utzi poesia, poesia egin nahi dugunerako. Horren arabera, izenburu okerra da "Euskaldunon elkartasun gogoa zerutik gertuago dago atzotik aurrera" eta zuzena da "Juanito Oiarzabalen taldea Ama Dablam-era iritsi da"

Tokian tokikoa: pentsatu non idazten ari garen

Pentsatu zein motatako irakurleak dituzun aurrean, eta diskurtsoa modulatu horren arabera. Agian ez da toki egokiena esan nahi duzuna esateko.

Eta hementxe bukatzen dut nire ikasgaia. Beldur bait naiz ez ote dudan nire aholkuetan lehenengoa bakarrik bete. ;-)

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu