Teknologia albisteak
3

Matematika eta zaborra

Erabiltzailearen aurpegia
joseba-felix tobar-arbulu
2004-04-23 : 09:04

Matematika eta psikoanalisia. Apez berriak eta kontu zaharrak. Euskal prentsa eta zabor intelektuala. Zertan ari gara?

Oso barregarria eta eskandalu-eragilea izan da Sokal-en parodia. Sokalek egun, alde batetik, nonahi azaltzen diren erlatibismo epistemologikoa eta metodologikoa, eta bestetik, giza eta gizarte-zientzietan zenbait pentsalari ospetsuk ulertu gabe erabiltzen dituzten diskurtso sasi-zientifikoa eta sasi-matematikoa salatu ditu (ikus Sokal eta Bricmont 1999, Imposturas Intelectuales.

Halaber, ikus ondoko webgune honetan, www.physics.nyu.edu, Sokal-en parodiak sorrarazitako "literatura" bereziaz jabetzeko).

Izan ere, filosofia zientziarekin, eta matematikarekin, parekatzen denean, azken horien irudia hain sinplea da ezen matematikarien eta zientzialarien barregura sortzen duen.

Zientziari eta matematikari buruzko sorginkeriak Euskal Herrian agertzen dira ia hilero

Gure herri zafratu honetan, zabor intelektual hutsa den psikoanalisia oraingoz zientzia gisa (?!) aurkeztu nahi denean, eta apezño berriek Lacan, Mao eta gaizki erabilitako multzo-teoria erabat nahasiz, zorabioaren zorabioa, alegia, ENAMa (hots, Euskal Nazio Askapenerako Mugimendua) "anitz infinitua dela" (sic) dioskutenean, Arestirekin batera hauxe esan behar da: edozein gauza da posible Granadan, hau da, Euskal Herrian.

Euskal basamortu intelektual honetan maizegi agertzen diren baieztapen miragarriak baino "serioagoak" dira Sokal-ek bildutakoak, zeren azken horien jatorriak autore ‘ospetsu’ batzuei baitagozkie. Haien artean, eta gaurko kasuari dagokionez, J. Lacan-en eta A. Badiou-renak.

Aipaturiko autoreengan Sokal-ek eta Bricmont-ek salaturiko gehiegikeriak

  • (i) Etengabe matematikaz (eta fisikaz) hitz egitea, kasurik onenean matematikazko teoria horietaz oso ideia sinpleak dituzten bitartean. Gehienetan erabilitako taktika ondokoa da, alegia, terminologia matematikoa —edo hobeki esanda sasi-matematikoa— erabiltzea, berorren esanahiaz arduratu gabe.
  • (ii) Giza zientzietan eta gizarte-zientzietan matematikari (eta natur zientziei) soilik dagozkien kontzeptuak aplikatzea, inolako justifikazio kontzeptualik (edo enpirikorik) gabe.
  • (iii) Azaleko erudizioa barra-barra erabiltzea, inongo lotsarik gabe, testuinguruan erabat kongruentziarik gabekoak diren termino tekniko mordoa hedatuz.
  • (iv) Esanahi gabeko esaldiak manipulatzea. Izan ere, aipatutako autore ‘ospetsuengan’ hitzen toxikapenaz mintza daiteke, hitzak esanahiez inongo ardurarik gabe erabiltzen dituztelako.

Kasu bat besterik ez, hamaika bitxikeriaren artean aipatzeko: Lacan-en ustez, gure zakilak √-1, hau da, i zenbakia berdintzen du (!!).

Hitzontzikeria agerian

Aipaturiko autoreek, eta beste batzuek noski, lotsa gabe idazten dute inongo konpetentzia matematikorik gabe. Hortaz, berriz ere, “erregea biluzik dago(ela)” esan behar da. Izan ere, iruzur eta zantarkeria intelektual horiek salatu behar dira, inolako dudarik gabe. Gizarte- eta giza zientzietan —edo dena delako arlo horretan— murgiltzen diren progreen, modernoen, post-modernoen eta gainerako jendilajearen hitzontzikeria agerian gelditu da Sokal-en parodiarekin eta liburuarekin.

Sokal-ek beste autore batzuen artean aipatzen dituen Lacan eta Badiou barregarri utzi ditu matematika aipatzean egindako hanka sartzeagatik eta lekuz kanpoko aipamen "berezi" eta ulergaitzengatik. Hainbat aipamen oso berezi agerian utziz, liburua barrez lehertzeko modukoa da.

Gehiegikeriak

Sokal-ek eta Bricmont-ek gizarte-zientzietan beste zenbait zientziatan —matematikan eta fisikan batez ere— erabiltzen diren kontzeptuak era desegokian erabiltzen direla salatu eta frogatu dute. Izan ere, ondoko gehiegikeriak azpimarratzen dituzte:

  • (a) Matematikazko (eta fisikazko) kontzeptuak gehiegi erabiltzea, gehienetan beraien edukiak ulertu gabe;
  • (b) gizarte-zientzietan matematikatik (eta natur zientzietatik) datozen analogiak justifikatu gabe erabiltzea;
  • (c) kontzeptu tekniko gehiegi lekuz kanpo erabiltzea, irakurleak beldurtzeko edo liluratzeko asmoarekin; eta
  • (d) zentzu gabeko esaldiak erabiltzea, hizkera esoterikoa era oso ilun eta nahasian erabiliz.

Sokal-en eta Bricmont-en liburuaren bukaeran zenbait aholku ematen dute nahasketa horietatik irteteko. Besteak beste, honako hauek:

  • (1) Idazten denaz jakitun izatea;
  • (2) iluna dena ez da halabeharrez sakona, beraz, iluntasuna ez erabiltzea;
  • (3) matematika (eta fisika) ez hartzea ‘testu’ gisa;
  • (4) ez imitatzea matematika (eta fisika) gizarte-zientzietan aritzean.

Hortaz, (i) matematika erabiltzekotan, oso ongi eta sakon ezagutu behar da; (ii) gauzak azaltzeko, ahalik eta hizkera errazena erabili behar da —hizkera korapilatsuaren atzean gehienetan, beti ez esatearren, autorearen ezjakintasuna eta harrokeria besterik ez dago—; (iii) matematikan erabiltzen diren kontzeptuak hizkera arruntetik urrun daudenez, testuinguruan erabili behar dira, daukatenen zentzu espezifikoa gal ez dezaten; eta (iv) arlo bakoitzak bere metodologia duenez, arlo jakin batean lorturiko ondorioak eta emaitzak ezin dira besterik gabe extrapolatu beste arlo batzuetara.

Baina Lancan eta Badiou bezalako "maisuen" interpretazioaren lehen araua ondokoa da: "Ezein esaldik ez du esan nahi berak dioena". Zer ote dira, bestela, "Lacanen sexualitatearen teoremak" (sic), edo eta Badiou-ren ondoko baieztapena, "Gödel-en teorema politikoki irakurri behar da" (sic)? Are barregarriagoa, noski, maisu ospetsu bi horien euskal apezño berrien etengabeko ateraldiak.

No sentence means what is says

Matematika ulertzeko zenbait ahalegin sendo eta tinko egin behar dira, eta urte askoan gainera. Beraz, askoz "hobea" da inolako eginahalik egin gabe bospasei txorakeria botatzea edozein giza edo gizarte-arlotan. Matematika eta politika nahastuko dira; matematika eta herri-mugimenduak maila berean jarriko; matematika erabiliko da "sexualitatearen gai korapilotsua" ulertzeko (Olé!). Dena bide da posible Euskal Herrian. Izan ere, Sokal-en hitzetan autore ‘ospetsu’ horientzat, "No sentence means what is says." Edozein zientziatan, eta matematikan, egiten diren barne-kritikak onuragarriak dira oso. Kanpokoak, aldiz, hau da, matematika (ulertu barik), psikoanalisia (horreur!) eta Mao (horreur n-potentziara!) nahasi nahi digutenak salatu beharrean gaude hamaika argudiorengatik, baina batez ere matematikaz ez dutelako ezer ulertzen. Oso kezkagarria da, eta benetan lotsagarria, Euskal Herriko euskarazko prentsa txukunetan horrelako zaborra plazaratzea. Ez ote dago inor horrelako ‘liluragarrizko’ artikuluak argitaratu baino lehen beren tokian jartzeko, zakarrontzian alegia?

Erantzunak

Xabier Mendiguren Elizegi
2004-04-23 : 12:08

Ni gaztetxoa nintzela, intelektualitatearen guru horietako batzuen testuak irakurtzen hasita, ikusi ez nuela ezer ulertzen eta hauxe zen nire ondorioa: "ze motza eta ezjakina naizen".

Urteen buruan, harroago bihurtu naizelako agian, halako pastitxe irensgaitz baten aurrean, bi aldiz irakurri eta oraindik ere ulertu gabe segitzen badut, bestelakoa da nire ondorioa: "honek, edo ez daki zer esan nahi duen, edo ez daki esaten, edo adarra jotzen ari zaigu".

Luistxo
2004-04-23 : 12:20

Artikulu ona, Joseba. Diotenez, bekatua esaten da, eta ez bekataria. Baina nago ni euskal apezño berrien izenekin, artikulu honen morboa indartuko litzatekeela:


morboa = 10 + 10n, non n euskal apezño berri bakoitzaren izena litzatekeen.


Hori gabe ere, ikusten duzu, 10 puntuko morboa ematen diodala, Mercalliren eskalan.


Pruden Gartzia
2004-04-23 : 12:41

Ados nago zurekin Joseba, eta nik neuk ere kezka berdina izaten dut, adibidez, BERRIAko zenbait artikulu irakurtzean. Baina bi ohar egin nahi nituzke:



a) Kixkalerri honetan gure idazkien eta kritiken "berotasun" maila epeltzeko ahalegin handiagoa egin beharko genuke.



b) Hobe da kritikatuen izen-deiturak eta idazki zehatzak aipatzea susmo orokor eta zehazgabeak barreiatzea baino.





Euskal Herrian biziki zaila da kritika lantzea. Badaki hori ohar kritiko bat plazaratzen saiatu den edonork. Beraz, zorionak eman nahi dizkizut guztiontzat hain onuragarria den ahaleginagatik nahiz eta, neuk bederen, beroegitzat jo (ez okertzat, hala ere).



Erantzun

Sartu