Negri zuritua (soirée intelektual sofistikatu bat)
Negri zuritua
Atzo, astearte iluntzean, hilak 20, soirée intelektual sofistikatu eta engagée bat eskaini ziguten Donostiako Artelekun: zer eta Toni Negriren hitzaldi bat. Hara bildu ziren pila bat moderno, zenbait gorri aktibo eta gorri ohi, eta beste horrenbeste kurioso (tartean lerro hauek idazten dituena).
Toni Negri nor zen ez dakienarentzat, berri laburra: teoria politikoaren irakasle eta idazlea, Italian 70eko hamarkadan indartuz joan zen ezker muturreko langileen autonomia- mugimenduaren sortzaile edo inspiratzaileetakoa; Italiako gobernuak Brigada Gorrien ideologo izatea egotzi zion (berak beti ukatu izan duena, Autonomia operaia masa-mugimendua zelako, ez abangoardia armatua), eta kartzelan eman zituen zenbait urte, eta beste hainbat Parisen, erbestean.
Hitzaldiari heldu aurretik, bitxia da ikustea nola kapitalismo industrialaren mamu beltz handienetakoa izan dena, zer-eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren patrika eskuzabalak dakarren, arte modernoenaren teorizazio eta produkzioan aritzen den erakunde batean hitz egitera. Artelekutik oso hurbil, Martuteneko auzo berean dago 27 Poligonoa, Gipuzkoa osoko fabrika-kontrentrazio handieneko gunea. Jakin egin nahi nuke, 27. poligono horretako zenbat behargin enteratu zen Toni Negri hara zetorrela; edo zenbat langilek ote dakiten Toni Negri nor den ere; Toni Negri 27. poligonoa bisitatzera eraman ote zuten ere jakin nahiko nuke, baina errazago eramango zuten jatetxe on batera, gure kultura gastronomikoaz lilura dadin (kultura gastronomikoaz izan beharko du, gainerantzean, Murtzian balego bezalaxe sentituko baitzen Donostiako antolakuntza hartan: espainol hutsezkoa izan baitzen, goitik behera).
Ken Loach-ek uste dut esaten zuela, berari zinema gorria egiten uzten ziotela kapitalismoa oso seguru eta indartsu zegoelako eta bere filmek arriskuan jartzen ez dutelako. Ba, antzeko zerbait pentsatu beharko dugu ezker erradikalaren pentsamenduaz (edo ezker erradikalaren zati batenaz behintzat), nola asimilatzen duten ikusita.
Eta hitzaldian sartuz, ez dut xehetasun handirik emango: izan ere, bat-bateko itzulpenerako trepetak baino jende gehiago bildu ginen, eta nik gabe entzun nuen; beraz, nola italiera askorik ez dakidan, gutxi gorabehera ulertu nion, eta ezin egingo dut erdizka aditutakoaren kritikarik. Hala ere, zerbait esatearren, fordismoaren kritika egin zuen, nola bere belaunaldiko borrokan, hobekuntza sindikal eta salarialetara mugatu ordez, sistema bera jarri zuten auzitan, langilearen alienatzaile zelakoan; eta ildo horretatik, gaurko produkzioa buru-lanean oinarritzen dela azpimarratu zuen, komunikazio linguistikoak eta interazkio pertsonalak dutela hor garrantzia, eta kapitala bizkarroi sobrante bat besterik ez dela. Beraz, liberazio eta zorionera bidean goazela sujeritu zuen.
Galderen txanda hasi zenean nahiko azkar joan behar izan nuen, baina lehenengo galderek gogor kritikatu zuten Negriren diskurtsoa, axalekoa izan zelako, gaurko esplotazioa ahazten duena (esku-lan asko dago, langile kanpotarrak ekartzen dira lan zikinenetarako, kateko produkzioan jarraitzen du, Hego-ekialdeko Asiara bideratu bada ere), eta Negri bera, edo urtetako errepresioaren ondorioz edo auskalo zergatik, erdi-saldu erdi-gaga moduan jarri zuten.
X.
Erantzunak kargatzen...