Goienkaria: eredu berritzailea Europako prentsa diseinu arloan
Goio Arana diseinatzaileak Goienkaria Debagoieneko aldizkariaren klabeak azaldu ditu Europako 300 bat prentsa editore eta maketatzaileren aurrean. European Newspaper Award sariketako antolatzaileen eskutik egindako kongresuan izan da hori, Vienan. Aranak hitzaldi garbi eta ulerterraza egin zuen, eta Society for News Design nazioarteko diseinu elkarteak zoriondu egin zuen eta Design euren aldizkarian artikulua aterako dutela aurreratu du.
Europako prentsa idatzian, Goienkaria ezohiko eredua
Europako prentsa idatzian, Goienkaria ezohiko eredua
Bai hedapen geografikoz, bai doanekoa delako, bai eta itxuragatik ere. Euskal Herrian ohikoa da, adibidez, tokiko prentsa euskalduna doakoa izatea, baina Europan, doakotasuna eta kalitatea ez doaz bat, sarritan. Hori dela eta, Goio Aranak garbi utzi zuen Goienkaria eredugarria dela: Erakutsi dugu posible dela itxura ona, kalitatezko informazioa eta doakotasunaren arteko oreka, esan zuen.
Goio Aranak Goienkariaren diseinuaren klabeak aipatu zituen hitzaldian
Hasteko, Debagoieneko egoera sozio-ekonomikoa azaldu zuen, Goienkariaren sorrera azaltzeko. Herri txikietako informazioak horrelako tratamendu zabala jasotzea ere ez da sarritan ikusten Europan. Gure beste zeinu nabarmen bat da tratamendu bera ematen diogula herri handi zein 900 biztanleko herri batek ematen duen informazioari, esan zuen.
Elementu txiki asko orrian
Goienkariaren itxura oso lotuta doa, hain zuzen, ibar horren berezitasunekin, arrasatearrak azaldu zuen moduan: Herri txikiek gutxitan ematen dute albiste handirik; gehienetan, albiste txiki asko produzitzen dituzte, eta Goienkariaren orrietan, hain zuzen, elementu txiki ugari bateratzen ditugu. Hori egitea ez da beti erraza, esan zuen Aranak.
Hitzaldia gaztelaniaz egin zuen, baina ingelesez idatzitako transparentziak eta irudiak ipini zituen Goio Aranak. Horien bidez, Goienkariaren atal bana aurkeztu zuen. Kolore paleta moderno eta ausarta eta tipografia ezohikoa aipatu zituen. Asteleheneko Goienkaria Goienaren produktu berriena ere aurkeztu zien Europako prentsa adituei.
Goienkariaren gainean jakinmina izan zuten
Europako hainbat maketatzailek adierazi diote Aranari bere interesa. Hain zuzen, Sunday Tribune irlandar astekarikoek esan zioten Goio Aranari oso proiektu interesgarria iruditzen zitzaiela Goienkaria.
Ekitaldiko argazki batzuk www.oberauer.com helbidean.
Albistea eta Euskal Herritik joandakoen argazkiak goiena.net Debagoieneko atarian.
Oharra: erantzunetan ageri den Design aldizkariko Goio Aranak idatzitako "Small, but powerful!!" artikuluaren irudia hona ekarri dugu:
Erantzunak kargatzen...