Baina akzesibilitatea ez da bakarrik itsuentzako edo sagurik erabili ezin dutenentzako web-ak egitea. Zer da akzesibilitatea?
Akzesibilitatea edo irisgarritasuna, GUZTIENTZAKO diseinua egitea da. Zehatzago: pertsona batek ezintasun fisiko, sensorial edo tekniko bat dela-eta, webgune bateko informazioa jasotzeko euki ditzakeen arazoak neurtzen ditu akzesibilitateak. Esaterako, itsuek testu bidezko nabigatzaileak erabiltzen dituzte. Flashean egindako gune batean itsu batek ezin izango du inoiz informaziorik aurkitu, testu guztiak irudi bezala daudelako. JavaScript-ean egindako menuak ere oso-oso zailak dira eskurik gabe, aho soinuz, erabiltzen diren ordenagailuetan.
Baina irisgarritasun arazoak ez dira arazo fisikoak dituztenen arazoak bakarrik. Hizki tamaina finkoak erabiltzen dituen webgune batek, esaterako, irakurketa arazoak sor diezazkioke betaurrekoak etxean ahaztu dituen erabiltzaileari.
Akzesibilitate arazoak, teknikoak ere izan daitezke. Esaterako, plugin bat ezartzea eskatzen didan webgune bat ez da irisgarria gauzak ezartzeko baimenik ematen ez didan liburutegi batetik konektatzen banaiz. Arazoak izan ditzaket, era bereab, azken bertsiokoa edo standarra ez den programa batekin nabigatzen badut, edo nere ordenagailuak memoria gutxi badu, edo modem-a motela bada, edo... Guzti hori ere, akzesibilitatea da.
Mundu mailan internet arautzeaz arduratzen den W3C-ren akzesibilitate taldea WAI (Web Accessibility Initiative) da. 1999ko maiatzean akzesibilitatea neurtzeko hiru maila zehaztu zituzten. Webgune bat akzesiblea dela esan ahal izateko lehenengo bietan zehazten diren ezaugarriak bete behar dira gutxienez.
LSSI legeak dioenez, 2005eko abendutik aurrera salagarria izango da instituzio publiko baten guneko informazioa eskuraezina izatea. Instituzioak erne jartzeko ordua da. Webgune ponposo, konplikatu eta itxurari bakarrik begiratzen diotenak alde batera utzi eta informazioa arin eta modu errazean aurkeztuko duten webguneak eskaini beharko dituzte. Baina ez bakarrik arazoak izan ditzazketen erabiltzaileei erantzuteko, baizik eta erabiltzaile orori ahalik eta denbora gutxien galarazteko.
Garatzaileok irisgarritasuna eta erabilgarritasuna kontuan izanda egin behar dugu lan, eta horretarako etiketatze semantikoa eta XHTMLak ematen dizkiguten abantailetaz jabetu behar gara. Modu horretan lan egiteak akzesibilitate arazoen %90 konpontzen duela esango nuke.
Hona hemen interesgarriak izan daitezkeen zenbait lotura:
Akzesibilitate testak egiteko tresnak:
Akzesibilitateari buruz gazteleraz: www.sidar.org
Bukatzeko, momentu honetan Eusko Jaurlaritzak baditu gutxienez hiru programa, webguneak irisgarri bihurtzea diruz laguntzeko: Hobeki digitala , KZ Mikroenpresak eta KZ Lankidetza. Azken hori elkarteen webguneei zuzenduta.
Beste hizkuntza batzuek egin duten bidea euskarak ere egin behar duenez, hona hemen Accesibility/Accesibilidad eta Usability/Usabilidad terminoentzat nire proposamena:
Beraz, Maiteren gomendioei jarraituz, saia gaitezen webgune erabilgarri (usable) eta irisgarriak (accesible) egiten.
:-)
Erabilgarritasuna aspaldi darabilgu euskaraz. Google begiratzea besterik ez dago. Forma mugatua eta mugagabea batera hartuta, 1000 emaitza baino gehiago ematen dizkigu. Gehienak beste testuinguru batzuetakoak, egia da, baina antzeko adierarekin. Webguneen "Usability" hitzaren funtsa adierazteko ere, oso ondo egokitzen dela uste dut.
Hiztegi gehienetan ere agertzen da, Hiztegi Batuak onartuta dauka, eta adiera aldetik ere, gehienetan, Usabilidad/Manejabilidad aipatzen da hiztegietan.
Onartua, erabilia, adierazi nahi duena ondo adierazten duena... eta "erabilgarritasun" aldetik ere arazo gutxi dituena.
Usagarritasuna, ostera, ez dirugi larregi erabili dugunik. Googlen emaitza bakarra aurkitu dut, eta hiztegietan ez dut aurkitu.
Accesibility hitzarekin saltsa handiagoa erabili dugu gure artean. Batzuetan aurreko erabilgarritasuna erabili izan da. Beste askotan mailegatutako akzesibilitatea: Googlen azken horren 150 emaitza inguru aurkitu ditut; gainera beste hainbat testutan irakurri ahal izan dut, eta beste horrenbeste hitzalditan entzun.
Baina aurreko biak sahiestu nahi/behar baditugu, hirugarren bat beharko dugu. "Accesibilidad" ez dugu hiztegi gehienetan aurkituko, baina bai "Accesible", eta bere ordainen artean, eskuraerraz, eskuragarri eta ailegaerraz aurkituko ditugu hiztegietan (beste batzuen artean).
Googlek garbi lagatzen digu, azkenak erraz irabazten diela beste biei: Ailegaerraz(tasun) 1600 / Eskuragarri(tasun) 500 / Eskuraerraz(tasun) 10.
Ailegaerraztasun horrek, gainera, hizkera berezituetan besteek baino leku zabalagoa hartu duela ematen du; hainbat arlotan gainera: hirigintza, ekonomia, komunikabideak... eta baita informatikan ere.
Hala ere, informatikan eskuragarritasun ere erabili izan da, eta bere lekua aitortu behar zaio.
Hirugarren aukera Irisgarritasuna da. Hiztegietan ez da azaltzen, eta Googlen ere aurrekoek baino leku txikixeagoa du. Dena dela, 500 emaitzatik gora daude, eta Garikoitzek eta Goiok dioten moduan, ondo adierazten du Accesibility hitzak interneten duen adiera berezia. Oraindik ere hitz "berriagoa" izan arren, uste dut kontuan hartu beharrekoa dela.
Eskuragarritasuna, Ailegaerraztasuna, Irisgarritasuna, Akzesibilitatea... eta beste aukeraren bat ere egongo da. Nondik jo beharko dugu? Hiztegi Batuak ez dakar aurrekoetako bakar bat ere ez, baina ekarri beharko du egunen batean. Antza denez, informatikarien artean (eta hau datu erabat subjetiboa da), irisgarritasuna eta eskuragarritasuna omen dira erabilienak. Beste alor batzuetan Ailegaerraztasuna nahiko zabalduta dago (hirigintzan, esate baterako), Euskaltermen agertzen ez den arren.
Filologoek ere beraien iritzia izango dute, eta esango digute zeintzu arazo ikusten dizkioten bakoitzari.
Espero dezagun, behintzat, lehenbailehen finkatzea termino bakarra, bestela beste zenbait berbarekin moduan gertatuko zaigulako (garapen jasangarria, ingugiroa, arroba...): dispertsio handia, erabiltzaileen arteko zalantza... eta 10 urte barru euskaltzaindiak bere erabakia hartzen duenean, desadostasuna.
Kontuan izan, oraindik ere termino ezezaguna izan arren, datozen urteotan interneten barra-barra erabili (eta landu) beharko dugun hitza dela.
Asier
Bazen garaia gai hauetaz hitzegiteko...je, je...Badirudi bai, "irisgarritasuna" arazoak dituzten pertsonentzat zuzendua dagoela eta hau ez da erabat zuzena. Kontzeptu hau oso zabaldua dago, batipat instituzioen aldetik. Hitz horren atzean, ordea (Maitek ondo adierazi bezala), badaude beste zenbait onura "kolateral" (intrintseko)...
Kontutan hartu behar da edukinetara heltzeko dauden bide ezberdinak (dispositibo mobilak, nabigatzaile ezberdinak, ezindu fisiko zenbaitek dituzte pantaila irakurgailuak, etab.), eta hauek era estandarrean estrukturatu eta landuak izan ezean, arazoekin topa daitezkeen erabiltzaile asko egon daitezkeela.
Garatzaileek, Maitek ondo esan duen bezala, baditugu hainbat tresna, pauta eta arau horretarako. Teknikoki, XHTML eta CSS2 bezalako hizkuntzak kodea era iraungarrian lantzeko baliogarriak dira etorkizunera begira. Dena den, egia da baita prestakuntza bat egon behar duela garatzaileen artean ere, eta nolabaiteko txip aldaketa bat ere. Eboluzio bat beharrezkoa da, kolpean lan egiteko era eta kontzeptu berrietan murgiltzea ez da eta batere erraza suertatzen eta.
Ohizkoa da irudian eta itxuran oinarritutako webguneak eskatzea diseinatzaileoi. Atzera uzten dira arau hauek, ez da ezer jakin nahi izaten ahal bada gai hauetaz...izan ere, garrantzizkotzat jotzen da bezeroa "flipatuta" uztea azkenengo baliabide modernitoekin, baina ez era berean "irisgarritasunarekin" lotuta dauden beste baloreekin. Berez, garrantzitsuak dira biak, eta biak hartu behar dira kontutan.
Azkenaldian sartu naiz ni gai hauekin eta onartu behar da oso interesgarriak diren eboluzioak ari direla ematen edukinetara heltzeko gai honetan. Hor ditugu besteak beste RDF, RSS, XML, Atom, etab., aurreko post batean hitzegiten zen bezala, ...metadatuak...informazioa era estandar batean elkartrukatzeko bideak jada eraikitzen hasiak daude eta garapen azkar bat daramate.
Ea ba nola eragiten duen honek euskal webguneengan...