Sustatu logoa Teknologia albisteak

Antzerkiaren Nazioarteko Eguna

Sustatu - Sustatu
2004-03-26 11:03

IV. Donostia Antzerki Saria

Tanttaka Teatroa eta Kukai Taldearen "1937, gogoaren bidezidorretatik" antzezlanak irabazi du IV. Donostia Antzerki Saria. Antzerkiaren Nazioarteko Egunean, martxoaren 27an, emango da saria Antzoki Zaharrean, 20.00etan.

Sari emate ekitaldiaren eta gala bereziaren ondoren, antzerki lan saritua eskaintzea ezinezkoa zenez, sekulako arrakasta lortu duen Gorringo taldearen Kutsidazu bidea Ixabel taularatuko da. Hurrengo egunean, martxoaren 28an, lan saritua "1937, gogoaren bidezidorretatik" ikusi ahal izango da Donostiako Antzoki Zaharrean, 20.00etan.

1937, gogoaren bidezidorretatik Jon Mayak eta Mireia Gabilondok zuzendutako lana da. 2003an Donostian euskaraz eskaini diren zazpi antzerki lanetako bat izan da.

VI. Bilboeszena Antzerkialdia

Bestalde, Bilbon, VI. Bilboeszena Antzerkialdia ospatzen ari da aste honetan. Seigarren aldiz antolatu du Zenbat Gara Elkarteak "Bilboezsena antzerkialdia". Bilboko Kafe Antzokian eskaintzen dira ikuskizunak. Hona hemen asteburuko emanaldiak:

  • Martxoak 28, igandea. 17:30. Txontxongilo taldea. "Itsasminez". Sarrera: 5,00 euro.
  • Martxoak 28, igandea. 20:00. Gaitzerdi antzerki taldea. "Gabriel Gabrielle". Sarrera: 6,00 euro.

Gaitzerdi Antzerki Taldea Ondarroan

"Bitartean" antzezlana eskainiko du Gaitzerdi Antzerki Taldeak Ondarroan (K. Antzokia eta Zurrumurru), martxoaren 27an, arratsaldeko 20:00etan. Sarrera 6 eurokoa izango da, Zenbat Gararen lagunentzako 3 eurokoa.

Inora eramango ez dituen bi presoren ihesaldia da ikuskizun honi hasiera ematen dion aitzakia. Aktoreek, euren sormena bitarteko bakartzat hartuz, ekintza izoztu, geldotu edota ibiltzen uzten dute.

"Antzerki Jardunaldiak" Eibarren

Urtero legez, Antzerki Jardunaldiak antolatu dituzte Eibarren. Otsaila eta martxoan zehar hainbat antzerki emanaldi izaten dira herrian. 27. edizioa da aurtengoa. 21 konpainiak hartu dute parte, 24 funtzio izango dira guztira. Lehen aldiz, opera emanaldi bat ere izan da.

Zinema antzerkian atala ere badaukate jardunaldiek. Martxoan eskainiko dira atal honetako filmak: "Círculo de engaños", "Valentin" eta "Chicago".

Datozen egunetako emanaldiak:

  • Martxoaren 26an, ostirala: "1937, gogoaren bidezidorretatik". Kukai Taldea - Tanttaka Teatroa. 20:30ean. Unibertsitatean.
  • Martxoaren 29an, astelehena: "Alejandro y Ana; Lo que España no pudo ver del banquete de la boda de la hija del Presidente", (Juan Cavestany – Juan Mayorga). Arratsaldeko, 20:30ean, Hezkuntza Esparrua Gimnasilekuan.

Bilbao Eszena

Antzerkiaren Nazioarteko Eguna dela-eta, Euskal Autonomi Erkidegoko antzerki baliabideen kultur azpiegitura berria inauguratuko da: Bilbao Eszena.

Bilbao Eszena Bilboko talde amateur, antzerki eta dantza konpainia erdi-profesional eta profesional, eta arte eszenikoak interesatzen zaizkien pertsona guztiei zuzenduta dago. Antzerki eta dantza lanak antolatu, sortu, eratu eta produzitzeko lekua izango da.

Antzerki baliabideen zentroa Santutxun kokatzen da. Bi helburu nagusi ditu: alde batetik, sormena oinarri harturik, antzerkigintza eta dantza sustatu eta babesteko; beste aldetik, profesionalak ez diren taldeek duten arazoa, entseguetarako areto falta, konpontzeko.

Gainera, bai EABk (Euskal Aktoreen Batasuna-Unión de Actores Vascos) eta bai "Eskena"k (Antzerki Enpresen Elkartea) Zentroko aretoetan jarriko dituztela euren egoitzak.

Zentroak entsegu aretoak, soinu eta argiztapen ekipamendua, eta arte eszenikoekin lotutako elkarteentzako guneak ditu. Gainera, mota guztietako ikastaroak (orotarikoak nahiz espezializatuak) eta idazkera dramatikoari buruzko tailer bat antolatuko dira bertan.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu