Sustatu logoa Teknologia albisteak

Andolin Eguzkitza euskaltzain eta idazlea hil da

sustatu - sustatu
2004-03-24 11:03

Euskaltzaina, idazlea eta itzultzailea. Santurtzi jaioa 1953ko abenduaren 6an. Euskaltzaindiaren euskaltzain urgazle izendatu zuten 1991n eta euskaltzain oso 2001ean; Luis Villasanteren lekua hartu zuen. 1986 urtetik Euskaltzaindiako kolaboratzaile zen; Gramatikaren komisioan jardun zuen, besteak beste. Euskaltzaindiaren Euskal Gramatikako hainbat liburukinen egilekide izan da.

Espainiako Gorteetarako azken hauteskundeetan Aralar-Zutik koalizioaren senaturako Bizkaiko zerrendan joan zen Eguzkitza.

Ibilbide luzea

Bere kabuz hasi zen euskara ikasten, 15 urte inguru zituenean. Deustoko Unibertsitatean Filologia Erromantikoa ikasi zuen; 1975 urtean lizentziatu zen. Gero, Salamancara joan zen ikasketei jarraipena ematera. Bertan, Koldo Mitxelenaren ikasle izan zen.

Alemanian bizi izan zituen urte batzuk eta alemana ikasi zuen. Gero, Estatu Batuetara joan zen, eta bi urtetan, hizkuntzalaritza orokorrean magistergoa egin zuen Iowako unibertsitatean (1980). Kaliforniako unibertsitatean (UCLA) landu zuen tesia lau urtetan zehar. Chomsky-ren ikasle Carlos Otero izan zen Eguzkitzaren tesi zuzendari.

Deustoko unibertsitatean klaseak eman zituen. Baina, gero, EHUko Euskal Filologia Fakultatean hasi zen klaseak ematen. Euskal Idazleen Elkartearen zuzendaritza-batzordeko kide izan zen 1995-1997 urte bitartean. 1997 urtean Euskal Idazleen Elkarteko presidente izendatu zuten. Kargu hori mantendu zuen 2002 arte. Gainera, Euskararen Aholku-batzordearen kide izan zen 1997tik 2002rarte.

Hizkuntzalaritzaren gainean hainbat liburu eta artikulu argitaratu zituen.

Lan literarioak

  • "Lehen Orenean" (nobela motza). 1979. Donostia/San Sebastián: Elkar.
  • "Orhiko mendirantz urratsez urrats" (poesia). 1986. Iruñea/Pamplona: Pamiela.
  • "Urkidian zehar" (nobela). 1987. Iruñea/Pamplona: Pamiela.
  • "Mila urte igaro eta, ura bere bidean" (poesia). 1993. Zarautz: Susa.
  • "Herioaren itzalpeetan" (nobela). 1998. Tafalla: Txalaparta.
  • "Quan plou en les entranyes/Erraietan barrena euria egiten digunean" (poesia). 2001. Valencia: Brosquil.
  • Olga Omatos-ekin lankidetzan Kavafis greziar autorearen poema multzoa itzuli zuen euskarara: "Kostandinos Kavafis: antologia bat" (40 poema). 1995. Iruñea/Pamplona: Pamiela.
  • Olga Omatos-ekin lankidetzan: "Das Treffen in Telgte/Batzarra Telgten". 2002. Alberdania.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu