Teknologia albisteak
5

HUHEZIk Informazioa eta Komunikazioa eskainiko du

Erabiltzailearen aurpegia
HUHEZI
2004-03-23 : 11:03

Datorren ikasturtetik aurrera, Mondragon Unibertsitatearen Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak (HUHEZI) eskainiko ditu ikasketa berriak: Informazioa eta Komunikazioa. 2006-2007tik aurrera, berriz, hasiko da eskaintzen Ikus-entzunezko Komunikazioa, bigarren mailako lizentzia moduan.

Mondragon Unibertsitateak eta HUHEZIk, haren fakultateak, erabaki dute, gogoeta luze baten ondoren, eremu berri bat irekitzea Giza Zientzien barruan. Hori dela eta, datorren ikasturtetik aurrera hasiko da eskaintzen ikasketa berriak: Informazioa eta Komunikazioa.

Informazioa eta Komunikazioa

Mondragon Unibertsitateak ulertzen du gero eta garrantzitsuagoa dela informazio eta komunikazio arloa, gure gizarteak profesional balioaniztunak behar baititu, gai izango direnak errealitatea ulertzeko, eta hortik era guztietako komunikazio edukiak sortu eta kudeatzeko. HUHEZIren ikasketa eskaintzak horrelako profesionalak sortu nahi ditu, irekiak hainbat gunetara: idatzizko nahiz ikus-entzunezko hedabideetara, enpresen nahiz erakundeen komunikaziora, edo Internetek sortzen dituen aukera berrietara.

Komunikatzailearen ezaugarri profesionalak

Ikasketa hauen bidez, HUHEZIk prestatu nahi ditu komunikatzaileak, eta hauek gai izango dira honako lanok egiteko, ikasketak amaitutakoan:

  • Komunikatzaile idatzizko hedabideetan, handi nahiz txikietan.
  • Komunikatzaile ikus-entzunezko hedabideetan, handi nahiz txikietan.
  • Sortzaile komunikazio ekoiztetxeetan.
  • Komunikazio kudeatzaile enpresetan, barne eta kanpo komunikazioa lantzen.
  • Komunikazio kudeatzaile gizarte erakundeetan.
  • Sortzaile eta kudeatzaile Interneten.

Ikasketa plana

Lizentzia honek erantzuten dio lan esparru zabal bati. Horregatik helburu orokor bat du: trebatzea komunikatzaile balioanizdunak. Hori dela eta, ikasketa planak hiru helburu izango ditu:

  • Trebatzea ikasleak, komunikatzeko gai izan daitezen, bai ahoz eta baita idatziz ere.
  • Prestatzea profesional trebatuak, eta teknika aldetik jantziak.
  • Lantzea prestakuntza humanistiko panoramikoa, eta horrela osatu ikuspegi bat giza zientziei eta gizarteari lotua.

Planteamendu honetan, garrantzi handia izango dute ikasleen Praktikek eta Karrera Amaierako Proiektuek, hauek emango dietelako ikasleei lan esperientzia, ikasketak egiteaz batera.

Ikus-entzunezko Komunikazioa

Informazioa eta Komunikazioa egiten ari den ikasleak aukera izan lezake, hirugarren urtean, aukeratzeko bigarren zikloan (3. eta 4. mailan) Ikus-entzunezko Komunikazioa lizentzia. Karrera honek espezializazio sakonagoa bilatzen du, telebista, irrati eta ekoiztetxeekin harreman estuan.

Informazioa eta Komunikazioa ikasiz gero, ikasleak lortuko du titulu bat Giza Zientzietan, komunikazio ibilbidean; eta Ikus-entzunezko Komunikazioa eginez gero, berriz, eskuratuko du lizentzia Ikus-entzunezko komunikazioan.

Ikasleren batek biak egin nahi balitu, aukera izango luke titulu biak lortzeko, urte bat gehiago eginda.

Oinarri sendoak

Ikasketa hauek oinarri sendoa izango dute HUHEZIn:

  • Hedabide askoren partaidetza. Euskal Herrian lanea diharduten hedabide asko eta asko gertu azaldu dira elkarlana sustatzeko ikasketa berrien inguruan.
  • HUHEZIren programa, Praktikak eta Karrera Amaierako Proiektuak eskaintzeko, beti ere inguruko enpresekin elkarlanean.
  • Urteetako eskarmentua Giza Zientzien eta Hizkuntzen prestakuntzan.

Eskaintza hau bete-betean kokatzen da HUHEZIren ezaugarrietan: euskaraz bizi gara, eta ikasketak eleanitzak dira (euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez); kooperatiba gisa; nazioarteari irekita; eta gertuko harremana zaintzen.

Erantzunak

Luistxo Fernandez
2004-03-23 : 11:48

Gaur hausnarketa eguna EHUko errektore hauteskundeetan.


Nik uste dut Kazetaritza fakultatean (Gizarte zientzien etc etc
fakultatean) ere hausnartuko dutela batzuek, kazetaritza euskaldunaren
formakuntza panorama aldatzera datorren notizia honekin...


Josu
2004-03-23 : 13:28

Izan ere goizeko kafea horren inguruan hartu dugu.

bordaberria
2004-03-23 : 14:14

> Nik uste dut Kazetaritza fakultatean (Gizarte zientzien etc etc

> fakultatean) ere hausnartuko dutela batzuek, kazetaritza euskaldunaren

> formakuntza panorama aldatzera datorren notizia honekin...



Kazetaritza Nafarroako Unibertsitatean (opusekoa) ere ematen da, han ikasi zuen NABAIko diputatua ere.

Ia MUk nafarroan beste ikasketa batzuk euskaraz ematen hasten den ere, eta NUPeko eta UPVko agintari espainarrak pikutara doazen.

Josu
2004-03-23 : 17:27

Deustuko Unibertsitateak Donostian duen Giza Zientziak Fakultatean ere

Giza Zientziak-Komunikazioa Lizentziatura jarri zuten martxan orain lau urte, kazetaritzari beste ikuspegi bat eman nahian (Teknologia berriak, etika...). Mariano Ferrer da bertako irakasleetako bat.





josi
2004-03-23 : 21:30

Panorama aldatuko dela irakurri dut, eta halaxe izango da, ez dago dudarik. Edozein kasutan, ez dakit panorama horrek eskainiko duen horizontea zein izango den. Eta arduratzen nau.

Subjektu berriak agertzeak beti dakar berarekin joko-zelaiaren barruan aldaketaren bat edo beste. Orain arte irakaskuntza publikoak izan du ikasketa horien kudeaketaren ardura. Gaur egun, urtero-urtero berrehundik gora ikasle berrik egiten du matrikula EHUn komunikazioaren euskarazko irakaskuntza hartzeko.

Gaurtik aurrera, irakaskuntza pribatuak lerro berri bat irekitzen du komunikazioaren irakaskuntza unibertsitarioan. Horrek aldatuko du panorama, jakina.

Eskaintza berriaren aurrean, galdera batzuk datozkit burura, eta ez dut erantzunik. Alegia:

1. euskaraz biziko den unibertsitate integrala hurbiltzen lagunduko al du Mondragoneko egitasmo honek?

2. lagunduko al du euskal lerroak sendotzen Mondragon barruan?

3. lagunduko al du euskarazko unibertsitate-irakaskuntza sendotzen Euskal Herrian?

4. izango al dute euskal kurrikulum bat garatzeko aukerarik fakultate berri horretan?

Galdera-moduan barik, amets-eskakizun moduan planteatu litezke lau horiek.

Ongi etorriak.

Josi

Erantzun

Sartu